Gabonalditik
bueltan, ikasle-irakasleok hogei bat egunean elkar ikusi barik, ohikoa izaten
da lehenengo eskolan egun horietan zer egin dugun komentatzea. Halaxe egin dugu
aurten ere lankideok, nork bere ikasleekin, eta guzti-guztiok informazio
bertsua jaso dugu: gure ikasleetatik ia inork ez du ezertxo ere egin euskaraz
Gabonetako oporraldian.
Neu, behintzat,
nekatzeraino ere esan eta esan ibiltzen natzaie ikasleei, ikasturtero,
euskaltegitik kanpo zertxobait ere egin beharra dutela euskaraz, batez ere,
gurea bezalako ingurune erdaldunean. Hau da, euskaltegiko eskoletara etortze
hutsa ez dela nahikoa diotset, eta, benetan euskara(z) ondo ikastekotan,
gelatik haratago ere deskubritu behar dutela euskarazko mundu hori eta bertan
murgildu.
Badakit Bilbo
metropolitar honetan, oro har, eta Ibar Ezkerrean, zehazkiago, ez dela erraza
euskarazko mundu hori topatzea, ez baita begi-bistakoa, baina egon badago, eta,
bestela, ikasleak eraiki egin beharko luke, nork bere neurrira, bere burua
euskalduntzekotan. Ezinbestekoa izan ohi da, ikasgela artifizialean
ikusikasitakoa barneratzeko, hizkuntzatik hizkera naturalera jauzi egitea
kaleko ingurune naturalean, albait erabilerarik komunikatiboena landuz.
Ingurune honetako
ikasle gehienek, ordea, ez dute beharrizan hori barneratzen, eta urte luzeetan
irakasle gabiltzanok ere, apurka-apurka, albo batera uzten ari gara lehenago
exijentzia ere bazen jarrera hori; nekeagatik edo dena delakoagatik, oro har,
erabileraren ezinbestekotasuna ikusarazi ezinik gabiltzala esango nuke nik.
Horrela,
zorigaitzez, badakigu zer gertatzen den gerora: ikasle asko eta asko ez dira
iristen eskuratu nahi/behar duten mailara, eta, heltzen diren apurretatik,
bakan batzuek baino ez dute euskara erabiliko euskaltegiaren osteko bizimoduan.
Izan ere, ikasleek ez dute euskararen beharra sumatzen, ez euskalduntzerakoan,
ez euskalduntzean, ez euskaldundutakoan. Edo, agian, “euskaradundu” esan
beharko genuke, erabilerarik gabeko euskaraduna ez baita inola ere euskalduna,
ezta?
Horixe da
errealitate gordina, indarrean dagoen politika linguistikoaren ageriko ondorioa,
nonbait. Hala ere, agintariek ez ikusiarena egiten jarraitzen dute, eta, urte
berriarekin batera, izandako lorpenak eta aurrerako erronkak zabaltzen dituzte
lau haizeetara, errealitate faltsu bat eraiki guran; ez dakit zenbat euskaldun
berri gehiago lortu omen dira iaz, askoz ere gehiago azken hamarkadotan, eta ez
dakit beste zenbat halako lortuko datozen urteotan. Datu hutsak, estatistika
hutsala.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina