2016(e)ko abenduaren 14(a), asteazkena

AKATSAK NATURALTASUNA BEHAR DU

Mingaina hitz egiteko darabilgunok ezinbestean izaten ditugu akatsak geure jardunean; hori ukaezina da. Hizkerak propio dituen akatsak dira horiek. Akatsa, berez, ahozkotasunari dagokio, bat-batekoa delakoa, naturala delako. Eta, naturala den heinean, onartu beharrekoa ere bada, jardun natural eta akastun hori komunikatiboa ere bada eta. Baina akats artifizialik ere bada, eta horiek oztopatu egiten dute komunikazioa; akats artifizialak ez dira komunikagaitasunaren zati, izan ere.

Idaztean egiten diren akatsak, ordea, bestelakoak dira. Idazten dugunok ez dugu (edo ez genuke) zertan akatsik egin geure jardunean; horri ere ukaezina deritzot nik. Hizkerak ez bezala, hizkuntzak berezko behar luke zuzentasuna, akatsa ez baitagokio idazmenari. Zergatik? Bada, idatzizko akatsa ez delako naturala, ez delako bat-batekoa, idatzi aurretik hausnatu den jarduna baizik; idazleak denbora izan du aldeko, hiztunak ez bezala (eguneroko bat-bateko elkarrizketez eta abarrez ari naiz, jakina, ez aurretiaz prestatutako hitzaldiez eta).

Azken finean, erregistro eta era ezberdinak behar dituzte mintzamenak eta idazmenak, hizkerak eta hizkuntzak. Irudipena dut, baina, ez dela bereizketa hori egiten, ez dela horrela irakasten; agian, irakatsi aurretik, ikasi egin behar delako bereizten, batek daki.

2016(e)ko azaroaren 26(a), larunbata

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNAZ

Datorren astean, gaur zortzi, ospatuko omen dute hainbatek euskararen nazioarteko eguna, atzera ere. Urtebetegarrenean, beste behin ere lelo berberak entzuten, adierazpen hutsalak eta asmo ustelak lau haizeetara zabaltzen. Baina Euskal Herriak, Euskaldunon Herriak, ez luke bereziki ezer ospatu beharrik, eta bai, ordea, normaltasunez jardun bere egunerokoan, euskaraz; Frantzia eta Espainia estatuen baitan, baina euskaraz; Le Pays Basque edota PaĆ­s Vascoren aldamenean, baina euskaraz; urteko gainerako 364 egunetan bezalaxe, euskaraz.

Nire ustez, Euskal Herriak ez du bere izana, bere existentzia, ospatu beharrik. Egunero euskaldun sentitu eta euskaraz biziz, euskaldunak ez luke zertan nazioarteko aldarrikapenik egin, baina, abenduaren 3a erakundetu eta euskararen nazioarteko eguntzat hartzen denetik, denok, euskaradun nahiz euskaragabe, herri oso baten aldarrikapena egiten bide dugu. Benetan hala al da, baina? Hala behar al du izan?

2016(e)ko azaroaren 17(a), osteguna

ERDALDUNAK BA OTE DAKI ERDARAZ?

Euskaldunoi eskatzen zaigu euskaraz badakigula egiaztatzeko; erdaldunei, ordea, ez zaie erdaraz ba ote dakiten frogatzeko eskatzen. Euskaldunok lortu behar dugu zorioneko titulu edo egiaztapena; erdaldunek, baina, ez dute EGAren edo dena delakoaren pareko egiaztapenik ere, eta, jakina, euren hizkuntzan halakorik egiaztatu beharrik ez. Baina, benetan, erdaldunak ba al daki erdaraz? Ba ote du behar adinako maila bere ama-hizkuntzan?

2016(e)ko azaroaren 12(a), larunbata

GAZTELANIAKADAK ZER OTE?

Egun, badirudi gaztelaniarekiko antza duen euskarazko edozein egitura erdarakadatzat jotzen dugula berehala; erraza da euskal hiztuna gutxiestea "hori erdarakada da" egotzita, batez ere, hiztun hori euskaldun berria baldin bada. Baina zer ote da gaztelaniakada? Edo zergatik ematen dugu egitura bat edo beste halakotzat?

2016(e)ko azaroaren 6(a), igandea

BEHARTU eta ARAZI

BEHARTU aditzak, testuinguru inpertsonaletan izan ezik, NOR-NORK idizkiak eskatzen ditu beti, eta, ekintza adierazteko, -T(Z)ERA aditz-izena ere bai. ARAZI aditzak, ordea, bestelako portaera izaten du, funtzio arazlea betetzen duen elementua agertu beharko baitu ezinbestean; gainera, betiere, ekintza adierazten duen aditzari itsatsirik edo enklitiko idatzi beharko dugu. Hona hemen batetik bestera pasatzean dauden aldeak ikusaraziko dizkigun ariketatxoa.

EGA AZTERKETAN ESKATZEN ZIREN SINONIMOAK

Euskararen erabileran, gero eta ohikoagoa da erdal hitzak entzutea euskaldunon ahotik; adibidez, inportante garrantzitsuren ordez, kartzela eta ez espetxe, edota kurtso ikastaro esateko. Eta, horrek, ezbairik gabe, eskastu egiten du euskara bera, euskararen aberastasuna. Agian, euskal lexikoari gehixeago erreparatu beharko genioke, eta, horren harira, gogora etorri zaizkit EGA azterketan lehen eskatzen ziren sinonimoak, orain, testuinguruan txertaturiko baliokideak direnak. Sinonimia lexiko-aberastasunaren seinale da, azken batean.

2016(e)ko urriaren 1(a), larunbata

HASTEKO, NOR NAIZEN

Gizaki orok ei du bere nortasuna, denok omen gara norbait. Izan ere, nordun izakiak gara gizakiok eta, nahitaez, harat-honat ibiltzen dugu identitate hori, garen hori.

Izen-deiturak, baina, emanak datozkigu, ezin hautaturik, eta geure nortasuna jendaurrean agertu beharra dugunean, maiz, bestelako izendatzea nahi izaten dugu, zer-nor garen hori hobeto-edo azalduko dugulakoan. Gainera, gure benetako izen-abizenek badute gainkarga bat, arbaso eta senideek utzi digutena, eta, gure identitatea haiekin plazaratzean, nolabait, gainkarga hori itzuli egin ahal diegu ahaide horiei guztiei, onerako zein txarrerako. Agian, horrexek garamatza beste izendapen hori, goitizena edo dena delakoa, hartzera.

Nik neuk Alkarterri hautatu nuen bere garaian, orain urtetxoak direla. Hamarraldi batzuk atzera, eta artean Bizkaiko Las Encartaciones euskaraz izendatzeko egungo Enkarterri oso ezaguna ez zela, nik Alkarterri aldarrikatzen nuen inguruko euskaldunen artean neure sorlekua izendatzeko, etimologikoki eta nolabaiteko hizkuntz garbitasunari begira, behintzat, egokiagoa zelako ustetan. Harrezkero, Alkarterri izaten hasi nintzen hainbatentzat, eta, gerora, jendaurreko nortasuna agertu beharrean izan naizenean, izen hori berori hautatu dut, inorenganago zipriztinik gabeko nortasuna eraiki guran.

Hortaz, Alkarterri ez da leku bat, ez da ezer, baina bada norbait; neu naiz Alkarterri.