2018(e)ko urtarrilaren 27(a), larunbata

BAI ala EZ?

Lehengo batean, honelako galdera itxia egin zidaten solasaldi batean: “Zure ustez, euskara galduko da, bai ala ez?” Modan dira orain horrelako itaunak, dena txuri edo beltz izan beharrekoak; dagoeneko grisik ez da, antza. Hau da, ezin erantzun segun, ez dakit zeren arabera, baldin eta, edo horrelako formulismo eskakeatzaile batekin hasita. Ihardespen biribila nahi zuten galdetzaileek.

Kontua da premisa baten gainean ari ginela: gero eta jende gehiagok daki euskaraz, baina, hein berean, gero eta gutxiagok ere erabiltzen omen du euskara eguneroko bizimoduan. Eta zer da euskara, azken batean? Bada, bizimodua bera, gurea. Hortaz, pentsatzekoa da galdu egingo dela, ezinbestean. Ondorioztapen erraza, ezta?

Eguneroko bizimoduan erabiltzeaz ari garela, dena den, argi eta garbi utzi behar dugu ez garela kalean jendaurrean egin ohi dugun erabilera sinple eta azaleko horretaz ari; ez horixe, haratagokoa baita erabilpena, nik uste. Egunerokoak, edo egunerokotasunak, nahiago bada, askoz ere esparru zabalagoa biltzen du begien eta belarrien aurrean dugun hori baino; norberak ez bestek ezin kontrola dezakeen eremu intimoa ere bada egunerokoa.

Izan ere, ez dakit nik ba ote dagoen euskara hutsez, euskaraz baino ez, bizi den edo bizi daitekeenik. Hau da, egunero eta egun osoz, euskara ez den beste ezein hizkuntzaz ezelako jarduerarik ez duen inor ba ote da? Ez hitz egin, ez entzun, ez irakurri, ez ezer euskaraz baino? Gaitza begitantzen zait niri halakorik, ezinezkoa ez esatearren.

Baina, hain muturreko jarri barik ere, irudipena dut begiek eta belarriek engainatu egiten gaituztela askotan. Kalean, parkean, komertzioetan edota dena delako tokian euskaraz jardun arren, euskaldun askotxok erdara behar/nahi dute (dugu?) intimitatean, dela gure etxeko lau pareten artean, dela norbere buruarekiko jardunean.

Horregatik guztiagatik, hain erantzun kategorikoa eskatzen baldin bazait euskararen etorkizunaz, nik baiezkoa eman behar, galdu egingo dela, alegia. Ez da, halere, bihar-etzi galtzekoa izango, kanta hark zioen bezala, euskara ez baita galduko ni (gu) bizi naizen (garen) artean, baina, lehenago ez bada, geroago bai, desagertzera kondenaturik dagoela ematen du. Eta zuk zer uste duzu?

2018(e)ko urtarrilaren 12(a), ostirala

EUSKALTEGIAK EZ DU EUSKALDUNTZEN

Gabonalditik bueltan, ikasle-irakasleok hogei bat egunean elkar ikusi barik, ohikoa izaten da lehenengo eskolan egun horietan zer egin dugun komentatzea. Halaxe egin dugu aurten ere lankideok, nork bere ikasleekin, eta guzti-guztiok informazio bertsua jaso dugu: gure ikasleetatik ia inork ez du ezertxo ere egin euskaraz Gabonetako oporraldian.

Neu, behintzat, nekatzeraino ere esan eta esan ibiltzen natzaie ikasleei, ikasturtero, euskaltegitik kanpo zertxobait ere egin beharra dutela euskaraz, batez ere, gurea bezalako ingurune erdaldunean. Hau da, euskaltegiko eskoletara etortze hutsa ez dela nahikoa diotset, eta, benetan euskara(z) ondo ikastekotan, gelatik haratago ere deskubritu behar dutela euskarazko mundu hori eta bertan murgildu.

Badakit Bilbo metropolitar honetan, oro har, eta Ibar Ezkerrean, zehazkiago, ez dela erraza euskarazko mundu hori topatzea, ez baita begi-bistakoa, baina egon badago, eta, bestela, ikasleak eraiki egin beharko luke, nork bere neurrira, bere burua euskalduntzekotan. Ezinbestekoa izan ohi da, ikasgela artifizialean ikusikasitakoa barneratzeko, hizkuntzatik hizkera naturalera jauzi egitea kaleko ingurune naturalean, albait erabilerarik komunikatiboena landuz.

Ingurune honetako ikasle gehienek, ordea, ez dute beharrizan hori barneratzen, eta urte luzeetan irakasle gabiltzanok ere, apurka-apurka, albo batera uzten ari gara lehenago exijentzia ere bazen jarrera hori; nekeagatik edo dena delakoagatik, oro har, erabileraren ezinbestekotasuna ikusarazi ezinik gabiltzala esango nuke nik.

Horrela, zorigaitzez, badakigu zer gertatzen den gerora: ikasle asko eta asko ez dira iristen eskuratu nahi/behar duten mailara, eta, heltzen diren apurretatik, bakan batzuek baino ez dute euskara erabiliko euskaltegiaren osteko bizimoduan. Izan ere, ikasleek ez dute euskararen beharra sumatzen, ez euskalduntzerakoan, ez euskalduntzean, ez euskaldundutakoan. Edo, agian, “euskaradundu” esan beharko genuke, erabilerarik gabeko euskaraduna ez baita inola ere euskalduna, ezta?

Horixe da errealitate gordina, indarrean dagoen politika linguistikoaren ageriko ondorioa, nonbait. Hala ere, agintariek ez ikusiarena egiten jarraitzen dute, eta, urte berriarekin batera, izandako lorpenak eta aurrerako erronkak zabaltzen dituzte lau haizeetara, errealitate faltsu bat eraiki guran; ez dakit zenbat euskaldun berri gehiago lortu omen dira iaz, askoz ere gehiago azken hamarkadotan, eta ez dakit beste zenbat halako lortuko datozen urteotan. Datu hutsak, estatistika hutsala.

Bada, ordea, datuei horrenbeste erreparatu barik, errealitatearen gordinari bestela aurre egiteko garaia. Nola ez dakit, baina.