Hizkuntza batez edo
bestez hitz egitean, maiz, erraz ahantzi ohi gara berori gorpuzten edota
mamitzen duen erabileraz; bai, hizkeraz ari naiz, hizketaz, pertsona edo giza
talde baten hitz egiteko eraz.
Berez, hizkuntzaren
aldaera lokala dugu hizkera, inguruko aldaerekiko ezaugarri ezberdin batzuk
dituena, eta goian aipatu dudan pertsona edo giza talde horren hizketan,
hizketaldian, gauzatzen dena. Hizketa hori hitz egiteko ekintza da, Saussure-ren
esanetan, gizabanakook hizkuntzaz egiten dugun erabilera zehatza, azken batean.
Eta hizkuntza, berriz, lengoaia dugu, giza talde bateko kideok elkarrekin
komunikatzeko dugun hitzezko adierazpidea, Saussure-ren arabera, bere
erabilerari berari kontrajarria; hots, hizketari kontrajarria.
Horrenbestez,
esatea dago hizkuntza eta hizkera elkarrengandik banaezinak bezain bereiziak
direla, elkarren kontrajarriak bezain osagarriak; hau da, ezin direla bata
bestea barik ulertu, eta, era berean, ezin direla bata eta bestea nahasi. Hori
ulertzeko nolabaiteko irudikapena egin beharko banu, olioaren eta uraren arteko
nahasketa irudikatuko nuke nik: biak batera ontzi berean, baina isurkari bat
eta bakarra osatu ezinik.
Euskararen
errealitatera jauzi egin eta bi kontzeptu horiek barneratzen ahalegintzen baldin
bagara, nolabait, lanak izango ditugulakoan nago. Esan liteke komunikatzeko
dugun hitzezko adierazpidetzat, hizkuntzatzat, euskara batua jotzen dugula
egun, batua baita gure hezkuntza sistemaren oinarri-oinarria, bai eta
euskalduntzearen nahiz alfabetatzearen funtsa ere; euskara baturik gabe, nekez
uler genezake gaur egungo Euskal Herri euskalduna, euskal hiztunon komunitatea.
Orobat, berezko euskal hiztunek dagiten euskararen erabilera barik ere
ulertezina litzateke euskal komunitate hori, azken finean, hizkera, hizketa,
hitz-mitza, berriketa edo hizketaldia bera baita hizkuntzari bizia ematen
diona, solaskideen arteko jardunean. Hortaz, esan liteke hizkuntzaz egiten
dugun erabilera zehatz hori, hizkera deritzoguna, tokian tokiko euskalki,
azpi-euskalki, aldaki edota azpi-aldakia dela egun, berori baita jatorrizko
hiztunen eguneroko harremanen oinarri-oinarria, bai eta hiztun berrien benetako
euskalduntzerako nahiz gizarteratzerako giltza ere.
Orduan, zergatik
diot lanak emango dizkigula euskal hizkuntzaren eta euskal hizkeraren arteko
bereizketa egiteak? Bada, egun, nire uste apalean, nahas-nahas eginda daudelako
biak ala biak. Izan ere, batari dagokion esparruan bestearekin topo egitea
eguneroko kontua bilakatu da, edo bilakatu zait, neuri behintzat, hainbat
testuingurutan. Saia nadin, bada, zer esan nahi dudan azaltzen.
Hizkera hizkuntzaren ordez
Euskara-irakasle
lanetan dudan eskarmentu luzeari esker, hainbat eta hainbat jardunaldi,
hitzaldi, ikas edo irakastaldi, batzar eta eztabaida-gunetan ibilia naiz, ezagun
zein ezezagun ditudan lankide askorekin kezkabide berean jardunean. Eta “lankide”
diot lanbide berekoak garelako, baina ez, halabeharrez, lantoki berean.
Bada, topaketa
horietako askotan, gehienetan esango nuke, lan-arazoren baten gainean eta
ezezagunen aurrean bada ere, beti hasten bat norbait bere herriko edo etxeko
hizkeraz eztabaidagaiari buruzko azalpenak edo kezkak ematen, eta, behin bat
hasita, beste bat eta beste bat jarraikitzen zaizkio, denak ere euren berba-moduan,
nor baino nor, ea zeinek egiten duen euskararik itxien, jatorren eta, nolabait
esatearren, “onena”. Tamalez, ez dira konturatzen jatortasunak bat etorri behar
duela egokitasunarekin, eta orduantxe bakarrik izango dela jardun hori benetan ona,
azken finean, zuzentasuna, egokitasuna eta jatortasuna baitira euskara onaren
hiru zutabeak; hiru tasunok batera azaltzean bakarrik omen da euskara ona
egiten, hirurok elkarren beharrean direlarik.
Ohikoa izaten da,
batez ere gazteen artean, batutik ihesi
ibiltzea, baina gauza bat da ahozko lagunen arteko jarduna, eta beste bat,
erabat ezberdina, maila profesional bati dagokion jarduna, izan ahozkoa edota
idatzizkoa berau.
Eta gazteak aipatu
ditudala, berorien ekintza askotan ere hartu ohi du hizkerak hizkuntzari
dagokion tokia; edo, beharbada, hain gazteak ez direnen ekintzetan ere bai.
Izan ere, herri mailako hainbat eta hainbat afixatan ikusten ditugu hizkeraren
arrastoak, tokian tokiko edota unean uneko “idazlearen” hizkeraren isla izan
nahi dutenak. Horrelakoek, maiz, arau gramatikalik betetzen ote duten albo
batera utzita, fonemen eta grafemen arteko harreman zalantzagarria ere izaten
dute, bai eta puntuazio ortografiko desegokia ere, zenbaitetan. Eta ez dut estu
hartuko whatsappetan-eta darabilten
gazte idazkera, lagunarteko esparruari baitagokio hori, baina jendaurrera
hedatzen diren ekintzetan agertzen dugun euskara idatziak, nire ustez, arauzkoa
eta zaindua behar du izan; hizkera barik, hizkuntza, alegia.
Hizkuntzari muzin, hizkerari etekin
Azken batean,
euskara idatziaz ari naiz, hizkuntza, gehienbat, idazmenari baitagokio, eta, lerrookin,
salatu egin nahi dut hizkeraren nolabaiteko inbasio hori euskara idatzian.
Hainbesterainoko lekua hartzen ari da hizkera hizkuntzaren berezko esparruan,
ezen nekez ikusiko baitugu, egun, gure herrietako kale-karteletan eta, euskara
batu zuzenaz idatzitako testurik, hein handiago edo txikiago batean, hizkeraren
aztarnak azalduko baitzaizkigu hor nonbait. Nik neuk nabarmen sumatzen dut
fenomeno hori Bizkai aldean, non lan egin eta bizi naizen, eta, beharbada
gainera, agerikoagoa izaten den nahasketa hori, bizkaieratik beretik batura
dagoen jauziagatik edo.
Izan ere, irudipena
izaten dut, sarritan, hizkuntzari (batuari)
muzin eginda, etekina atera nahi zaiola hizkerari, hizkera idatziak halako plus
bat izango balu bezala, nolabait esatearren, euskara hobe edo aberatsagoa
agertu nahi bailitzan jendaurrean. Baina, horrela jardunda, sekulako nahasketak
sortzen dira kartelok irakurtzen ditugunon begi-bistara, oso-oso zaila baita,
ezinezkoa ez esatearren, idazten den hizkeraren fonologia eta grafologia egoki
uztartzea, batetik, eta batuaren eta hizkeraren lexikoa bera edota adizkiak
nahasi ez eta zuzen idaztea, bestetik. Gainera, halako hizkera idatzi nahasiek
mesede eskasa dagiote inguratzen den irakurle kanpotarrari edota euskara (batua, oro har) ikasten ari denari.
Fenomeno horrek guztiak, zorigaitzez, badu berekin batera hedatu den
beste alderdi ilun bat ere: erdararen lexiko gero eta txertatuagoa herri
hizkeran, eta, ondorioz, orain, gero eta idatziagoa ere badena. Hori, baina,
bestelako kontutxo bat da, agian beste lerro batzuk mereziko dituena
aurrerantzean.