2022(e)ko irailaren 29(a), osteguna

¡YA TENGO EL BEDÓS!

Mi madre me ha dicho que tengo que sacarme el CEÚNO, que el BEDÓS ya me lo dan en la escuela”. Gaztetxo bati entzunda. Ez dakit zenbat urte izango zituen, baina hori entzun eta Mikel Basaberen “Hezkuntza-legeak euskarari kalte” artikulua irakurrita, argi eta garbi ikusten dut euskarak jai duela. Izan ere, B1 eta B2 egiaztapenak opari, euskaltegira C1 eskuratu nahian etortzen direnen euskara-maila negargarria (oro har) ikusita, nolatan euskaldunduko dugu gizartea? Ba ote dago benetako gogorik eta asmorik horretarako?

Eusko Jaurlaritza tematu da titulazioetan oinarritzen hizkuntza-politika oro, eta, halako titulu edo hizkuntz eskakizunen azterketa suspenditzea politikoki oso zuzena ez denez, beroriek oparitzea erabaki du, titulazio bakoitzari dagokion (edo legokiokeen) maila nabarmen gutxituta. Egun, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eginda, B1 aitortzen zaio nerabe bati, eta Batxilergoa eginda, B2. Hezkuntza-lege berriaren arabera, aurrerantzean errazagoa izango da dena: DBH egiteagatik B2 aitortuko, eta Batxilergoagatik C1. Eta hori guztia inolako azterketarik edo kontrolik egin gabe; “de facto”, berez, ikasketak “euskaraz” egin izanagatik. Baina horren harira egindako ikerketek agerian utzi dute eskolako D ereduak ez duela euskalduntzen; beraz, C1 tituluak ez du inolako euskalduntasunik aitortzen.

Izan ere, edozeinek daki euskalduntasuna ez duela titulu batek ematen, ezeinek ere ez. Euskalduna ez baita C1, C2 edo aurrerantzean asmatuko den beste edozein egiaztapen duena, baizik eta, titulua edukita edo barik, eguneroko bizimoduan euskaraz moldatzen dena, gehienbat euskaraz bizitzea-edo erabaki duelako moldatu ere. Halere, trebakuntzari, erabilerari bultza egin beharrean, Eusko Jaurlaritzak paperean islatuta nahi du balizko euskalduntasun hori, eta, horrela, tituludunez betetzen ari gara Administrazioa, gizartea bera, gerora estatistikak beteko dituzten tituludunez, baina erabileran gainbehera dakar politika horrek; nabarmen egin du behera euskararen erabilerak, asnasguneetan adibidez, bai eta erabiltzen den euskararen kalitateak berak ere, diotenez.
 
Gauzak horrela, ez dakit zein izango den hurrengo urratsa. Irudipena dut unibertsitatean ikasgairen batzuk euskaraz egiteagatik C2 ere oparituko dela egunen batean. Eta irudipena dut, orobat, euskara eskasean ikasten diren eduki eta kontzeptuak ere eskas ikasten edo barneratzen direla; erabilerak ez ezik kalitateak ere, kale.
 
Tira, aurrera omen goaz (atzeraka, ordea, hainbaten ustez), eta, estatistiketan zein ondo goazen hobeto islatzeko, opari gehiago egitea proposatuko nuke; esaterako, Euskal Herrian sortze hutsagatik C2 aitortu lekioke jaioberriari, eta kanpotik datorkigun horri, berton hainbat urte emateagatik, C1. Zergatik ez? Martxa honetan, hablemos todos castellano, euskaraz ari garelakoan, como desía el Txiki aquel de Lazcano, ezta?
 
A! Eta kontuz lerrootan diodana kritikatzearekin, que yo ya tengo el CEDÓS, e!

2022(e)ko abuztuaren 1(a), astelehena

IRAKASKUNTZATIK TREBAKUNTZARA

Euskara, gaur egun, ataka estu batean trabaturik dagoela inor gutxik ukatzen du; euskaldunak, zeresanik ez. EAEn, Euskararen ofizialtasuna legez ezarri zenetik hamarkada batzuk igaro dira eta, denbora horretan guztian, hiru lurraldeotan egin den hizkuntz politikak euskararen ezagutza izan du oinarri eta ardatz; hau da, euskara(z) maila batean edo bestean «jakin» beharra eskatzea izan da politika horren ildo nagusia, horretarako, B1, B2, C1 edo C2 egiaztapena eskatuz lanpostuaren arabera.
Horrela, azken lau hamarraldi hauetan, teorian, ezagutza maila onargarria lortu da EAEko gizartean, Hezkuntzako D eredua sustatzearekin batera euskaltegien sareak ere lan mardula eginik. Baina ezagutza maila horrek, ordea, ez du hein bereko erabilerarik ekarri, ez gizarte mailan (kaleko bizimoduan), ez lan-munduan (Administrazio publikoko nahiz enpresa pribatuetako lanpostuetan); hori diote, behintzat, urterik urte egin ohi diren inkestek. Izan ere, euskaraz jakiteak, berez, ez du esan nahi dakien hori euskaraz “biziko” denik, eta, areago, tilulazio bat edo beste eskatzea bera traba bihur daiteke, hain zuzen, erabilerarako.
 
Arkaitz Zarraga Azumendiren “Euskara ezin da zaila izan” artikulua irakurrita, bertan dioenez, “larritasunez ikusi dugu euskara “zaila” dela uste dutela askok, eta susmoa dugu euskaltegiok badugula errurik horretan. Azterketek erabat baldintzatzen dituzte euskararekiko loturak, baita irakasteko modua ere” Hau da, azterketek jendea erakarri barik euskaratik aldentzea ere ekar dezakete eta, hortaz, “bada garaia azterketei buelta bat emateko, ezagutzaren bermea lortzeko bide berriak jorratzeko, eta ikasle tipologia zabalagoetara heltzeko”. Ondorio logikoa dirudi.
 
Gauzak horrela, eta xedea euskara erabiltzea bada, agerian da hizkuntza politika aldatu beharra dagoela, helburuetan bezalaxe bitartekoetan ere, ezagutza datu teorikoetatik balizko erabilera proportzional batera jauzi eginez. Hau da, unea iritsi da teoriatik praktikara jauzi egiteko, ezagutzatik erabilerara. Nola, ordea?
 
Errezeta magikorik ez ei dago ezertarako ere, eta, noski, euskara kontuetarako ere ez, baina nago aukerak baino gehiago gogo eta ausardia falta dagoela, falta zaiola, gizarteari barik, Administrazio publikoari berari. Eta ausardia behar da, hain zuzen, erabilera eskatzeko orduan, eta, halaber, berori bermatzeko bitartekoak jartzeko garaian.
 
Euskaltegiek, egun, irakaskuntza eta trebakuntza batera jorratu beharko lituzkete; titulazio teoriko bat eskatzea bainoago, euskara gaitasuna neurtzeko bestelako tresnak aktibatu behar dira, eta horretarako bide bakarra trebakuntza eskatzea eta eskaintzea da; edo eskaintzea eta eskatzea, nahiago bada. Hau da, euskaltegietako eskolak ezin dira azterketa zehatz bat prestatzera bideratu, euskara erabiltzera, euskaraz trebatzera baizik.
 
Trebakuntzarako jauzi hori emateko, euskaltegian bertan, batetik, euskara irakasteko ohiko eskola gramatikal eta teorikoez gain, trebetasun hartzaileak lantzeaz gain, tailerrak-edo eskaini behar dira trebetasun ekoizle edo sortzaileak lantzeko. Idazmena eta mintzamena sorkuntza lana da, eta horrexetan trebatu beharra dago erabilera sustatuko bada. Eta tailerrok ikasleek ezinbestean burutu beharrekoak izan behar, eta irakasleek ebaluatu beharrekoak, azterketa teorikorik egin aurretik; areago, azterketara aurkeztu ahal izateko baldintza “sine qua non” izanik.
 
Bestetik, euskaltegiek beren baitatik irten behar dute eta, bertako tailer edo direnak direlako horiez gain, kanpoko trebakuntza esparruak ere landu behar dituzte, lan-munduan bereziki. Irakasleak irakasle hutsa izatetik harago, trebatzaile ere izan behar du. Lanpostuetan txertatu, bertako lankideekin nahasi eta, eurekin euren lanetan laguntzaile jardunda, aurretik euskara maila jakin bat duten “lankide” berri horiek euskarara e(ra)karri, euskaraz eginez eta eginaraziz.
 
Baina erabileran oinarritutako halako euskalduntze prozesuak, noski, exijentzia maila bat behar du aurretik, atzetik edo behetik. Hau da, Administrazio publikoak edo botere politikoak babestu ezean, ezin da erabilerarik eskatu, eta babes publiko politiko hori lortzeko, erabateko sinesmen edo konbentzimendua izan behar dugu hizkuntz politika horretan, erakusleihoetako itxurakerietan jausi barik. Botere publiko horrek erabilera guneak eskatu (exijitu) behar lituzke, legez babestu eta, eraginkorak direla bermatzeko, bitartekoak eskaini, trebakuntza-guneetako trebatzaileak indartuz.
 
Batek batek esango dit horixe dela, neurri handi batean behintzat, Euskaraldiak dagiena, bi urterik bi urtera eragin eta handituz joateko asmoa ei duena. Baina ez, hizkuntz politikak ezin ditu hanka bat ezagutzan eta bestea (herritarron) borondatean jarri eta horrek euskararen salbazioa ekarriko duela pentsatu; exijitzeko garaia da, eta exijentziak (legezko) babes potilikoa behar du. Noiz izan da EAEn orain baino babes potiliko (teorian) handiagorik?

2022(e)ko uztailaren 20(a), asteazkena

DE(SDE) SIEMPRE

Andoni Egañaren BETIDANIK (Berria, 2022.07.17koa) irakurri eta lerrook idazteko gogoa piztu zait, nik DE(SDE) SIEMPRE izenburuaz bildu nahi ditudanak.

Gaztetxoa nintzela, Karrantza Harana sorterriko La Escrita izenaz ezaguna den sarrerako portu txikiari erreferentzia egiteko, nik ESKITA entzun nuen, lehenengoz, aita nuenaren ahotik. Bitxia begitandu zitzaidan, nik «desde siempre» La Escrita zela entzuna bainuen, baina belaunaldi oso bat zaharragoko baten ahotik Eskita entzuteak zalantzatan jarri zidan nire «beti(ko)tasun» hura. Orduko herrikide lagun eta ezagunekin komentatu eta ezeini ere ez zitzaion ezaguna egin Eskita izena; aitaren kinto batzuek, ordea, baietz zioten, lehen hala esaten zitzaiola Karrantzatik eta Iturriotzeko Uribarrirako (Villaverde De Trucioserako) errepide-igarobideari. Belaunaldi oso baten, edo agian biren, kontua ei zen izendapen berria; edo betidaniko izendapenaren eraldaketa, hobeto esanda.

Gerora, euskalduntzeari ekin nion eta, nonbait edo norbaiti entzunda, Eskita hura euskarazko toponimoa ere izan zitekeela ikasi nuen. Eta, gutxika-gutxika, neure burua euskaldunago sentitu ahala, Enkarterri osoan zehar halako beste hamaikatxo kasu ere badaudela ikusi eta ikasi dut; Garapeko (Sopuertako) Las Barrietas, lehen Olabarrieta zena; Muskizko Las Carreras, garai batean Lakarr(i)eta omen zena (Gallarta Galarreta bezala); edota Trapagarango La Reineta, berez Larraineta ei dena. Bertakoek, halere, betidanik edo beti (de(sde) siempre) LAS edo LA izan direla pentsatzen dute; dagoeneko donostiar askok ere bertako hondartza bat LA Zurriola betidanikoa dela uste duten bezala. 

Oso argudio indartsua izan ohi da 'beti' DE(SDE) SIEMPRE («beti», «betidanik» edo «betiko») adberbio edo izenlagunak erabiltzea, darabiltzatenentzat. Eta 'betiko' (PARA SIEMPRE) eralda dezakete paisaia linguistikoa ere, hizkuntzaz aldarazteraino eraldatu ere, inoizkoa izan ez dena betiko bilakatuz; akaso entzun beharko dugu, noizbait, oraingo ingururik euskaldunenean ere betidanik izan dela erdara (nagusi), eta betiko bihurtu erdal herri. Batek daki!

 

2022(e)ko martxoaren 16(a), asteazkena

SEMEAK KROMOETAN

Semeak, oso futbolzaleak ez diren arren, eskolako inertziak bultzatuta edo, futbol-kromoak gora eta behera dabiltza aurten ere. Urteroko kontua izan ohi da; Espainiako futbol-liga bolo-bolo ibiltzen dute Hego Euskal Herriko (ia) eskola-ume guztiek.

Seme gazteak zaharrari haietako bat aldatu nahi diola diotso, eta nik, parean entzule naizela, zera diotsat lehenengoari, ea margotuta, zimurtuta edo zer eginda aldatuko dion, ea zertan datzan egin nahi dion aldaketa. Lipar batez bi-biak pentsakor gelditu eta zaharrak ezetz, aldatu barik, trukatu egingo diola esan dit, berak kromo bat eman eta anaiaren beste bat jasoko duela trukean.

Badirudi ikasi egin dutela ALDATU eta TRUKATU ez direla ekintza bera. Eta nik gogoan CAMBIAR izan ote duten galdetu diot neure buruari; azken batean, zorioneko futbol-kromoen zer hori, futbola bera bezalaxe, erdal kontua da, ezta? 

Tira, aldaketa ez, trukaketa egin dute, eta berorretan objektu izan diren kromoetako bat Oyarzábal delako jokalari batena izan da. Eta, kromoari begiratzeaz bat, seme zaharrak, ezezkoan, Oyarzábal hori euskalduna ez ote den galdetu dit, ezen arraroa egin baitzaio deiturako Y greko hori. Eta nik baietz, gipuzkoarra omen dela eta, ziurrenik, euskaraz jakingo duela, eta, bidenabar, zera azaldu diot, berez ez dela OYARZÁBAL ez idazten, ez ahoskatzen, OIARTZABAL idatzi eta OIÁRTZABÁL ahoskatu behar dela baizik, abizen euskalduna delako, berez.

Zeharka begiratu didate biek ala biek, halako maisu lanak-eta eskolan bertan nahiko eta  sobera dituztela esan nahi balidate bezala; ez matrakarik emateko, alegia. Eta oraingoan, ordea, neu gelditu naiz pentsakor, zenbat erdara eta zeinen erraz ikasten duten gure ume euskaldunek erdal erreferenteen bitartez, eta zenbat min, bai eta zenbateko mina ere, egiten ote dion euskaldun erreferente batek euskarari, Euskararen Herriari, erdararen estandarte bihurtuta.

Tira, asteazken arratsalde bateko psikolasto bat besterik ez da izan; beste bat gehiago.

 

2022(e)ko urtarrilaren 4(a), asteartea

ANALFABETISMOA GUREA

Ez da inoren gustukoa analfabetoa dela entzutea, are eta gutxiago, entzuten duen horrek ikasketak dauzkala eta hizkuntzak (bi, gutxienez) dakizkiela jakina denean. Izan ere, analfabetoa ei da idazten edota irakurtzen ez dakiena, edo baita oso kultura eskasekoa dena ere, hiztegiak dioenaren arabera. Eta euskaldunok, denok edo gehien-gehientsuenok behintzat, bi hizkuntza dakizkigu (euskara eta gaztelania, edota frantsesa) hemengoak izate hutsagatik; berton bizi diren elebakarrak esango nuke erdaldunak direla gehienbat. Eta, bi hizkuntzok jakiteaz gain, erabili ere egiten ditugu egunerokoan, ahoz nahiz idatziz, dela lanagatik, dela harremanengatik, edo dena delakoagatik. Hortaz, nekez esan liteke analfabetoak garela gu, euskaldunok. Ala bai?
Kontua da, gaur egun, hizkuntzaren erabilera idatzia askoz handiagoa dugula lehen baino, seguruenik, sare sozialen erabileragatik beragatik, batez ere pandemia garaion. Eta hor, hizkuntza idatzi horretan, erraz eta nabarmenagoa izaten da analfabetoak antzematea, analfabetismoa baita, ez bakarrik idazten edota irakurtzen ez jakitea, baita hizkuntzaren arau ortografikoak, sintaktikoak, gramatikalak… ez menderatzea ere; esaterako, hizkuntzan barik, hizkeran idazten dugun hori, oso fenomeno zabaldua baita, egun, hizkeran idaztea, idazkera bazter utzita. Une oro ibiltzen gara hizkuntza eta hizkera nahasten, batik bat, euskaraz aritzen garenean; gaztelaniaz, ordea, bi kategoria horiek hobeto errespetatzen dakigula esango nuke.
 
Euskaraz jardutean, sare sozialetan bereziki, agerian utzi nahi izaten dugu geure jatorria, eta, “jatorrismo” horren izenean (berori jatortasuna ez baita, praktikatzen duenaren ustearen kontra), hitzak laburtu, elkartu, hizkiak aldatu edo beste edozein arau-hauste egiten diogu gure hizkuntzari, euskarari. Gaztelaniaz edo frantsesez egingo ez genukeena euskaraz egiten dugu, nolabaiteko berezitasun pertsonala agertu nahian, besterengandik bereiziko gaituena, euskaldun baino euskaldunagoak garela erakusteko asmotan.
 
Baina, esanda bezala, jatortasunik gabeko jatorrismoan erortzen gara horrela jokatuta; analfabetismoan, alegia. Barregarri uzten dugu geure burua, eta, bidenabar, geure hizkuntzan berean zeinen analfabetoak garen ezkutatzen ahalegintzen gara, horrela “nahita” edo idazten dugulakoan, baina agian batuan (bizkaiera, gipuzkera edota edozein euskara batuz ari naiz) dugun “ezina” edo “gabezia” ezkutatuz.
 
Gaztelaniaz halakorik idatzita ikusiko bagenu, zalantzarik gabe, barre egingo genioke egileari, eta, ziurrenik, bere hizkuntzan alfabetatzera gonbidatu ere egingo genuke, bere hobe beharrez, denon on beharrez. Euskaraz, ostera, irudipena dut lausengatu egiten dugula bere berbaera idazten duena, losintxaka ibiltzen gatzaizkiola mintzamoldea idaztankera bihurtzen duenari, pentsatu ere egin gabe zenbateko kaltea eragiten dion horrek euskaldungoari, euskaldunon komunitateari bere osotasunean, egilea barne.
 
Benetan nahi baldin badugu euskarak atxikimendua eta ekarritasuna izan dezan, behar-beharrezkoak ditugu euskaldun erreferenteak, noski, baina, era berean, konturatu beharra dugu gu geu garela geure buruaren erreferenterik hurbilen eta behinenak, beharrezkoenak, ezinbestekoak. Has gaitezen, bada, euskaldun eredugarriak izaten, geure hobe beharrez, denon on beharrez.