Urte askoko
jazarpen eta pertsekuzioaren ondoren, Espainiara demokrazia iristearekin
batera, euskarak koofizialtasuna lortu zuen gaztelaniarekin Pirinioetako alde
honetan, Hego Euskal Herrian, eta, harekin batera, susperraldi luze bezain
konplexuari ekin zion, denok dakigunez. Prozesu horretan, ardatzetako bat izan
da beti euskalduntzea (edota berreuskalduntzea).
Bada,
dagoeneko hamarkada batzuk igarota, hezkuntza-sistemako D eredua akuilu, badirudi
jakite-maila dezentekoa erdietsi dela gizartean. Ezin gauza bera esan, ordea,
erabilerari dagokionez, denon begi-bistakoa baita, euskaradun gehiago sortzen
den hein berean edo antzekoan, erdaraz bizi den euskaldun gehiago ere ari dela
agertzen. Nolabait esatearren, euskaldunak eta euskaradun hutsak bereiztera
garamatza egoera honek, eta, horren ildora, komeniko litzaiguke geure buruari
galdetzea nor eta zertarako euskaldundu behar/nahi dugun.
Izan
ere, azken ia lau hamarkadotan, hiru jende multzo ezberdin ibili gara
euskalduntzen, nik uste. Eta, jakina, euskaltegiko irakaslea naizen aldetik,
bertako ikasle-tipologiaz ari naiz hiru ikasle mota horiek aipatzean, kontuan
harturik Bilbo metropolitarreko euskaltegi batean ari naizela lanean.
Lehenik,
lehenengo jende-multzo edo ikasle-tipologian, laurogeiko hamarraldian
gehienbat, bai eta laurogeita hamarreko lehenengo urteetan ere, euskaldundu
gintuzten edo ginenok gaude. Sasoi hartan, diktaduratik demokraziarako jauzian,
gizarteak bultzatuta eta kontzientziarazita ikasi genuen euskaraz. Gutako askok
garbi genuen arbasoen hizkuntza eta identitatea ukatua zigutela eta, behar
beste ahalegin eginda, berreskuratu egin behar genuela euskalduntasun hura.
Horrexegatik, hain zuzen, joaten ginen euskaltegira euskaraz eta euskal
kulturaz jabetzera: Euskal Herrian bizitzekotan, euskaraz biziko ginen. Hau da,
euskara behar genuen geure identitatea osatzeko; ez genuen “euskaldun” egingo
gintuen titulaziorik behar, eta orduko ia titulazio bakarrak, EGA zorionekoak,
ez zuen gaur adinako pisurik edo garrantzirik gizartean. Bestalde,
irakaskuntzan, D ereduak indar txikia zuen artean, baina aurreikusten zen,
gutxika-gutxika, gero eta eskari handiagoa izango zuela euskaraz eskolaratzeak.
Bigarrenik, batez ere, laurogeita hamarreko hamarkadan zehar euskaldundutakoak
(edo euskara ikasitakoak) ditugu. Trantsizio politikoaren urte iskanbilatsuak
apalduta, euskararen inguruko erakundetzeak titulazioak jarri zituen
administrazioa euskalduntzeko ardatz. Zorioneko hizkuntza eskakizunak eskatzen
ziren (dira) erakundeetako lanpostuetan, eta, hala, euskara ikastea bestelako
balioa hartzen hasi zen, baita nolabaiteko kezka eta beldurra pizten ere, batik
bat, administrazioko langile erdaldunen aldetik. Titulazioak, hortaz, gainbalio
bat eskuratu zuen, euskal kontzientziaren, identitatearen eta, azken batean,
euskalduntasunaren beraren gainetik. Halere, artean, baten batzuek arrazoi biengatik
ikasten zuten euskara: euren nortasuna sendotzeagatik nahiz lan-mundurako
praktikotasunagatik. Irakaskuntzan, bere aldetik, gero eta ikasle gehiago
apuntatzen ziren (zituzten) D eredura, eta ume askok eta askok euskarara
birziklatutako irakasleak izaten zituzten gidari, haietako bat baino gehiago,
aurretik aipatu dudan bezala, kezkaz, beldurrez edota amorrazioz ere
kutsatutako administrazioko langileak zirelarik.
Eta, hirugarrenik, laurogeita hamarreko azken urteetatik eta
gaurdainoko euskara-ikasleak ditugu. Berauek, oro har, oso garbi dute zergatik
edo zertarako ikasten duten euskara: lan-munduan, batez ere administrazioan,
puntuatzeko edo lanpostua hobetzeko. Ez dute, ordea, ezelako atxikimendurik
euskararekin, ez eta Euskal Herriarekin berarekin ere. Aitzitik, nolabaiteko
ernegua eta mespretxua ere erakusten dute euskara ikasi “behar” izateagatik;
beste erremediorik ez dutelako, behartuta-edo ikasten dutela diote, eta
bizimodu hobe edo erosoagoa lortzeko erreminta hutsa besterik ez da euskara
beraientzat. Ikasle horietako asko, bitxia bada ere, eskola garaian D ereduan
(edo Bn ere bai) ikasitakoak dira, eskolarako tresna izatetik, egun,
lan-merkatuan sartzeko lanabes bihurtu dutenak euskara.
Gauzak horrela, agian bada garaia pentsatzeko ez ote garen ari ahalegin
eta diru gehiegi inbertitzen (zarrasteltzen?) erdaldunak euskaldundu nahian,
eta, horren aitzakian, ez ote dugun gehiegi deskuidatzen euskalduna bera,
euskaldun izango ez diren euskaradunak sortuz. Irudipena baitut beti erdalduna
izaten dugula euskalduntze prozesu ororen ardatz, berezko euskaldunak
erdaldunduz doazen bitartean, eta, ondorioz, dugun errealitatea sustatuz: zenbat
eta euskaradun gehiago, hainbat eta euskaldun gutxiago; hots, gero eta
euskara(z) ikasten duen jende gehiago, baina, hein berean, gero eta
erabiltzaile gutxiago. Bai ote?
Nire uste apalean, eta zinez diot nirea bezain uste apalik ez dagoela, euskaldun
guneak babestu beharra dago. Eta, erdal mundua gurera hainbeste erakarri
beharrean, agian, euskal mundua gehiago sustatuz, goraipatuz, bermatuz…
geureganatuko ditugu, berez, benetan euskaldunduko diren erdaldun horiek. Hau
da, euskalduna saritu eta mimatu beharra dago, ondoan dugun erdaldun elebakar
hori (edo euskaradun hori) anima dadin sariaren bila etortzen, mimoak
bereganatzen.
Euskararen errealitate gordina ez da erraza onartzen, zalantzarik gabe.
Baina onartu egin beharko dugu, behingoz, erdaldunak ez duela euskara
salbatuko, ezta gure jendartearen balizko elebitasun diglosikoak ere. Onar
dezagun, esaterako, euskaltegiak, inguru metropolitar honetan behintzat,
akademia hutsak direla, eta nekez ekarriko dutela euskaldun gehiago gure
artera; euskaradun tituludunak, ostera, bai, dezente. Euskalduna da, hemen,
derrigorrezko elebidun bakarra, eta, erdaldun elebakarrarengandik babestu ezik,
jai du euskalduntasunak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina