2017(e)ko apirilaren 23(a), igandea

EUSKALTEGIETAN, DENOK AZTERTZAILE

Euskararekiko azterketitisaren karietara, bada apurka-apurka ezartzen ari den beste handicap bat, beste erronka bat, datozen urteotan zeresan handia emango duena: titulua non/nork emana den. Izan ere, oraintsu arte, HABEren egiaztatze-azterketak era zentralizatu batean eta anonimotasuna nahiz objektibotasuna zainduz egin badira ere, gaur egun, ordea, euskaltegietara beretara eramaten hasiak dira horrelako probak, aurretiaz esaniko bi tasun garrantzitsu horiek zeharo neutralizatuz.

Dagoeneko A1 eta A2 atariko mailak ez ezik B1 maila ere euskaltegien esku daude, eta, datozen urteotan, urte gutxiren buruan, antza, gainerako B2, C1 eta C2 ere bai. Hau da, euskaltegiek berek burutuko dute maila guztiei dagokien proba, bere osotasunean, eta euskaltegiek berek emango dute titulazioa ere. Beraz, bakoitzak bere kontrol mailak, aztertokiaren baldintzak eta, zalantzagarriagoa dena, aztertzaileak ere ezarriko ditu ebaluatze ez eze egiaztatze prozesuan ere; denok, aztertzaile.

Oraintsu arte, dakigunez, egiaztatze ofiziala duten maila guztiek azterketa bat eta bakarra izan dute, eta berori, egun berean, unean uneko azterketariaren anonimotasuna gordeaz, eta aztertoki bat eta bakarrean ere egin izan da. Hartara, azterketari guztiek izan dute nolabaiteko bermea baldintza-berdintasunari dagokionez. Gainera, azterketa horren zuzentzaileak horretarakoxe beren-beregi prestatutako aztertzaileak izan dira, eta ez ikasle-azterketari horien irakasle-ebaluatzaile izandako berak. Hots, gorago esanda bezala, anonimotasuna zein objektibotasuna zaindu nahi izan dira, baina hori orain arte izan da; orain, itxuraz, anonimotasuna galdu eta ateak zabalduko zaizkio subjektibotasunari, alderik alde zabaldu ere.

Garbi asko dago, ebaluatze hutsaz haratago, irakasleak bere ikasleen egiaztatzea ere bere esku izateak gorabehera galantak ekar ditzakeela titulazioetan, eta, euskara pairatzen ari den titulitisa kontuan hartuta, zirkunstantzia horrek gure hizkuntzari ezer onik ekarriko ez diolakoan nago ni. Hau da, euskarak ez du edozein preziotan sortutako tituludunik behar, baizik eta benetako hiztun erabiltzaileak, nahiz eta beroriek egiaztatze-titulurik izan ez.

Egia esanda, euskara egiaztatze-maila batek edo bestek hainbesterainoko garrantzia hartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko gizartean behintzat, ezen prezioa ere jar dakiokeen titulazioa eskuratzeari, eta ez dirutan soilik, prezioa, gaur egun, hainbat espeziatan ere neurtu baitaiteke. Eta espezia edo ongailu horiek neurtzea irakasleon esku uzten baldin bada, aztertzaileen eta euskaltegien araberako mailak, titulazioak, azalduko dira han-hemenka. Horregatik diot, titulua nork eta non ematen duen, subjektibotasuna gailendu egingo dela. 

Pentsatu nahi dut, ordea, nolabaiteko neurriak hartuko direla, HABEk hartuko dituela, euskararekiko egiaztatze-sistema deskredituan jausi ez dadin, akreditatzea helburu. Europako ALTEk, nolanahi ere, zeresana izango du honetaz guztiaz.