2019(e)ko abuztuaren 9(a), ostirala

HARREMANA(K)

Betitik, euskara ikasten hasi nintzenetik, arreta berezia hartu izan dit euskarazko (zenbait) hitzen sortzeak berak; izan ere, askotan, hitz batek bere baitan beste hainbat hitz gordetzen ditu eta horien arteko harremanak sortzen du hitz hori. Horrexek eman izan dit atentzioa.

Horrelako berba asko daude (lar, aukeran), baina bereziki batek, bere esanahiagatik edo, ematen dio zentzua diodan honi; HARREMAN hitzaz ari naiz, hain zuzen. HARTU eta EMAN eleen arteko konbinazioak sortzen duen HARREMAN hitzak euskaradunon eta euskararen arteko erlazioa azaltzen baitu, hein handi batean.
 
Garbi dago harreman batean ezinbestekoak d(ir)ela hartzea zein ematea, bestela, ez baitago harremanik. Jakina, biak ala biak ez dira proportzio berean izaten ezein harremanetan, batzuetan, hartu bainoago eman egiten delako, eta, bestetzuetan (gehienetan, nire ustez), askoz gehiago hartzen delako eman baino. Nolabait, harreman perfektua liteke proportzio berean hartu eta ematen deneko hori, baina, egia esanda, desorekatuak izan ohi dira harremanak, nik uste. 

Gakoa da zenbaterainokoa den (des)proportzio hori. Hau da, zer ehunekotan finkatzen den hartzearen eta ematearen arteko elkarbizitza hori; elkarbizitza baita, azken finean, harreman oro. Eta ehuneko jakin batetik gorako (des)proportzioa denean, harremana bukatutzat ematen da, eten egiten da, desegin, amaitu (bestek jar ditzala ehuneko matematikoak, nik ez). Normalean, gutxien jasotzen duenak, hots, berak eman baino askoz ere gutxiago jasotzen duenak, eteten du erlazioa, baina gerta daiteke, eta gertatu egiten da, gutxien ematen duenak ere amaitu nahi izatea harreman hori, eta horrexegatik, hain zuzen, gero eta gutxiago ematea. Gizakion arteko harreman orotan gertatzen da hori, eta, horrela, (des)proportzioaren araberako harremanez harreman bizitzen goaz, harremanak sortuz eta eutsiz/amaituz. 

Bada, euskaradunok euskararekin dugun harremanean ere beste horrenbeste gertatzen da, nire ustez. Bizi garen Euskal Herri diglosiko honetan badakigu, jakin, euskara ez dela ezinbestekoa bizitzeko (zentzu praktikoaz ari naiz, ez sentimentalaz), eta, hortaz, geuk erabakitzen dugu zenbateko harremana dugun euskararekin. Batzuk euskaraz sortu (munduratu) eta bizitza guztian harekin harreman estu eta proportziodun batean bizi dira, non euskaratik jasotzen duten beste ematen baitiote euskarari eurek ere (horiek omen dira “benetako” euskaldunak); beste batzuek, euskaraz sortu arren, muzin egiten diote euskarak ematen dien guztiari eta harremana albait arinen bukatzea bilatzen dute; beste zenbaitek, erdaraz jaiota, halako hurbilpen bat egiten dute euskarazko komunitatera, baina, arrazoiak arrazoi, ez diote euskarari ematen euskarak eurei ematen dien adina (edo, akaso, alderantziz, ez dakit) eta porrot egiten du euren arteko harremanak; badira, ordea, erdaraz jaio arren, hurbildu baino gehiago, erabateko murgiltzea egiten dutenak euskarazko komunitatean, harreman orekatua eta iraunkorra lortuz; eta, era berean, badira murgiltze trinkoa egin arren, euskal komunitatean arrotz sentitu, edo onartuak ez, eta arrakastarik gabeko aldi baterako harremana baino izaten ez dutenak. Tira, botikan bezala, nahi beste harreman mota topa litezke euskararen eta euskaradunon artean, ezta? 

Nik neuk, oraingoz, ez dizu(e)t esango, irakurle, zer-nolako harremana dudan euskararekin. Aurretik, baina, zuei galdetu nahi dizuet zuenaz, eta HARTU-EMAN binomioaren arteko proportzioaz hausnarketa egiteko proposatu. Pentsatu serio, birritan edo gehiagotan, ezer erantzun aurretik.

2019(e)ko apirilaren 11(a), osteguna

EUSKA(RA)(L)DUNA, BETI AITZAKIATAN.

Gaur arratsean, telefonoz, Twitterren txiokatu ditudanak bilduko ditut hona, ZUZEU orainkarian "Euskararen gibelatzeaz" irakurritakoan.


Hona hemen zortzi txio laburrok:

1) Arrazoi du Gabi Oyharzabalek dioenean hemen, Hego Euskal Herrian, eta bereziki EAEn, beti aitzakiak ditugula besteri egozteko euskara gibelatzearen erantzukizuna.

2) Eragozpenak eragozpen, euskara legezkoa da hemen, lanpostu publikoetan lan egiteko eskakizunetako bat, eta, Euskararen Legearen (koofizialtasunaren) 40 bat urteren bueltan, asko eta asko gara euskara(z) ikasi eta bizitzeko (benetako) gaitasuna dugunok.

3) Hala ere, edozein aitzakia erabiltzen dugu, egunero, uneoro, gaztelaniaren mundu erakargarri eta txundigarrian murgiltzeko. Eta GU maiestatikoa darabildanean, ez dut esan nahi denok berdin jokatzen dugunik, denok euskarari eta, hortaz, Euskal Herriari traizio egiten diogunik.

4) Badakit, bai, euskaradun huts nahiz euskaldun zintzo askotxo dagoela, zaudetela edo gaudela, baina nabarmenegiak begitantzen zaizkit bestelakoak, erdarara jauzi egiteko ia aitzakiarik ere behar ez dutenak.

5) Izan ere, nik egunero-egunero entzuten ditut euskaldunak euren artean gaztelaniaz berbetan; maiz, niri inoizkotan eta bakarka euskaraz egiten didaten euska(ra)(l)dunak (?).

6) Batzuetan, eta ez gutxitan, pentsatu izan dut hobe litekeela, lehengo garaietan bezala, euskarak (benetako) jazarpena eta debekua jasan beharko balu, horrela behintzat, euskal kontzientzia, akaso, berriro piztuko bailitzateke eta horrek, nonbait, koherentziaz jokatzera animatuko gintuzke.

7) Tira, barkaidazue, euskaldun txiolari zintzook, baina arrats txarra pairatzen ari naiz zentzu horretan, enegarrenez, semeen entrenamendu orduan nahiz osteko ohiko garagardo dastaketan: zenbat eta zenbat 'euskaldun' erdaraz egiten!

8) Eta ni, zer ondo txokotxo honetan, bazter, bakarrik. Umeak hartu eta etxera noa, zazpiak jotzeko dira eta.

2019(e)ko martxoaren 5(a), asteartea

EUSKAL AKULTURAZIOA

Betitik pentsatu izan dut “akulturizazioa” terminoa bazela, eta gaztelaniaz “aculturización” zela, baina oker ibili naiz, antza. Euskal Wikipediara jota, izan ere, erraz topatu dut “akulturazio” kontzeptua; gaztelaniazko “aculturación” delakoa. Eta, labur esanda, zera esan nahi du akulturazioak: “Gizaki bat edo giza talde bat, berezko kultura (gutxitua edo menderatua) galduta, beste kultura (nagusiago edo menderatzaile) batez jabetzea da akulturazioa; hots, kultura menderatua edo gutxitua dutenak kultura menderatzailera edo nagusira egokitzea, horren eragile behinenetako bat kolonizazioa izanik.”

Bada, Wikipediako definizio biak irakurrita, bistakoa da biotako zein den lehenagokoa, zein datorren zeinetatik, zein den sortua eta zein itzulia. Hots, zein den hizkuntza menderatzailea eta zein menderatua; akulturatzailea eta akulturatua, bestela esanda.

Bada, esango nuke euskal akulturazioa abian dela aspalditik, eta berori agerikoa dela gizartearen arlo gehientsuenetan (guztietan ez esatearren). Euskaradunok, esaterako, euskaldun izanda edo gabe, egunerokoan pairatzen dugun kontua da akulturazioa, eta, hein handi batean, aktiboki esku hartzen aritzen gara akulturatze prozesuan, egunean-egunean, eskuzabaltasunez esku hartuta, gainera. Bestela, eman dezagun begiratua gure ingurura egun arrunt batean, eta kontura gaitezen erdarak eta erdal kulturak azpiratuta, xurgatuta, janda bizi garela eguneko ordu askotan zehar, egunero.

Nabarmena da, kasu, zer hedabide hautatzen dugun informatzeko, entretenitzeko edo komunikatzeko. Nonbait irakurria dudanez, telebista-katerik ikusienak ei dira, Hego Euskal Herrian, Espainiako Telecinco edota LaSexta, eta beste horrenbeste gertatuko da, nik uste, Iparraldean Frantziako kateekin; era berean, diotenez, Radio Euskadi entzuten dugu gehien irratietan, edo Onda Vasca; El Correo-Diario Vasco, Deia edota Gara irakurtzen dugu batez ere egunkarien artetik; Interneteko nabigatzailea bera erdaraz daukagu gehienok, eta, zer esanik ez, erdarazko webguneetan sartzen gara gehienetan; Whatsapp erabiltzen dugu gehienbat, nahiz eta euskaraz konfiguratzeko aukerarik eman ez, Telegramek (ez) bezala. Eta abar.

Zirkunstantzia horrek, ohitura horiek guztiek, zalantzarik gabe, eragin ukaezina dute akulturazioa gauzatzean, uneoroko arrastoa uzten baitigute hizkuntz portaeran ere, dela lanean, lagunartean edota familiaren baitan ere bai. Gero eta erdara gehiago entzuten da euskaldu(nen) aho(e)tatik eta, euskaraz aritzean ere, gero eta erdal lexiko gehiago ekartzen dugu euskarara. Kultur erreferentziatzat jotzen ditugu erdal kulturarenak, estatu frantses eta espainiarreko lekuak, ohiturak, aktoreak, ardoak eta abar bertokotzat emanez, geureak bailiran.

Eta euskal akulturazioa gauzatzen ari den honetan, geure buruari galdetu beharko genioke zertan ari garen, zer egiten dugun: aurre egin eta, nolabait esatearren, geure burua defendatu, ala kezka handirik gabe erdal kultura eta hizkuntzetara egokitzen ari gara, eroso, gustura eta geure eginez? Euskaldun bakoitzak erantzun diezaiola galdera horri, nahi duen hizkuntzan erantzun ere.

Kontua da oraintsu irakurri ditudala Harkaitz Canoren honako hitzok: “Iruditzen zait kolonizaturik bizi garela, kulturalki kolonizaturik, eta gainera gustura gaudela kulturalki kolonizaturik, baina ez gaude prest onartzeko gustura gaudela kulturalki kolonizaturik.” Eta, atoan, zera pentsatu dut, erabat ados nagoela Harkaitzekin: euska(ra)(l)dunok akulturatuta gaude, erdaraz bizi gara, gustura asko, eta geuk zokoratzen dugu euskara, baina ez gaude prest onartzeko oso gustura bizi garela erdaraz, akulturatuta. Horixe da nire erantzuna.

2018(e)ko uztailaren 5(a), osteguna

ZERGATIK EZ DUGU EUSKARAZ EGITEN?

Aspaldi honetan, nahikoa zabaldu da ondoko tesi orokor hau: gero eta euskal herritar gehiagok daki euskaraz, baina, halaber, gero eta gutxiago erabiltzen da euskara. Hau da, ezagutzak eta erabilerak ez dute biek ere gora egiten, edo ez, behintzat, hein berean. Eta, horren harira, halako kezka bat piztu da sare sozialetan, oro har, eta euskalgintzaren eremu zehatzetan, batik bat. Euskaraldia dugu kezka orokor horren aurreko erantzunik behinena, nolabait esatearren.

Bada, “zergatik” horri erantzun nahian jesarri naiz teklatuaren aurrean oporren atariko egun eguzkitsu-euritsu-trumoitsu honetan, eta, balizko erantzunak ematean, euskaldun guztiak inplikatu nahi nituzke; horretarako, GU pluraleko pertsona erabiliko dut, nork bere burua errazago identifika dezan hurbilen sumatzen d(it)uen erantzun zehatz bat(zu)ekin. Hau da, zergatik ez dugu euskaldunok (guk, baita zuk eta biok ere) euskaraz egiten? Tira, hiruzpalau (galdera-)erantzun bururatzen zaizkit, atoan.

Arrazoiak asko eta askotarikoak izan daitezke, noski. Gutako bakoitzari egingo baliote galdera hori, ziur naiz erantzule adina erantzun emango genituzkeela, baina, orobat, erantzun komun batzuk ere bai; hau da, erantzun erraz eta erabiliegi horiek ere badira, gutako edonork sakoneko erantzun hausnartu bat ematea ekiditeko darabiltzanak, beti “balio” izaten duten erantzunak: inguruan inork ez dakielako edo erabiltzen ez duelako, kuadrillako baten batek jakin ez eta harenganako errespetuagatik, inon artatzean lehenengo hitza beti erdaraz zuzentzen didatelako… Betiere, besteren errua izan ohi da guk euskaraz ezin egitea, ezta? Edo, ia beti, halako erantzunen bat pentsatu izan dugu geure buruari galdera hori egindakoan: zergatik ez dut euskaraz egiten?

Euskara gutxi dakigulako?

Euskara(z) gutxi edo eskas jakitea izango da, ziurrenik, euskaldun askoren arrazoi nagusia euskaraz ez egiteko. Gu euskaraz sortuak izan nahiz euskara ikasiak izan, ezin ahantzi euskara hizkuntza gutxitua dela eta, hortaz, normalizatu gabea oraindik ere. Horrek berekin dakar, gizarte aldakor honen edozein funtzio betetzean, euskaldunok (zaharrek zein berriok) halako gabeziak edukitzea funtziook euskaraz gauzatu nahi izatean, eta, erdaraz ere badakigunez, erraz asko pasatzen gara erdarara ziurgabetasun kutsu bat sumatu orduko. Erdara, jakina, hizkuntza normalizatua dugu gizarteko funtzio guzti-guztietan; beraz, euskarak sortzen digun ziurgabetasun hori ziurtasun bihurtzeko, erremintarik erabilerrazen eta ohikoena izaten zaigu erdara. Gustatu edo ez, onartu beharra dugu euskaldun gehientsuenok (denok ez esatearren) analfabeto funtzionalak garela. Erdaraz ere halakoxeak gara, ziurrenik, baina erdarak duen normalizazio-mailak normaltasunez eta ziurtasunez jardutera garamatza hizkuntza horretan; gaztelaniaz Hegoaldean, eta frantsesez Iparraldean.

Nik neuk, egia esanda, ez dut inor ezagutzen, ez eta euskaltzale militanterik militanteena ere, larritasun egoera batean erdara salbazio gisa baliatzen ez duenik. Ohar gaitezen, esaterako, gure kutxa edo banketxeko leihatilan egon eta operazio garrantzitsuren bat egin behar dugunean, zeinen erraz jotzen dugun erdarara, ez erratzekotan; zenbakiak eta sosak ditugunean eskuartean, akabo militantzia. Edo “hil ala biziko” dokumenturen bat irakurri edo erredaktatu nahi/behar dugunean, berdin gertatzen zaigu; gutako zenbatek dauzkagu, adibidez, gure jabetzen (etxe, lursail, ibilgailu eta abarren) eskriturak, salerosketa-agiriak edo dena delako dokumentazioa euskaraz? Ez naiz ausartzen balizko portzentaje bat ere esatera.

Aukerarik ez dugulako?

Beste arrazoietako bat, maiz entzun ohi duguna, zera da: euskaldunak egin egin nahi du euskaraz, baina, askotan, ez du eskura egin nahi duen hori euskaraz egiteko aukerarik. Aukera, esku(r)a eta euskara; bai, eskuara(z) erranen lukete Pirinioetatik gorako euskaldunek. Eta gure esku dagoela ihardetsiko lukete Auñamendietatik beherako euskaltzaleenek; alegia, benetan egin nahi duenak egin egin dezakeela. Baina, tira, badakigu txuri guztiak ez direla irin.

Egia da borondatea dela baldintzarik lehenen eta ezinbestekoena, ezina ekinez egiten dela, baina badakigu, jakin, euskaldunok ohiko kontsumo asko ezin ditugula euskaraz egin. Joan gaitezen edozein egunetan zinema-areto batera eta azter dezagun zer-nolako eskaintza dugun euskaraz, esaterako. Egia esanda, edozein kontsumo mota egiteko orduan, gero eta eskaintza zabalagoa dago euskaraz, baina gabeziak ere handi-handiak dira, tokiaren eta unearen arabera, gehienbat. Maiz, zorigaitzez, eskaintzen zaigun unean eta tokian ez dugu ahal beste kontsumitzen, eta, eskaintzarik ez dugun lekuan eta momentuan, ordea, kontsumitu nahi izaten dugu; nahia eta ahala beti elkarren eskutik ez doazelako seinale, ezta?

Hipokrita hutsak garelako?

Euskaldunak ez omen du bere hitza jaten. Gaztelaniaz, behintzat, maiz entzuna dugu “palabra de vasco” delako hori. Esan eta izan, alegia. Baina irudipena dut gizarte gero eta mestizo eta globalago honetan “euskal(dun) hitzik” askorik ez dagoela jada. Erran nahi baitut, agian hutsak ez, baina hipokrita samarrak bagarela euskaldun asko eta asko, sudurpean dugula indarra eta esaten dugun hori, usu, ez dugula gauzatzen. Euskara maite dugula diogu, baina, aukera izan arren, ez dugu euskaraz egiten; euskara gure hizkuntza dela diogu, baina besterena erabiltzen dugu maizago “gurea” baino; “euskaraz bizi nahi dut” aldarrikatzen dugu, paparreko itsaskinak edota elastikoak jantzita, baina aukerarik txikienean erdaraz bizi dugu bizitza; ahoa bizi eta belarriak prest agertzen ditugu euskaraz datorren udagoieneko 11 egunerako, baina urtearen gainerakoa erdaraz egiten dugu, hein handi batean behintzat; nahiak adierazten ditugu euskaraz, baina erdaraz gozatzen ditugu bizipenak.

Euskaldunak nahasian bizi gara erdaldunekin batera, erdaldunen artean, euskaratik eta euskaraz baina erdaratik eta erdaraz ere bai. Bakoitzak jakingo du zer neurritan batean ala bestean gehiago, baina horretarako zergatiak, gehienetan, pertsonalak izaten dira, norberaren tokian tokiko eta unean uneko erabakiak. Eta, gehienetan barik gehiegitan, irudipena dut sozialak balira bezala zuritzen edo justifikatzen ditugula norberaren hautu pertsonal horiek. 

Laburbilduz, zera esan nahi dut: batzuetan, euskaldunok aukera handirik gabeko analfabeto hipokrita samarrak garela pentsatzen dut. Baina lasai, irakurle, batzuetan baino ez dut hala pentsatzen; gehienetan, nire euskalduntasun falta bestek egiten didan jazarpen linguistiko kulturalaren ondorio dela pentsatzen dut neuk ere, zuk bezala.

2018(e)ko apirilaren 12(a), osteguna

ERDARAREN ZIRRIKITUAK

Datorren irailaren 14an, zortzi urte beteko ditu ondorengo testu honek, neronek idatzia eta inon argitaratu gabea. Orain berrirakurri eta, gaurkotasuna duelakoan, hona ekartzea otu zait:

ERDARAREN ZIRRIKITUAK

Euskaldunon artean, Hego nahiz Ipar Euskal Herrian, oso ohikoa izaten da, ezinbestekoa ez esatearren, erdararekin (gaztelania eta frantsesarekin, alegia) etengabeko harremanean aritzea. Ausartuko nintzateke esatera, egun, ez dagoela euskaldunik egunero erdararekin, gutxi edo asko, erlazionatzen ez denik. Are gehiago, harreman hori sortzaile izaten da gehienetan; hau da, erdara sortu beharrean aurkitzen gara, egunero zertxobait, euskaldun guztiok.

Gauzak horrela, ondo zurituta daukagu erdaltzaletasun hori, zaletasuna barik, derrigorrezkotasuna bailitzateke, nolabait esatearren. Baina, nahiak eta beharrak alde batera utzirik, bada erdararako joera nabarmen bat euskaraz jardutean, nik ondo sekula ulertu ez dudana. Eta ez naiz ari, ez erdarakadez, ez eta euskañolaz ere, euskarazko ahozko jardunean txertatu eta instalatu diren erdal terminoez baizik; nik horiei erdararen zirrikituak esaten diet.


Askotan entzuten ditugun makulu edo moldeak dira, eta asko ere badira, gero eta gehiago, nik uste. Gaztelaniazko porke, eske, bueno, porejenplo, yake, lokepasake… eta horrelakoak, neuk behintzat, gero eta gehiagotan entzuten ditudala esango nuke, eta, are gehiago, testuinguruak bultzatuta, noiz edo noiz neureganatu eta beroriek erabiltzeko joera ere izan dudala aitortu beharra dut. Horietako batzuk, erabiliaren erabiliaz, euskara ere badirela esan liteke (“akaso”, esaterako), baina ezin ukatu euskarak berezko dituen beste termino batzuk badirela horien aurretik.

Amorragarriena, dena den, ez da horien erabiltze hutsa, berorren aurretik dauden edo egon daitezkeen arrazoiak baizik. Izan ere, euskara ikasten ari den batek erabilita, pentsa daiteke beharra baino ez dela, ez duelako erraztasunik halako esapideetan euskaraz eta, ulertzekoa denez, ama-hizkuntza duen gaztelaniarenak ahoratzen zaizkio. Baina susmoa dut horrelako zirrikitu horiek, gehienbat, euskaldun zaharrek darabiltzatela, eta ez, espresuki, euskarazkorik ez dakitelako, bestelakoengatik baino.

Eurei galdetuta, beroriek erabiltzeko agertu ohi duten arrazoi nagusia jatortasuna izaten da. Diotenez, jatorrago eta komunikatiboagoa da horrelakoak botatzea, horrela erabiltzen delako euskara euren inguruan eta, bestela, artifizial samar hitz egingo luketelako euskaraz; hots, den-dena euskaraz esatea, euskararen jatorrizko moldeak ere erabilita, ez ei da oso polita eta, are okerrago, eskas komunikatzen omen du euskara horrek.

Nik, ordea, bestela pentsatzen dut. Nire iritziz, gaztelaniaren termino horiek erabiltzeak (eta uste dut Iparraldean beste horrenbeste gertatzen dela frantses terminoekin) beste oinarri sendoago eta kezkagarriago bat du: ordezkapen linguistikoa, hain zuzen. Hau da, gehienetan hiztuna konturatu gabe gertatu arren, hiztun horrek hainbesteko erraztasuna eta indarra hartu du bere bigarren hizkuntza den gaztelania edo frantses horretan, ezen dagoeneko ama-hizkuntza duen euskararen tokian sartzen ari baita, zirrikitu txiki baina adierazgarri horien bidez bada ere. Eta, nolabait esatearren, apurka-apurka lehenengo hizkuntza izateko aldarrikapena egiten du horrela erdara horrek, euskara bigarren (edo auskalo zenbatgarren) postura atzeratuz. Prozesu ordezkatzaile hori, adibidez, agerian da hainbat euskaldun zahar pasiboren kasuan. Sasoi batean, gazteagotan edo, euskara gehiago egiten zuten eta, orain, berriz, ulertu baino ez dute egiten, eta ez dira egiteko gai izaten.

Txarrena da, maiz, termino horien erabiltzaileek ez ezik, euskara ikasten ari(tu) den (garen?) askok ere jatortasun-ikurtzat jotzen duela (dugula?) erabilera hori eta, joera “moderno” hori, euskañolari eta beste hainbat faktoreri gehituta, bada, euskara itsusten eta endekatzen ari dela, neure ustez, behintzat.

Prestigiozko erabiltzaile eta esparruak behar ditu euskarak, nik horretan ez dut zalantzarik. Eta, beharbada, egunero euskaraz nahiz erdaraz egiten dugunok hausnartu egin beharko genuke zer-nolako euskara eta zein testuingurutan egiten dugun.

Portugaleten, 2010eko irailaren 14an.

2018(e)ko otsailaren 16(a), ostirala

ERABILERARAKO LEXIKOA

Ezagun da, erabilerari dagokionez, euskara ez dabilela oso sasoiko aspaldi honetan. Askoz gehiago ei dira euskaraz dakitenak euskara egunerokoan erabiltzen dutenak baino, balizko erabiltzaileak eguneroko hiztunak baino, euskaraz ongi molda litezkeenak berez moldatzen direnak baino; euskaradunak euskaldunak baino, alegia. Eta errealitate gordin horren azterketak diosku hainbat direla hala gertatzeko arrazoiak: erdarek duten indarra, globalizazioak dakarren euskararekiko atxikimendu falta, euskararen beraren araugintzak ezartzen duen kortsea…

Bada, nire ustez, beste arrazoietako bat zera dugu: lexikoaren egokitzapen falta. Hau da, bizia den hizkuntza batek berez sortu eta behar dituen berba berriak onartu eta hiztegiratzeko gaitasun falta. Ea gai naizen zer esan nahi dudan azaltzeko.
Egun, oso ohikoa izaten da agertzen diren fenomeno edo kontzeptu berriak izendatzeko hitz berriak sortzea. Gehientsuenak erdaretatik datozkigu, azken batean, erdarek sortzen dituztelako lehenen berba horiek, bereziki, ingelesak. Horra hor, esaterako, teknologia berrien haritik iritsi zaizkigunak: e-mail, WhatsApp, hashtag, tweet… Horrelakoak egunero-egunero erabiltzen ditugun terminoak dira eta, erabiliaren erabiliaz, baten batzuk euskaratu ere egin ditugu, baina arrakasta maila ezberdinak lortuaz, hitzaren arabera. Izan ere, mailak gora eta behera ibiltzen gara, e-postak guztiz baztertuta, posta elektronikoa nahiz mezua bera adierazteko; buruhauste galantak izaten ditugu zorioneko whastsapp hitza zuzen idazteko (batez ere ingelesez ez dakigunok), berau ere zerbitzua zein mezuak izendatzeko; ahaleginean ari gara idazten nahiz ahoskatzen hain zaila den hashtag euskarara ekartzen, eta badirudi traol arrantza-tresna bezala izendatzea adostu dugula, gaztelaniazko “almohadilla” zeinuaren antzekotasunagatik; oraindik ere, kostata erabiltzen dugu txio eta txiokatu gaztelaniazko tuit eta tuitear baztertu guran…

Horien gainean, baina, nik dakidala, ez dago erabaki formalik, eta, horrela, erabiltzaileon esku gelditzen da terminologia berria ezartzea. Oztopo handirik jarri ez eta jada hiztegietan agertzen hasiak dira halakoak, nahiz eta, oraindik ere, terminook formaldu eta beraien erabilera erabat orokortzeko dezente falta dela esango nukeen.

Badira, ordea,  bestelako terminoak, euskara errazte aldera edo, gero eta ohikoagoak eta erabiliagoak direnak, baina, nolabait esatearren, errezelo handiagoz begiratzen diegunak, nolabaiteko debekua jarri nahian, euskararen jatortasunaren edo halako zerbaiten izenean. Eta termino horiek, hain zuzen, hainbeste behar ditugun hiztun berrien eskutik heldu zaizkigula aitortu behar. Horregatik, beharbada, hiztegian onartzeko hainbesteko errezeloa, bai berezko euskaldunen aldetik, bai hiztegigintza eta lexikografia arautzen dutenen aldetik.
Halako bi adibide baino ez ditut ekarriko hona: sukaldatu eta txizatu. Ez bata ez bestea ez dira hiztegietan azaltzen, euskarazko hitzak ez direlako seinale, baina barra-barra entzuten dira han-hemenka, hiztun berrien ahotan ez ezik, gero eta jatorrizko hiztun gehiagorenean ere. Entzun orduko alarma guztiak piztu eta zigortu ere egiten dugu haien erabilera, halako jatortasun (jatorrismo?) baten aldarri gisa.

Hiztegiak, batetik, badakar kozinatu, janaria prestatu hobesten duen arren, baina, etimologiari dagokionez, behintzat, logikoagoa begitantzen zaio sukaldatu euskaldun berriari. Bestetik, pixa/txiza egin dakar, baina era bihurkarian aldean txiza egin erabili beharko genuke (nahiz eta gero eta maizago entzuten dugun gainean egin), eta hiztun berriari errazagoa egiten zaio txizatu; azken finean, lo egin eta lokartu esaten dugu, bi-biak onartu eta hiztegiratuta, azken horren ordez lo hartu edo loak hartu hobetsi balitezke ere.

Tira, azken finean, esan nahi dut badirudiela bi neurgailu edo onarpen-maila ezberdin ditugula hitz berriak onartzerakoan, hitzok nondik datozen. Eta nago hori guztia euskararen araugileek, Euskaltzaindiak edo, zertxobait zehaztu beharko luketela, euskaldunon komunitatearen hobe beharrez. Agian, bada garaia guatxapa ere idazten hasteko, ez uste, irakurle?

2018(e)ko otsailaren 7(a), asteazkena

ZER IRITZI DUDAN?

Lehengo asteburuan ZUZEU.EUS orainkarian argitara emandako artikulu honetan, euskararen egiaztapenak direla-eta, “kontuan hartu beharreko hainbat kontu” aipatu eta haien gaineko iritzia eskatzen zitzaigun irakurleoi.
Ziur nago artikulua irakurri dugun gehienok nolabaiteko erantzuna eman diegula puntu horiei, geure baitarako, behintzat. Eta ni neu, irakurleaz gain euskara irakaslea ere banaizenez, azaletik baino ez bada ere, iritzia idatziz ematera ausartuko naiz, zuzen-zuzenean inplikatua bainago euskara ikasirakaste horretan.

Hona hemen puntuok, hitzez hitz:
  1. Ikasle asko “erreta” daude suspentsoen ondorioz. Euskarari (edo euskarazko azterketari, behintzat) gorroto hartzeko arriskua dago. Egia da, berez, ikasle askok euskara ikasten dutela modu instrumentalean, hau da, soil-soilik administrazioan lan egiteko aukera delako.
  2. Irakasleek euskara modu eraginkor, dibertigarri eta dinamikoan irakatsi behar dute.
  3. Aztertzaileak erabat inpartzialak izan behar dira.
  4. Euskara maila bermatu behar da, erabiltzerakoan konfiantza eta segurtasun nahiko edukitzeko. Erabilera handitzeko gakoetakoa hori da.
  5. Euskarazko arau batzuk sinplifikatu edo erraztu litezke?
  6. Gramatika, hiztegia, eta abarrez gain, elementu kulturalei buruz galdetu daiteke?
  7. Ariketa alternatiboak/borondatezkoak planteatu daitezke azterketa edo “ebaluazio jarraian”? Adibidez, artikuluak idatzi, bikoizketa edo itzulpen publikoak, hau da, euskarari ekarpenak egitea?
  8. Azterketak iraungipena izan dezake? Hau da, urte batzuen bueltan, berriro maila frogatu behar izatea? (TOEFL edo Gidabaimen azterketen moduan)
  9. Azterketaren emaitza “gai” edo “ez gai” izateaz gain, nota zehatzagoa adierazi beharko litzateke? (ingeleseko azterketako agirietan egiten den bezala).

Eta horien gaineko nire iruzkin apalak, honatx:

1)      “Ikasle asko “erreta” daude suspentsoen ondorioz. Euskarari (edo euskarazko azterketari, behintzat) gorroto hartzeko arriskua dago. Egia da, berez, ikasle askok euskara ikasten dutela modu instrumentalean, hau da, soil-soilik administrazioan lan egiteko aukera delako.”
Egia da ikasle askotxo erreta daudela. Suspentsoagatiko erretze hori, ordea, oso berekoia iruditzen zait euren aldetik, gehientsuenek ez baitute aztertzen zergatik jasotzen duten suspentsoa. Dakigunez, euskara ikasteko orduan duten jarrera giltzarri izan daiteke hizkuntza ondo bereganatzeko orduan, eta esango nuke, gehienetan, oso jarrera egoistatik abiatzen dutela ikas-prozesua. Uste dute euskaltegira joate hutsarekin euskaldunduko direla, automatikoki, eta ahaztu egiten dute euskararekiko harremanean (gainerako guztietan bezala), hartzeaz gain, eman ere egin behar dela. Hots, ondo ikasi eta azterketa erraz gainditzeko, inplikatu beharra dute, eta euren eguneroko bizimoduan lekutxoa (edo lekutzarra, akaso) egin behar diote hizkuntza berriari. Ikasgelaz kanpo, baita ikasgelan bertan ere, egin egin behar dute euskaraz, jakin-mina erakutsi behar dute eta mundu berri bat arakatu; euskaldun komunitatearena, hain zuzen.

Hori guztia ez egitea, beraz, arduragabekeriaz jokatzea da, eta, suspentsoengatik haserretu barik, beren buruarekin haserretu beharko lirateke, hausnarketa prozesu bati ekin eta birpentsatu nola eta zergatik/zertarako ikasten duten euskara. Administrazioan lan egitea baldin badute helburu, euskara titulua ez da giltzarri, baizik eta lan hori berori euskaraz gauzatzea izan behar dute helburu. Jarrera-aldaketa hori barik, suspentso gehiago etorriko dira, ezbairik gabe.

2)      Irakasleek euskara modu eraginkor, dibertigarri eta dinamikoan irakatsi behar dute.
Egia ere bai. Ikasle tipologia eraldatu den moduan, irakasleok ere aldatu (zahartu?) gara, gizartea bera bezalaxe. Egia esanda, euskara erakundetzeak aldarazi gaitu, ikasle zein irakasle, euskara ikasirakasteko orduan. Bada salbuespenik, zorionez. Badira ikasi nahiz irakatsi era eraginkor eta atseginean egiten dutenak. Baina nekez irakats lekioke horrela ikasi nahi ez duen ikasleari, euskarari batere atxikimendurik ez dion ikasleari, edo euskara gorrotatu ere egiten duen ikasleari; eta, zorigaitzez, gero eta gehiago ditugu horrelako ikasleak. Ikasgela batean, ikasleen ehuneko handi batek, gehienek edo agian denek, euskararen kontrako jarrera agerikoa (edo ez aldekoa, behintzat) baldin badute, irakasleok ezer gutxi egin dezakegu, ezpada eskatzen diguten zerbitzua ematea. Azterketa gainditzea dute helburu bakarra, eta ezer ikasi barik lor badezakete, hainbat hobe; beraz, zerbitzu hori ematera behartuta gaude: azterketa prestatu eta gaindiaraztea.

3)      Aztertzaileak erabat inpartzialak izan behar dira.
Hala behar luke, bai. Baina horretarako tresnak eman behar dira, eta ez kendu, orain egin nahi duten bezala. Inpartzialtasunak objektibotasuna dakar berekin batera, eta objektibotasunak, irizpide-batasuna eta anonimotasuna ebaluatzean. Hori guztia lortzeko bide luzea eta lan eskerga egin da urteotan (EGAn, adibidez), baina, politikoki hain “zuzena” ez denez (politikariek berek kritikatzen baitituzte emaitzak, etengabe eta erdaraz kritikatu ere), ba, orain, euskaltegietara ekarri nahi dituzte azterketak, ikasle bakoitzari bere irakasle-lagunak eman diezaion gainditua, bere irizpide hutsen arabera, anonimotasunik gabe, subjektibotasuna oinarri, eta partzialtasunez jokatuta. Agian, irakasleoi hainbeste erreparatu beharrean, gehixeago begiratu beharko litzaieke politikariei eta horretan guztian aginte-ardura dutenei.

4)      Euskara maila bermatu behar da, erabiltzerakoan konfiantza eta segurtasun nahiko edukitzeko. Erabilera handitzeko gakoetakoa hori da.
Erabilera handitzeko benetako gakoa borondatea da, eta, arestian esanda bezala, ikasleek urri dute halakorik garaiotan (zenbait irakaslek ere bai, akaso). Erabilera eta maila bermatzekotan, beharra sortu eta sentiarazi behar da gizartean, baina benetako beharra, naturala, eta ez instrumental hutsa, horrexek piztuko baitu konfiantza eta segurtasuna erabiltzean. Garai batean euskaldundu ginenok badakigu zertaz ari garen: euskara(z) ikasteko beharrizan naturala sentitu genuen, Euskal Herrian bizitzekotan. Egun, ordea, ez dago halakorik.

Agian bai, ez dut ezetz esango. Baina, kontuz, ondo bereiz ditzagun erraztasuna eta errazkeria, azken honek goian aipatu dugun euskara maila zapuztu bailezake. Eta arauak aldatu baino gehiago, nolabait, erabilerari begirako irakaspenak behar dira; hau da, erabili egiten den euskara ikasirakatsi behar da euskaltegietan, konforme. Baina, horretarako, erabilera da gakoa, ikasgelan ikusten den teoria kaleko praktikara eroanda, bai eta kaleko euskara praktiko eta komunikatiboa ikasgelara bertara eramanda ere, garai batean egiten genuen bezala. Horrek, baina, neurri bateko militantismoa eskatzen du denon aldetik, eta horixe da galdera: horretarako prest al gaude denok, gaurkoa bezalako gizarte indibidualista eta instrumentalean? Ez ote gara erosoegi bizi euskararen instrumentalizazio horretan?

6)      Gramatika, hiztegia, eta abarrez gain, elementu kulturalei buruz galdetu daiteke?
Jakina. Hala izan behar du, noski. Ezagun da, azken batean, kultura oso baten transmisio tresna baino ez dela hizkuntza, eta, hortaz, berezko dituen elementu kulturalak ere inplizitu dakartza hizkuntza hori ikasirakasteak. Susmoa dut, ordea, gizarte globalizatu honetan, errazagoa zaiola edonori Amerikako edo ez-dakit-nongo elementu kultural bat bereganatzea bertoko beste ezein baino. Eta horretan, irakasleez ere ari naiz, noski. Euskal transmisio kulturala egitekotan, aurretik, transmisoreak berak propio izan behar baititu kultur elementuok bereganatuta, berezko. Eta lepoa egingo nuke hainbat eta hainbat euskara-irakasle sekula ez direla izan (ikusi?), esaterako, bertso-saio batean, maskarada edo pastoral batean. Eta ikasleez, zer esanik ez. Askoz errazagoa litzateke/da, ikasgelan, erdal telebistetako edozein saiori buruz edo Interneteko edozeri buruz jardutea euskal kulturako zeinahi elementuz aritzea baino. Nekez transmititu liteke norberak ez duenik edota norbera bizi den gizartean ez denik. Errealitate gordina da, azken finean.

7)      Ariketa alternatiboak/borondatezkoak planteatu daitezke azterketa edo “ebaluazio jarraian”? Adibidez, artikuluak idatzi, bikoizketa edo itzulpen publikoak, hau da, euskarari ekarpenak egitea?
Ariketa alternatiboak edota borondatezkoak planteatu daitezke, noski, baina azterketaren ordezko edo ebaluazioaren ardatz gisa ez, mesedez. Euskaltegiek ez dute beste “Bolonia” bat behar, Unibertsitateak duenaren antzerakoa. Sistema horrek Unibertsitatean eman dituen eta ematen ari den emaitzak ikusi besterik ez dago euskaltegietan zer ekar lezakeen aurreikusteko: anabasa. Nork eta nola kontrolatu lezake borondatezko ekarpen hori? Nola jakin nork egina den, norberak ala beste inork, bakarka ala taldean? Baldin eta euskara ikastea bera interes gutxikoa bazaie eta titulua eskuratzea lehenesten badute, ez diezaiegun aukera gehiago eman ziria sar diezaguten; dagoeneko, eskura dituzten zirrikitu guztiak aprobetxatzen dituzte euskara-egiaztapena erdiesteko, zer-nolako euskara dakiten eta inoiz erabiliko ote duten erreparatu gabe. Benetan nahi baldin badiote euskarari ekarpenik egin, egin diezaiotela, bai, egin dezatela titulua eskuratu aurretik, bitartean edota gerora, baina musu-truk, ezeren ordainetan egin gabe, besteok egiten dugun legez.

8)      Azterketak iraungipena izan dezake? Hau da, urte batzuen bueltan, berriro maila frogatu behar izatea? (TOEFL edo Gidabaimen azterketen moduan)
Lar ikusten dut nik titulazioari iraungitze-data ezartzea. Beharrezkoa liteke, agian. Izan ere, erabilerak baztertu beharko luke aukera hori, erabilerak soilik berma bailezake ikasitakoari eustea. Baina erabilera hain eskas dabilen honetan, jakina, berme handirik ez. Beharbada, erabilera derrigortuko luketen mekanismoak asmatu behar; hala nola, lanpostuak euskaraz, eta euskaraz derrigorrean. Ez lanpostu perfilatuak, non nahi duenak egiten baitu euskaraz bere gogoaren eta beharren arabera, baizik eta dena delako lana euskaraz gauzatzera derrigortzen duten lanpostuak. Nolatan egin halakorik, ordea, ditugun politikariekin? Nolatan, euskaraz ez dakiten politikari naziozaleekin, edo gaztelaniaz funtzionatzen duen legebiltzarrarekin?

9)      Azterketaren emaitza “gai” edo “ez gai” izateaz gain, nota zehatzagoa adierazi beharko litzateke? (ingeleseko azterketako agirietan egiten den bezala).
Berez, azterketek badute emaitza zehatzagoa. Baremo matematikoa behar izaten da emaitza bata ala bestea jarri ahal izateko, eta, hortaz, azterketaren atal bakoitzak badu bere emaitza zehatza, azken emaitzan eragingo duena. Baremo hori azken emaitzara ere ekartzea, ordea, ez dakit beharrezkoa ote den, azken finean, gaitasun hutsa neurtzen baita (GAI / EZ GAI), bere horretan, graduaziorik gabekoa. Gainerako titulazio gehienetan ere gaitasuna aitortzen da, nahiz eta barne sisteman espediente akademikoa egon; horrexetan zehazten da emaitza. Eta, nolabait esatearren, halako espediente akademikoa egon ere badago HABEk ematen dituen emaitzetan, izan ere, azterketaren atal bakoitza puntuatuta azaltzen baita, ikaslearentzat ikusgarri, emaitzak ematen dituen aplikazio informatikoan (Q87). Gauzak horrela, ez dut uste garrantzizkoa denik emaitza matematiko zehatzagorik ematea.

AZKEN OHARRA: Goian eman ditudan iritzi xumeok beren testuingurua behar dute. Zehatzago esanda, euskaltegien mundutxo horrek (ikasle, irakasle, azterketa…) niri neuri erakusten didan errealitatean oinarritu naiz iritziok emateko; hain zuzen, Bilbo aldeko Ibar Ezkerrean den errealitate soziolinguistikoan txertatua, bertako euskaltegi batean ematen baititut eskolak. Egongo da bestelako errealitaterik, jakina, bai eta bestelako iritzirik ere.