Euskara ikasirakasten
gabiltzanon artean, badakigu gaur egun egiten den euskararen kalitatea ez dela
nahi adinakoa; badakigu, edo hala pentsatu nahi dugu, oraingo euskara ez dela
garai batekoa bestekoa. Eta kalitate gabezia
horren erakusgarri, ergatibitisa dugu, oraingo euskaldun komunitateak pairatzen
duen ageriko gaitza. Gaitz guztiak bezalaxe, bakarrik ez datorren gaitza dugu,
bai, baina beroni baino ez diot erreparatu nahi oraingoan: ergatibitisa, ergatiboa
gaizki erabili edota nominatiboarekin nahastean datzan erabilera txarra.
Zerk sortzen du
ergatibitisa, baina? Zer dela eta kostatzen da hainbeste ergatiboaren erabilera
zuzena? Oraingo kontu berri samarra da, ala betidanikoa, ordea?
Erantzuten errazak ez diren hiru galdera ditugu, egia esanda, baina askotariko
euskaldunen artean bizi garenok, nolabait, badaukagu pistaren bat beroriei
erantzuteko.
Ni neu euskaldun berria
naiz, laurogeiko hamarkadan euskalduntzen hasi eta oraindik ere euskalduntze
bidean ari naizena; izan ere, sekula amaitzen ez den prozesua da hizkuntza oso
batez jabetzea bera, nik uste. Eta bizi, gehienbat euskaraz bizi naizela esan
badaiteke ere, euskararen eta gaztelaniaren arteko elkarbizitzan ari naizela
esatea egokiagoa litzateke; azken batean, inguruan euskaldun zahar, euskaldun
berri eta erdaldun hutsak izaten ditut ia egunero. Eta horiek hiru multzo baino
ez egitearren, berorien azpikategorietan sartu barik.
Gauzak horrela,
aspaldion, ergatiboarekiko erabilera okerrak, nik ergatibitisa deritzodanak,
kezkatu eta haren arrazoiak bilatzera bultzatu nau. Eta, horretarako, hainbat
euskalduni, zahar zein berriri, galderak eta iruzkinak egin dizkiet euren
euskalduntasunaz, edota euren hurbileko ahaideenaz ere bai, guraso eta
seme-alabenaz, batez ere.
Bada, jaso ditudan
erantzun eta iruzkinen karietara, ausartuko nintzateke esatera erdarak,
gaztelaniak, sortzen duela ergatibitisa; edo, hobeto esanda, euskaldunak berak
gaztelaniarekin duen harremanak sortzen duela. Gainera, harreman hori zenbat
eta trinkoagoa izan, orduan eta ergatibitis akutuagoa edo handiagoa pairatuko
du euskaldunak; hortaz, gaztelaniatik eratorria den euskaldun berriak aukera
gehiago eta handiagoak izango ditu gaitza sufritzeko berezko euskaldunak baino.
Kontuan izan behar dugu
gaztelaniak, ezta frantsesak edo beste edozein hizkuntza erromantzek ere, ez duela
ergatiborik edo haren funtzioa betetzen duen desinentziarik. Erromantze horiek,
preposiziodun hizkuntzak izanik, aspaldi galdu zuten latin deklinabidedunak
lagatako herentzia. Eta, hortaz, gaztelaniaren eta euskararen artean bizi den
euskaradunak (euskaldunak?) hizkuntz transferentziak izaten ditu nagusia den
hizkuntzatik gutxitua denera, gaztelaniatik euskarara, alegia; ezin da ahantzi
gaztelaniak euskaldunaren bizimoduan duen presentzia ikaragarria dela, aurrez
aurreko norbanakoen harremanaz haratago, nagusiagoa baita gaztelania
hedabideetan, sare sozialetan eta abarretan.
Beraz, euskaldunaren
bakartzea edo nolabaiteko ghettoratzea gertatu ezik, nekeza izango du euskaldun
horrek ergatibitisik ez pairatzea; akaso, euskaldun komunitatearen isolamendua
izan liteke gaixotasunaren aurkako txerto bakarra. Eta, halaber, arestian egin
dudan hirugarren galderari ere erantzun nahian, esatea dago kontu berri samarra
dela ergatibitisa, edo, bestela esanda, gure gizartean zenbat eta atzerago jo,
hainbat eta arraroagoa izan dela gaijtz hau, gure arbasoak bakartuago bizi
baitziren antzina.
Zalantzarik ez dago
globaltasunak eta mestizajeak, erdaldunekin oro har, baina gaztelaniadunekin bereziki,
sorrarazi dutela ergatibitisa. Orain, jakin behar dugu erabat ezabatu edo
erauzi behar dugun ala berarekin elkarbizitzen ikasi behar ote dugun, eritasun
kroniko bihurturik. Izan ere, nork nahi ote du gizarte postmoderno honetan
bakarturik edo bere singulartasunean bakarrik bizi, kanpotiko ezelako
mestizajerik edo kutsatzerik gabe? Azken galdera honi euskaldun bakoitzak
erantzun beharko lioke, ezbairik gabe.