Lagun batek aspaldi
esaten zidan geu ginela euskaldun berrien azken belaunaldia. Haren ustez,
geroztik, euskaldun berri gutxitxo sortu dira, hainbat arrazoi tarteko. Eta,
egia esanda, begiratua atzera eman eta lagunak arrazoi zuela pentsatzen hasia
nago neu ere.
Sasoi hartan,
laurogeiko hamarkadan, baita laurogeita hamarrekoaren lehenengo erdian ere,
gizartean bizi izaten genuenak euskaltegira bultzatzen gintuen gazte erdaldunok,
euskaltegiak euskaradun bihurtu eta gu geu euskaldundu egiten ginen. Euskara(z)
ikasteaz gain, euskal kulturaren zantzuak behintzat, euskaldunen balioak eta
bizimodua ere geureganatzen genituen, dena batera eta guk nahita; lau paretaren
arteko eskolez gain, euskara bizia ere ezagutzen genuen, herri euskaldunetara,
kultur ekitaldietara eta abarretara joanda.
Harrezkeroko
belaunaldiek, ordea, modu aseptikoago batean ikasi dute euskara. Euskal munduak
eragin litzakeen zirrara eta sentipenetatik at ikasi dute, hizkuntza soil gisa,
eta funtzio eta helburu ia bakarra dutela: euskara-egiaztapena eskuratzea,
titulazioa. Apurka-apurka, gainera, askozaz ere tresna eta aukera gehiago izan
dute euskara eskura izateko; direla euskarazko hainbat eta hainbat hedabide eta
ekintza, edo dela, nagusiki, eskola publikoko D eredua. Guk izan ez genituen
lanabesak, alegia.
Hala ere, aldeko faktore askoz gehiago izan arren, badirudi inplikazio
gutxiago eta atxikimendu eskasagoa dutela euskal munduarekiko; bereziki,
euskara eta euskal kulturarekiko. Izan ere, euskara jakitea (ez euskaraz jardutea) Administrazio
publikoan lanposturen bat edo beste eskuratzeko erreminta hutsa dute; ez dute
ezertarako ere baliagarritzat jotzen, oposizioetan hainbat puntu lortzetik
harago; lotsagarri eta barregarri deritzote eguneroko harreman pertsonal eta
sozialetarako erabiltzeari; ez dira euskaraz jakiteagatik harro sentitzen, eta
are gutxiago euskaraz bizitzera animatzen; EUSKARADUN estatusa erdietsita, bost
axola zaie EUSKALDUN izatea edo ez.
Bada, horretan
guztian, zeresan handia du jendarteak eta, jakina, agintean ditugun
mandatariek. Izan ere, garai bateko gizarteak berak bultzatu bagintuen gu euskaldun
izatera, oraingoak ez dirudi berdin jokatzen duenik, eta euskaraDUN izate
hutsarekin, hau da, nolabaiteko euskalduntze estatistikoarekin, nahikoa eta sobera
dela ematen du. Gazteek (eta inguru nahiz
familia erdaldunetako gazte euskaldun berriez ari naiz, noski) motibazioa
behar dute euskaraz jarduteko, gizarteak xaxatu ditzala eta kontzientzia
harraraz diezaiela behar dute, baina, antza denez, ez dute prestigiodun
erreferente euskaldunik topatzen, imitatzera eta euskaldun jokatzera bultzatuko
dituenik. Eta, bitartean, nagusituz doaz eta euskara bazter utziko dute behin
betiko; beste belaunaldi bat galduta euskararentzat.
Eta, orain, guraso garen garai hartako euskaldun berriok lan nekeza izaten
dugu gure ondorengoak euskaldun izan daitezen, euren gizartean nolabait euskaraz
bizi dadin. Horregatik diot lagunak arrazoi zuela, euskaltegietan nahiz eskola
publikoetan, oro har, euskaldun berriak bainoago euskaradun berriak
sortzen ari garela uste dudalako; estatistikak betetzeko balio duten tituludun
berriak, alegia, politikoki (batzuentzat)
zeinen ondo ari garen zuritzeko balio duten datuak, azken finean. Datuok, baina,
ez dute Euskal Herria iraunaraziko.