Ez da inoren gustukoa analfabetoa dela entzutea, are eta gutxiago, entzuten duen horrek ikasketak dauzkala eta hizkuntzak (bi, gutxienez) dakizkiela jakina denean. Izan ere, analfabetoa ei da idazten edota irakurtzen ez dakiena, edo baita oso kultura eskasekoa dena ere, hiztegiak dioenaren arabera. Eta euskaldunok, denok edo gehien-gehientsuenok behintzat, bi hizkuntza dakizkigu (euskara eta gaztelania, edota frantsesa) hemengoak izate hutsagatik; berton bizi diren elebakarrak esango nuke erdaldunak direla gehienbat. Eta, bi hizkuntzok jakiteaz gain, erabili ere egiten ditugu egunerokoan, ahoz nahiz idatziz, dela lanagatik, dela harremanengatik, edo dena delakoagatik. Hortaz, nekez esan liteke analfabetoak garela gu, euskaldunok. Ala bai?
Kontua da, gaur egun, hizkuntzaren erabilera idatzia askoz handiagoa dugula lehen baino, seguruenik, sare sozialen erabileragatik beragatik, batez ere pandemia garaion. Eta hor, hizkuntza idatzi horretan, erraz eta nabarmenagoa izaten da analfabetoak antzematea, analfabetismoa baita, ez bakarrik idazten edota irakurtzen ez jakitea, baita hizkuntzaren arau ortografikoak, sintaktikoak, gramatikalak… ez menderatzea ere; esaterako, hizkuntzan barik, hizkeran idazten dugun hori, oso fenomeno zabaldua baita, egun, hizkeran idaztea, idazkera bazter utzita. Une oro ibiltzen gara hizkuntza eta hizkera nahasten, batik bat, euskaraz aritzen garenean; gaztelaniaz, ordea, bi kategoria horiek hobeto errespetatzen dakigula esango nuke.
Euskaraz jardutean, sare sozialetan bereziki, agerian utzi nahi izaten dugu geure jatorria, eta, “jatorrismo” horren izenean (berori jatortasuna ez baita, praktikatzen duenaren ustearen kontra), hitzak laburtu, elkartu, hizkiak aldatu edo beste edozein arau-hauste egiten diogu gure hizkuntzari, euskarari. Gaztelaniaz edo frantsesez egingo ez genukeena euskaraz egiten dugu, nolabaiteko berezitasun pertsonala agertu nahian, besterengandik bereiziko gaituena, euskaldun baino euskaldunagoak garela erakusteko asmotan.
Baina, esanda bezala, jatortasunik gabeko jatorrismoan erortzen gara horrela jokatuta; analfabetismoan, alegia. Barregarri uzten dugu geure burua, eta, bidenabar, geure hizkuntzan berean zeinen analfabetoak garen ezkutatzen ahalegintzen gara, horrela “nahita” edo idazten dugulakoan, baina agian batuan (bizkaiera, gipuzkera edota edozein euskara batuz ari naiz) dugun “ezina” edo “gabezia” ezkutatuz.
Gaztelaniaz halakorik idatzita ikusiko bagenu, zalantzarik gabe, barre egingo genioke egileari, eta, ziurrenik, bere hizkuntzan alfabetatzera gonbidatu ere egingo genuke, bere hobe beharrez, denon on beharrez. Euskaraz, ostera, irudipena dut lausengatu egiten dugula bere berbaera idazten duena, losintxaka ibiltzen gatzaizkiola mintzamoldea idaztankera bihurtzen duenari, pentsatu ere egin gabe zenbateko kaltea eragiten dion horrek euskaldungoari, euskaldunon komunitateari bere osotasunean, egilea barne.
Benetan nahi baldin badugu euskarak atxikimendua eta ekarritasuna izan dezan, behar-beharrezkoak ditugu euskaldun erreferenteak, noski, baina, era berean, konturatu beharra dugu gu geu garela geure buruaren erreferenterik hurbilen eta behinenak, beharrezkoenak, ezinbestekoak. Has gaitezen, bada, euskaldun eredugarriak izaten, geure hobe beharrez, denon on beharrez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina