2017(e)ko urtarrilaren 4(a), asteazkena

HIZKERAREN GAINBALIOA

Hizkuntza batez edo bestez hitz egitean, maiz, erraz ahantzi ohi gara berori gorpuzten edota mamitzen duen erabileraz; bai, hizkeraz ari naiz, hizketaz, pertsona edo giza talde baten hitz egiteko eraz.

Berez, hizkuntzaren aldaera lokala dugu hizkera, inguruko aldaerekiko ezaugarri ezberdin batzuk dituena, eta goian aipatu dudan pertsona edo giza talde horren hizketan, hizketaldian, gauzatzen dena. Hizketa hori hitz egiteko ekintza da, Saussure-ren esanetan, gizabanakook hizkuntzaz egiten dugun erabilera zehatza, azken batean. Eta hizkuntza, berriz, lengoaia dugu, giza talde bateko kideok elkarrekin komunikatzeko dugun hitzezko adierazpidea, Saussure-ren arabera, bere erabilerari berari kontrajarria; hots, hizketari kontrajarria.

Horrenbestez, esatea dago hizkuntza eta hizkera elkarrengandik banaezinak bezain bereiziak direla, elkarren kontrajarriak bezain osagarriak; hau da, ezin direla bata bestea barik ulertu, eta, era berean, ezin direla bata eta bestea nahasi. Hori ulertzeko nolabaiteko irudikapena egin beharko banu, olioaren eta uraren arteko nahasketa irudikatuko nuke nik: biak batera ontzi berean, baina isurkari bat eta bakarra osatu ezinik.

Euskararen errealitatera jauzi egin eta bi kontzeptu horiek barneratzen ahalegintzen baldin bagara, nolabait, lanak izango ditugulakoan nago. Esan liteke komunikatzeko dugun hitzezko adierazpidetzat, hizkuntzatzat, euskara batua jotzen dugula egun, batua baita gure hezkuntza sistemaren oinarri-oinarria, bai eta euskalduntzearen nahiz alfabetatzearen funtsa ere; euskara baturik gabe, nekez uler genezake gaur egungo Euskal Herri euskalduna, euskal hiztunon komunitatea. Orobat, berezko euskal hiztunek dagiten euskararen erabilera barik ere ulertezina litzateke euskal komunitate hori, azken finean, hizkera, hizketa, hitz-mitza, berriketa edo hizketaldia bera baita hizkuntzari bizia ematen diona, solaskideen arteko jardunean. Hortaz, esan liteke hizkuntzaz egiten dugun erabilera zehatz hori, hizkera deritzoguna, tokian tokiko euskalki, azpi-euskalki, aldaki edota azpi-aldakia dela egun, berori baita jatorrizko hiztunen eguneroko harremanen oinarri-oinarria, bai eta hiztun berrien benetako euskalduntzerako nahiz gizarteratzerako giltza ere.

Orduan, zergatik diot lanak emango dizkigula euskal hizkuntzaren eta euskal hizkeraren arteko bereizketa egiteak? Bada, egun, nire uste apalean, nahas-nahas eginda daudelako biak ala biak. Izan ere, batari dagokion esparruan bestearekin topo egitea eguneroko kontua bilakatu da, edo bilakatu zait, neuri behintzat, hainbat testuingurutan. Saia nadin, bada, zer esan nahi dudan azaltzen.

Hizkera hizkuntzaren ordez

Euskara-irakasle lanetan dudan eskarmentu luzeari esker, hainbat eta hainbat jardunaldi, hitzaldi, ikas edo irakastaldi, batzar eta eztabaida-gunetan ibilia naiz, ezagun zein ezezagun ditudan lankide askorekin kezkabide berean jardunean. Eta “lankide” diot lanbide berekoak garelako, baina ez, halabeharrez, lantoki berean.

Bada, topaketa horietako askotan, gehienetan esango nuke, lan-arazoren baten gainean eta ezezagunen aurrean bada ere, beti hasten bat norbait bere herriko edo etxeko hizkeraz eztabaidagaiari buruzko azalpenak edo kezkak ematen, eta, behin bat hasita, beste bat eta beste bat jarraikitzen zaizkio, denak ere euren berba-moduan, nor baino nor, ea zeinek egiten duen euskararik itxien, jatorren eta, nolabait esatearren, “onena”. Tamalez, ez dira konturatzen jatortasunak bat etorri behar duela egokitasunarekin, eta orduantxe bakarrik izango dela jardun hori benetan ona, azken finean, zuzentasuna, egokitasuna eta jatortasuna baitira euskara onaren hiru zutabeak; hiru tasunok batera azaltzean bakarrik omen da euskara ona egiten, hirurok elkarren beharrean direlarik.

Ohikoa izaten da, batez ere gazteen artean, batutik ihesi ibiltzea, baina gauza bat da ahozko lagunen arteko jarduna, eta beste bat, erabat ezberdina, maila profesional bati dagokion jarduna, izan ahozkoa edota idatzizkoa berau.

Eta gazteak aipatu ditudala, berorien ekintza askotan ere hartu ohi du hizkerak hizkuntzari dagokion tokia; edo, beharbada, hain gazteak ez direnen ekintzetan ere bai. Izan ere, herri mailako hainbat eta hainbat afixatan ikusten ditugu hizkeraren arrastoak, tokian tokiko edota unean uneko “idazlearen” hizkeraren isla izan nahi dutenak. Horrelakoek, maiz, arau gramatikalik betetzen ote duten albo batera utzita, fonemen eta grafemen arteko harreman zalantzagarria ere izaten dute, bai eta puntuazio ortografiko desegokia ere, zenbaitetan. Eta ez dut estu hartuko whatsappetan-eta darabilten gazte idazkera, lagunarteko esparruari baitagokio hori, baina jendaurrera hedatzen diren ekintzetan agertzen dugun euskara idatziak, nire ustez, arauzkoa eta zaindua behar du izan; hizkera barik, hizkuntza, alegia.

Hizkuntzari muzin, hizkerari etekin

Azken batean, euskara idatziaz ari naiz, hizkuntza, gehienbat, idazmenari baitagokio, eta, lerrookin, salatu egin nahi dut hizkeraren nolabaiteko inbasio hori euskara idatzian. Hainbesterainoko lekua hartzen ari da hizkera hizkuntzaren berezko esparruan, ezen nekez ikusiko baitugu, egun, gure herrietako kale-karteletan eta, euskara batu zuzenaz idatzitako testurik, hein handiago edo txikiago batean, hizkeraren aztarnak azalduko baitzaizkigu hor nonbait. Nik neuk nabarmen sumatzen dut fenomeno hori Bizkai aldean, non lan egin eta bizi naizen, eta, beharbada gainera, agerikoagoa izaten den nahasketa hori, bizkaieratik beretik batura dagoen jauziagatik edo.

Izan ere, irudipena izaten dut, sarritan, hizkuntzari (batuari) muzin eginda, etekina atera nahi zaiola hizkerari, hizkera idatziak halako plus bat izango balu bezala, nolabait esatearren, euskara hobe edo aberatsagoa agertu nahi bailitzan jendaurrean. Baina, horrela jardunda, sekulako nahasketak sortzen dira kartelok irakurtzen ditugunon begi-bistara, oso-oso zaila baita, ezinezkoa ez esatearren, idazten den hizkeraren fonologia eta grafologia egoki uztartzea, batetik, eta batuaren eta hizkeraren lexikoa bera edota adizkiak nahasi ez eta zuzen idaztea, bestetik. Gainera, halako hizkera idatzi nahasiek mesede eskasa dagiote inguratzen den irakurle kanpotarrari edota euskara (batua, oro har) ikasten ari denari.

Fenomeno horrek guztiak, zorigaitzez, badu berekin batera hedatu den beste alderdi ilun bat ere: erdararen lexiko gero eta txertatuagoa herri hizkeran, eta, ondorioz, orain, gero eta idatziagoa ere badena. Hori, baina, bestelako kontutxo bat da, agian beste lerro batzuk mereziko dituena aurrerantzean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina