Interesgarria iruditu zait aspaldion #ArnasDezagun (@ADezagun) guraso taldeak zabaldu duen ezbaia ume euskaldunen eskolaratze-irizpideen inguruan. Areago, azken irakurri dudan #AsierEtxenike (@Etxenike_) soziologoaren iritziarekin, esaterako, bat natorrela esango dut, oro har; baina, aldi berean, kezka-iturri begitantzen zait umeari atxikitako “euskalhiztun” kalifikatibo hori, horrela, hitz bakarrez idatzi eta irakurrita. Izan ere, ez dakit zer irizpide erabilita atxiki dakiekeen adjektibo hori gure umeei, bereziki, gurea bezalako gizarte poliedriko honetan, linguistikoki hitz eginda.
Eskolan ume euskalhiztunak ez sakabanatzea da guraso-talde horren aldarrikapen nagusia, horrela ekidin, edo zaildu behintzat, egingo baita ume euskaldunen erdalduntzea berez hegemonikoki erdalduna den euskal jendartean. Eta ados nago irizpide horrekin, gorago esanda bezala. Baina, eta zera da gakoa, zer edo zein da ume euskalhiztuna?
Aurretiaz, guraso biak euskaldun izan eta familia giroan (beti?) euskaraz egiten dutenak, bederen, badira ume euskalhiztunak, baina kasuistika handia dago halakoen artean ere, eta, dakigunez, txuri guztiak ez dira irin izaten. Neuk, behintzat, oso maiz ikusentzuten ditut euskaldun (eta teorian oso euskaltzale) diren gurasoak erdaraz egiten, baita euren artean ere, eta kontrakoa ere bai: berez erdaldun jatorria izan eta euskaldundutakoan (beti?) euskaraz egiten dutenak, alegia. Zer dira halakoen umeak? Zein dira euskalhiztunagoak zein baino?
Askotan, irudipena dut oso erraz kalifikatzen ditugula batzuk eta besteak geure aurreiritzien arabera, baina errealitateak, ordea, gauzak ez direla horrela esaten digu, setati esanda ere. Guraso euskaldun, zortzi abizen euskaldun, eta inguru “euskaldun” batean hazi eta bizi diren umeak, berez, euskalhiztunak ote diren inork ez du zalantzatan jarriko, baina, adibidez, gurasoetako bat erdaldun, lehenengo bi edo lau abizenak erdaldun eta inguru erdaldun (edo euskaldun) batean hazi eta bizi den umea zer ote da? Erdalhiztuna, derrigorrean? Ezin al da aurreko horiek bezain euskalhiztuna izan?
Ume txikiak eskolaratzeko unean, ezin zaie aurretik jarraipen bat egin normalean euskaraz jarduteko ohitura daukaten edo ez jakiteko, eta ohikoena da gurasoen esana sinetsi beharra portaera hori neurtzeko. Baina gurasook badakigu gezurra esaten, ezta? Guraso gutxik onartuko luke, besterik gabe, erdararako joera duenik, nahiz eta baduela jakin, eta, berezko guraso euskaldunen artean ere, hainbatek nekez onartuko luke euskaldun komunitatera sartu berri den eta batua baino ez dakien bat beraiek bezain euskaldun denik. Nik neuk, behinik behin, irudipen hori dut
Tira, ez dut gaiaz polemika sortzeko asmorik, eta ez nuke inork gaizki interpretatzerik nahi, baina uste dut, ni bezalaxe, asko eta asko kezkatuko liratekeela eskola batek edo bestek (nork?) gure umeak euskalhiztuntzat jo (edo ez) beharko balitu. Eta, hortaz, zilegi bekit kezka aireratzea, behintzat.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina