Lehengo batean,
honelako galdera itxia egin zidaten solasaldi batean: “Zure ustez, euskara
galduko da, bai ala ez?” Modan dira orain horrelako itaunak, dena txuri edo
beltz izan beharrekoak; dagoeneko grisik ez da, antza. Hau da, ezin erantzun segun, ez dakit zeren arabera, baldin
eta, edo horrelako formulismo eskakeatzaile batekin hasita. Ihardespen
biribila nahi zuten galdetzaileek.
Kontua da premisa
baten gainean ari ginela: gero eta jende gehiagok daki euskaraz, baina, hein
berean, gero eta gutxiagok ere erabiltzen omen du euskara eguneroko bizimoduan.
Eta zer da euskara, azken batean? Bada, bizimodua bera, gurea. Hortaz,
pentsatzekoa da galdu egingo dela, ezinbestean. Ondorioztapen erraza, ezta?
Eguneroko
bizimoduan erabiltzeaz ari garela, dena den, argi eta garbi utzi behar dugu ez
garela kalean jendaurrean egin ohi dugun erabilera sinple eta azaleko horretaz
ari; ez horixe, haratagokoa baita erabilpena, nik uste. Egunerokoak, edo
egunerokotasunak, nahiago bada, askoz ere esparru zabalagoa biltzen du begien
eta belarrien aurrean dugun hori baino; norberak ez bestek ezin kontrola
dezakeen eremu intimoa ere bada egunerokoa.
Izan ere, ez dakit
nik ba ote dagoen euskara hutsez, euskaraz baino ez, bizi den edo bizi
daitekeenik. Hau da, egunero eta egun osoz, euskara ez den beste ezein
hizkuntzaz ezelako jarduerarik ez duen inor ba ote da? Ez hitz egin, ez entzun,
ez irakurri, ez ezer euskaraz baino? Gaitza begitantzen zait niri halakorik,
ezinezkoa ez esatearren.
Baina, hain
muturreko jarri barik ere, irudipena dut begiek eta belarriek engainatu egiten
gaituztela askotan. Kalean, parkean, komertzioetan edota dena delako tokian
euskaraz jardun arren, euskaldun askotxok erdara behar/nahi dute (dugu?)
intimitatean, dela gure etxeko lau pareten artean, dela norbere buruarekiko
jardunean.
Horregatik guztiagatik, hain erantzun kategorikoa eskatzen baldin bazait
euskararen etorkizunaz, nik baiezkoa eman behar, galdu egingo dela, alegia. Ez
da, halere, bihar-etzi galtzekoa izango, kanta hark zioen bezala, euskara ez
baita galduko ni (gu) bizi naizen (garen) artean, baina, lehenago ez bada,
geroago bai, desagertzera kondenaturik dagoela ematen du. Eta zuk zer uste
duzu?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina