2023(e)ko uztailaren 15(a), larunbata

IKURRIN

Bitxia da ikurrina niretzat. Ez zait bereziki bitxia iruditzen, ez deritzot bitxi(a), alegia, baina bitxia da, niretzat.

Lehenengo begiratu batean, behintzat, zalantzagarria gertatzen zaigu haren idazkera euskaldunoi; gutako gutxik daki hitzaren azkeneko -a hori ez dela organikoa, artikulua dela, eta azken duen kontsonantea ez dela –ñ-, -n- baizik. Hau da, ez dela ikurriña bat esan edo idatzi behar, ikurrin bat baino.

Polemikoa ere ba omen da haren sorrera. Asmatutako (eta hainbatek dioenez ezarrarazi edo inposatutako) euskal ikurra omen. Agidanez, Britainia Handiko banderaren kopia hutsa da, Sabin eta Luis izeneko euskal naziozale anaiek asmatua. Eta, egun, geurea baino ez ei da ikurrina; Euskal Herriko ikurrina, Euskadikoa, EAEkoa... Baina Espainiakoa, Frantziakoa edota Alemaniakoa banderak dira, ez ikurrinak; ezta Nafarroakoa ere.

Nik neuk ez dut inoiz ikurrinik eduki. Bakar bat ere ez. Ez dut inoiz bizkarrean ikurrinik eroan, ez naiz inoiz batean bildu, ez eta airean bat astindu ere. Ez dut halakorik gogoan, behintzat. Agian gazte-gaztetan Athleticek azken liga edo kopa hura irabazi eta herrikideekin batera animatu eta harrera egitean bai, ez dakit, baina ez dut uste. Ez daukat ezer ikurrinaren kontra, ez pentsa, baina ez naiz inoiz banderazale edo ikurzale izan. Eta paparrean ere ez dut uste inoiz bat itsatsirik eraman dudanik agerian. Garai batean, Amnistiaren aldeko pin eta eransgailuak bai, baita antinuklear eta Euskal Herrian Euskarazekoak ere, eta agian tartean ikurrinen bat azalduko zen, noski, baina ikurrina bera eta berez, ez.

Kontua da igaran egunotan Frantziako Tourra igaro dela herritik, eta semeak halako bat ekarri du etxera; ikurrin bat, alegia. Poz-pozik heldu da etxera bere nerabean, ikurrina eskuan. Lagunekin joan da txirrindulariak karraderan pasatzen ikustera eta, auto batetik edo, berak esanda, ikurrinak banatzen ibili dira. Berak eta lagunek bana hartu eta astintzeari ekin diote txirrindulariak pasatzeaz bat; ondo pasatu dute, disfrutatu egin dute, antza.

“Euskaraz animatu dituzue?”, galdetu diot nik. Eta “guk bai” erantzun berak. Eta erantzun horretan igarri diot zertxobait gehiago esan nahi izan duela “guk bai” horrekin; hau da, erdararik ere entzun dela (eta euskara baino dezente gehiago, esango nuke nik) ikurrinak astintzen zituztenen ahotatik.

Gerora, Tourra Hego Euskal Herritik abiatu eta Ipar Euskal Herria zeharkatu ostean, etapa bana irabazi dute bi euskal txirrindularik, eta komeriak ikusi eta irakurri ahal izan ditut sarean, Tourrak berak Espainiako bandera lehenengo, eta ikurrina gero, “ezarri” dielako webgunean. Eta afera horrexek ekarri nau teklatura oraingoan, semearena ere gogora ekarrita. Izan ere, hain da handia ikurrei diegun gurtza, eta, aldi berean, hain txikia begitantzen zait hizkuntzari diogun atxikimendua. Bilgarriaren eta edukiaren arteko betiereko harreman gatazkatsua, nonbait.

Tira, bejondeiela Pello Bilbao eta Ion Izagirre txirrindulari euskaldun handiei, eta eskerrik asko euskara podiumaren gainera eraman izanagatik.