2017(e)ko irailaren 27(a), asteazkena

ERGATIBITISA

Euskara ikasirakasten gabiltzanon artean, badakigu gaur egun egiten den euskararen kalitatea ez dela nahi adinakoa; badakigu, edo hala pentsatu nahi dugu, oraingo euskara ez dela garai batekoa bestekoa. Eta kalitate gabezia horren erakusgarri, ergatibitisa dugu, oraingo euskaldun komunitateak pairatzen duen ageriko gaitza. Gaitz guztiak bezalaxe, bakarrik ez datorren gaitza dugu, bai, baina beroni baino ez diot erreparatu nahi oraingoan: ergatibitisa, ergatiboa gaizki erabili edota nominatiboarekin nahastean datzan erabilera txarra.

Zerk sortzen du ergatibitisa, baina? Zer dela eta kostatzen da hainbeste ergatiboaren erabilera zuzena? Oraingo kontu berri samarra da, ala betidanikoa, ordea? Erantzuten errazak ez diren hiru galdera ditugu, egia esanda, baina askotariko euskaldunen artean bizi garenok, nolabait, badaukagu pistaren bat beroriei erantzuteko.

Ni neu euskaldun berria naiz, laurogeiko hamarkadan euskalduntzen hasi eta oraindik ere euskalduntze bidean ari naizena; izan ere, sekula amaitzen ez den prozesua da hizkuntza oso batez jabetzea bera, nik uste. Eta bizi, gehienbat euskaraz bizi naizela esan badaiteke ere, euskararen eta gaztelaniaren arteko elkarbizitzan ari naizela esatea egokiagoa litzateke; azken batean, inguruan euskaldun zahar, euskaldun berri eta erdaldun hutsak izaten ditut ia egunero. Eta horiek hiru multzo baino ez egitearren, berorien azpikategorietan sartu barik.

Gauzak horrela, aspaldion, ergatiboarekiko erabilera okerrak, nik ergatibitisa deritzodanak, kezkatu eta haren arrazoiak bilatzera bultzatu nau. Eta, horretarako, hainbat euskalduni, zahar zein berriri, galderak eta iruzkinak egin dizkiet euren euskalduntasunaz, edota euren hurbileko ahaideenaz ere bai, guraso eta seme-alabenaz, batez ere.

Bada, jaso ditudan erantzun eta iruzkinen karietara, ausartuko nintzateke esatera erdarak, gaztelaniak, sortzen duela ergatibitisa; edo, hobeto esanda, euskaldunak berak gaztelaniarekin duen harremanak sortzen duela. Gainera, harreman hori zenbat eta trinkoagoa izan, orduan eta ergatibitis akutuagoa edo handiagoa pairatuko du euskaldunak; hortaz, gaztelaniatik eratorria den euskaldun berriak aukera gehiago eta handiagoak izango ditu gaitza sufritzeko berezko euskaldunak baino.

Kontuan izan behar dugu gaztelaniak, ezta frantsesak edo beste edozein hizkuntza erromantzek ere, ez duela ergatiborik edo haren funtzioa betetzen duen desinentziarik. Erromantze horiek, preposiziodun hizkuntzak izanik, aspaldi galdu zuten latin deklinabidedunak lagatako herentzia. Eta, hortaz, gaztelaniaren eta euskararen artean bizi den euskaradunak (euskaldunak?) hizkuntz transferentziak izaten ditu nagusia den hizkuntzatik gutxitua denera, gaztelaniatik euskarara, alegia; ezin da ahantzi gaztelaniak euskaldunaren bizimoduan duen presentzia ikaragarria dela, aurrez aurreko norbanakoen harremanaz haratago, nagusiagoa baita gaztelania hedabideetan, sare sozialetan eta abarretan.

Beraz, euskaldunaren bakartzea edo nolabaiteko ghettoratzea gertatu ezik, nekeza izango du euskaldun horrek ergatibitisik ez pairatzea; akaso, euskaldun komunitatearen isolamendua izan liteke gaixotasunaren aurkako txerto bakarra. Eta, halaber, arestian egin dudan hirugarren galderari ere erantzun nahian, esatea dago kontu berri samarra dela ergatibitisa, edo, bestela esanda, gure gizartean zenbat eta atzerago jo, hainbat eta arraroagoa izan dela gaijtz hau, gure arbasoak bakartuago bizi baitziren antzina.

Zalantzarik ez dago globaltasunak eta mestizajeak, erdaldunekin oro har, baina gaztelaniadunekin bereziki, sorrarazi dutela ergatibitisa. Orain, jakin behar dugu erabat ezabatu edo erauzi behar dugun ala berarekin elkarbizitzen ikasi behar ote dugun, eritasun kroniko bihurturik. Izan ere, nork nahi ote du gizarte postmoderno honetan bakarturik edo bere singulartasunean bakarrik bizi, kanpotiko ezelako mestizajerik edo kutsatzerik gabe? Azken galdera honi euskaldun bakoitzak erantzun beharko lioke, ezbairik gabe.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina