2018(e)ko otsailaren 16(a), ostirala

ERABILERARAKO LEXIKOA

Ezagun da, erabilerari dagokionez, euskara ez dabilela oso sasoiko aspaldi honetan. Askoz gehiago ei dira euskaraz dakitenak euskara egunerokoan erabiltzen dutenak baino, balizko erabiltzaileak eguneroko hiztunak baino, euskaraz ongi molda litezkeenak berez moldatzen direnak baino; euskaradunak euskaldunak baino, alegia. Eta errealitate gordin horren azterketak diosku hainbat direla hala gertatzeko arrazoiak: erdarek duten indarra, globalizazioak dakarren euskararekiko atxikimendu falta, euskararen beraren araugintzak ezartzen duen kortsea…

Bada, nire ustez, beste arrazoietako bat zera dugu: lexikoaren egokitzapen falta. Hau da, bizia den hizkuntza batek berez sortu eta behar dituen berba berriak onartu eta hiztegiratzeko gaitasun falta. Ea gai naizen zer esan nahi dudan azaltzeko.
Egun, oso ohikoa izaten da agertzen diren fenomeno edo kontzeptu berriak izendatzeko hitz berriak sortzea. Gehientsuenak erdaretatik datozkigu, azken batean, erdarek sortzen dituztelako lehenen berba horiek, bereziki, ingelesak. Horra hor, esaterako, teknologia berrien haritik iritsi zaizkigunak: e-mail, WhatsApp, hashtag, tweet… Horrelakoak egunero-egunero erabiltzen ditugun terminoak dira eta, erabiliaren erabiliaz, baten batzuk euskaratu ere egin ditugu, baina arrakasta maila ezberdinak lortuaz, hitzaren arabera. Izan ere, mailak gora eta behera ibiltzen gara, e-postak guztiz baztertuta, posta elektronikoa nahiz mezua bera adierazteko; buruhauste galantak izaten ditugu zorioneko whastsapp hitza zuzen idazteko (batez ere ingelesez ez dakigunok), berau ere zerbitzua zein mezuak izendatzeko; ahaleginean ari gara idazten nahiz ahoskatzen hain zaila den hashtag euskarara ekartzen, eta badirudi traol arrantza-tresna bezala izendatzea adostu dugula, gaztelaniazko “almohadilla” zeinuaren antzekotasunagatik; oraindik ere, kostata erabiltzen dugu txio eta txiokatu gaztelaniazko tuit eta tuitear baztertu guran…

Horien gainean, baina, nik dakidala, ez dago erabaki formalik, eta, horrela, erabiltzaileon esku gelditzen da terminologia berria ezartzea. Oztopo handirik jarri ez eta jada hiztegietan agertzen hasiak dira halakoak, nahiz eta, oraindik ere, terminook formaldu eta beraien erabilera erabat orokortzeko dezente falta dela esango nukeen.

Badira, ordea,  bestelako terminoak, euskara errazte aldera edo, gero eta ohikoagoak eta erabiliagoak direnak, baina, nolabait esatearren, errezelo handiagoz begiratzen diegunak, nolabaiteko debekua jarri nahian, euskararen jatortasunaren edo halako zerbaiten izenean. Eta termino horiek, hain zuzen, hainbeste behar ditugun hiztun berrien eskutik heldu zaizkigula aitortu behar. Horregatik, beharbada, hiztegian onartzeko hainbesteko errezeloa, bai berezko euskaldunen aldetik, bai hiztegigintza eta lexikografia arautzen dutenen aldetik.
Halako bi adibide baino ez ditut ekarriko hona: sukaldatu eta txizatu. Ez bata ez bestea ez dira hiztegietan azaltzen, euskarazko hitzak ez direlako seinale, baina barra-barra entzuten dira han-hemenka, hiztun berrien ahotan ez ezik, gero eta jatorrizko hiztun gehiagorenean ere. Entzun orduko alarma guztiak piztu eta zigortu ere egiten dugu haien erabilera, halako jatortasun (jatorrismo?) baten aldarri gisa.

Hiztegiak, batetik, badakar kozinatu, janaria prestatu hobesten duen arren, baina, etimologiari dagokionez, behintzat, logikoagoa begitantzen zaio sukaldatu euskaldun berriari. Bestetik, pixa/txiza egin dakar, baina era bihurkarian aldean txiza egin erabili beharko genuke (nahiz eta gero eta maizago entzuten dugun gainean egin), eta hiztun berriari errazagoa egiten zaio txizatu; azken finean, lo egin eta lokartu esaten dugu, bi-biak onartu eta hiztegiratuta, azken horren ordez lo hartu edo loak hartu hobetsi balitezke ere.

Tira, azken finean, esan nahi dut badirudiela bi neurgailu edo onarpen-maila ezberdin ditugula hitz berriak onartzerakoan, hitzok nondik datozen. Eta nago hori guztia euskararen araugileek, Euskaltzaindiak edo, zertxobait zehaztu beharko luketela, euskaldunon komunitatearen hobe beharrez. Agian, bada garaia guatxapa ere idazten hasteko, ez uste, irakurle?

2018(e)ko otsailaren 7(a), asteazkena

ZER IRITZI DUDAN?

Lehengo asteburuan ZUZEU.EUS orainkarian argitara emandako artikulu honetan, euskararen egiaztapenak direla-eta, “kontuan hartu beharreko hainbat kontu” aipatu eta haien gaineko iritzia eskatzen zitzaigun irakurleoi.
Ziur nago artikulua irakurri dugun gehienok nolabaiteko erantzuna eman diegula puntu horiei, geure baitarako, behintzat. Eta ni neu, irakurleaz gain euskara irakaslea ere banaizenez, azaletik baino ez bada ere, iritzia idatziz ematera ausartuko naiz, zuzen-zuzenean inplikatua bainago euskara ikasirakaste horretan.

Hona hemen puntuok, hitzez hitz:
  1. Ikasle asko “erreta” daude suspentsoen ondorioz. Euskarari (edo euskarazko azterketari, behintzat) gorroto hartzeko arriskua dago. Egia da, berez, ikasle askok euskara ikasten dutela modu instrumentalean, hau da, soil-soilik administrazioan lan egiteko aukera delako.
  2. Irakasleek euskara modu eraginkor, dibertigarri eta dinamikoan irakatsi behar dute.
  3. Aztertzaileak erabat inpartzialak izan behar dira.
  4. Euskara maila bermatu behar da, erabiltzerakoan konfiantza eta segurtasun nahiko edukitzeko. Erabilera handitzeko gakoetakoa hori da.
  5. Euskarazko arau batzuk sinplifikatu edo erraztu litezke?
  6. Gramatika, hiztegia, eta abarrez gain, elementu kulturalei buruz galdetu daiteke?
  7. Ariketa alternatiboak/borondatezkoak planteatu daitezke azterketa edo “ebaluazio jarraian”? Adibidez, artikuluak idatzi, bikoizketa edo itzulpen publikoak, hau da, euskarari ekarpenak egitea?
  8. Azterketak iraungipena izan dezake? Hau da, urte batzuen bueltan, berriro maila frogatu behar izatea? (TOEFL edo Gidabaimen azterketen moduan)
  9. Azterketaren emaitza “gai” edo “ez gai” izateaz gain, nota zehatzagoa adierazi beharko litzateke? (ingeleseko azterketako agirietan egiten den bezala).

Eta horien gaineko nire iruzkin apalak, honatx:

1)      “Ikasle asko “erreta” daude suspentsoen ondorioz. Euskarari (edo euskarazko azterketari, behintzat) gorroto hartzeko arriskua dago. Egia da, berez, ikasle askok euskara ikasten dutela modu instrumentalean, hau da, soil-soilik administrazioan lan egiteko aukera delako.”
Egia da ikasle askotxo erreta daudela. Suspentsoagatiko erretze hori, ordea, oso berekoia iruditzen zait euren aldetik, gehientsuenek ez baitute aztertzen zergatik jasotzen duten suspentsoa. Dakigunez, euskara ikasteko orduan duten jarrera giltzarri izan daiteke hizkuntza ondo bereganatzeko orduan, eta esango nuke, gehienetan, oso jarrera egoistatik abiatzen dutela ikas-prozesua. Uste dute euskaltegira joate hutsarekin euskaldunduko direla, automatikoki, eta ahaztu egiten dute euskararekiko harremanean (gainerako guztietan bezala), hartzeaz gain, eman ere egin behar dela. Hots, ondo ikasi eta azterketa erraz gainditzeko, inplikatu beharra dute, eta euren eguneroko bizimoduan lekutxoa (edo lekutzarra, akaso) egin behar diote hizkuntza berriari. Ikasgelaz kanpo, baita ikasgelan bertan ere, egin egin behar dute euskaraz, jakin-mina erakutsi behar dute eta mundu berri bat arakatu; euskaldun komunitatearena, hain zuzen.

Hori guztia ez egitea, beraz, arduragabekeriaz jokatzea da, eta, suspentsoengatik haserretu barik, beren buruarekin haserretu beharko lirateke, hausnarketa prozesu bati ekin eta birpentsatu nola eta zergatik/zertarako ikasten duten euskara. Administrazioan lan egitea baldin badute helburu, euskara titulua ez da giltzarri, baizik eta lan hori berori euskaraz gauzatzea izan behar dute helburu. Jarrera-aldaketa hori barik, suspentso gehiago etorriko dira, ezbairik gabe.

2)      Irakasleek euskara modu eraginkor, dibertigarri eta dinamikoan irakatsi behar dute.
Egia ere bai. Ikasle tipologia eraldatu den moduan, irakasleok ere aldatu (zahartu?) gara, gizartea bera bezalaxe. Egia esanda, euskara erakundetzeak aldarazi gaitu, ikasle zein irakasle, euskara ikasirakasteko orduan. Bada salbuespenik, zorionez. Badira ikasi nahiz irakatsi era eraginkor eta atseginean egiten dutenak. Baina nekez irakats lekioke horrela ikasi nahi ez duen ikasleari, euskarari batere atxikimendurik ez dion ikasleari, edo euskara gorrotatu ere egiten duen ikasleari; eta, zorigaitzez, gero eta gehiago ditugu horrelako ikasleak. Ikasgela batean, ikasleen ehuneko handi batek, gehienek edo agian denek, euskararen kontrako jarrera agerikoa (edo ez aldekoa, behintzat) baldin badute, irakasleok ezer gutxi egin dezakegu, ezpada eskatzen diguten zerbitzua ematea. Azterketa gainditzea dute helburu bakarra, eta ezer ikasi barik lor badezakete, hainbat hobe; beraz, zerbitzu hori ematera behartuta gaude: azterketa prestatu eta gaindiaraztea.

3)      Aztertzaileak erabat inpartzialak izan behar dira.
Hala behar luke, bai. Baina horretarako tresnak eman behar dira, eta ez kendu, orain egin nahi duten bezala. Inpartzialtasunak objektibotasuna dakar berekin batera, eta objektibotasunak, irizpide-batasuna eta anonimotasuna ebaluatzean. Hori guztia lortzeko bide luzea eta lan eskerga egin da urteotan (EGAn, adibidez), baina, politikoki hain “zuzena” ez denez (politikariek berek kritikatzen baitituzte emaitzak, etengabe eta erdaraz kritikatu ere), ba, orain, euskaltegietara ekarri nahi dituzte azterketak, ikasle bakoitzari bere irakasle-lagunak eman diezaion gainditua, bere irizpide hutsen arabera, anonimotasunik gabe, subjektibotasuna oinarri, eta partzialtasunez jokatuta. Agian, irakasleoi hainbeste erreparatu beharrean, gehixeago begiratu beharko litzaieke politikariei eta horretan guztian aginte-ardura dutenei.

4)      Euskara maila bermatu behar da, erabiltzerakoan konfiantza eta segurtasun nahiko edukitzeko. Erabilera handitzeko gakoetakoa hori da.
Erabilera handitzeko benetako gakoa borondatea da, eta, arestian esanda bezala, ikasleek urri dute halakorik garaiotan (zenbait irakaslek ere bai, akaso). Erabilera eta maila bermatzekotan, beharra sortu eta sentiarazi behar da gizartean, baina benetako beharra, naturala, eta ez instrumental hutsa, horrexek piztuko baitu konfiantza eta segurtasuna erabiltzean. Garai batean euskaldundu ginenok badakigu zertaz ari garen: euskara(z) ikasteko beharrizan naturala sentitu genuen, Euskal Herrian bizitzekotan. Egun, ordea, ez dago halakorik.

Agian bai, ez dut ezetz esango. Baina, kontuz, ondo bereiz ditzagun erraztasuna eta errazkeria, azken honek goian aipatu dugun euskara maila zapuztu bailezake. Eta arauak aldatu baino gehiago, nolabait, erabilerari begirako irakaspenak behar dira; hau da, erabili egiten den euskara ikasirakatsi behar da euskaltegietan, konforme. Baina, horretarako, erabilera da gakoa, ikasgelan ikusten den teoria kaleko praktikara eroanda, bai eta kaleko euskara praktiko eta komunikatiboa ikasgelara bertara eramanda ere, garai batean egiten genuen bezala. Horrek, baina, neurri bateko militantismoa eskatzen du denon aldetik, eta horixe da galdera: horretarako prest al gaude denok, gaurkoa bezalako gizarte indibidualista eta instrumentalean? Ez ote gara erosoegi bizi euskararen instrumentalizazio horretan?

6)      Gramatika, hiztegia, eta abarrez gain, elementu kulturalei buruz galdetu daiteke?
Jakina. Hala izan behar du, noski. Ezagun da, azken batean, kultura oso baten transmisio tresna baino ez dela hizkuntza, eta, hortaz, berezko dituen elementu kulturalak ere inplizitu dakartza hizkuntza hori ikasirakasteak. Susmoa dut, ordea, gizarte globalizatu honetan, errazagoa zaiola edonori Amerikako edo ez-dakit-nongo elementu kultural bat bereganatzea bertoko beste ezein baino. Eta horretan, irakasleez ere ari naiz, noski. Euskal transmisio kulturala egitekotan, aurretik, transmisoreak berak propio izan behar baititu kultur elementuok bereganatuta, berezko. Eta lepoa egingo nuke hainbat eta hainbat euskara-irakasle sekula ez direla izan (ikusi?), esaterako, bertso-saio batean, maskarada edo pastoral batean. Eta ikasleez, zer esanik ez. Askoz errazagoa litzateke/da, ikasgelan, erdal telebistetako edozein saiori buruz edo Interneteko edozeri buruz jardutea euskal kulturako zeinahi elementuz aritzea baino. Nekez transmititu liteke norberak ez duenik edota norbera bizi den gizartean ez denik. Errealitate gordina da, azken finean.

7)      Ariketa alternatiboak/borondatezkoak planteatu daitezke azterketa edo “ebaluazio jarraian”? Adibidez, artikuluak idatzi, bikoizketa edo itzulpen publikoak, hau da, euskarari ekarpenak egitea?
Ariketa alternatiboak edota borondatezkoak planteatu daitezke, noski, baina azterketaren ordezko edo ebaluazioaren ardatz gisa ez, mesedez. Euskaltegiek ez dute beste “Bolonia” bat behar, Unibertsitateak duenaren antzerakoa. Sistema horrek Unibertsitatean eman dituen eta ematen ari den emaitzak ikusi besterik ez dago euskaltegietan zer ekar lezakeen aurreikusteko: anabasa. Nork eta nola kontrolatu lezake borondatezko ekarpen hori? Nola jakin nork egina den, norberak ala beste inork, bakarka ala taldean? Baldin eta euskara ikastea bera interes gutxikoa bazaie eta titulua eskuratzea lehenesten badute, ez diezaiegun aukera gehiago eman ziria sar diezaguten; dagoeneko, eskura dituzten zirrikitu guztiak aprobetxatzen dituzte euskara-egiaztapena erdiesteko, zer-nolako euskara dakiten eta inoiz erabiliko ote duten erreparatu gabe. Benetan nahi baldin badiote euskarari ekarpenik egin, egin diezaiotela, bai, egin dezatela titulua eskuratu aurretik, bitartean edota gerora, baina musu-truk, ezeren ordainetan egin gabe, besteok egiten dugun legez.

8)      Azterketak iraungipena izan dezake? Hau da, urte batzuen bueltan, berriro maila frogatu behar izatea? (TOEFL edo Gidabaimen azterketen moduan)
Lar ikusten dut nik titulazioari iraungitze-data ezartzea. Beharrezkoa liteke, agian. Izan ere, erabilerak baztertu beharko luke aukera hori, erabilerak soilik berma bailezake ikasitakoari eustea. Baina erabilera hain eskas dabilen honetan, jakina, berme handirik ez. Beharbada, erabilera derrigortuko luketen mekanismoak asmatu behar; hala nola, lanpostuak euskaraz, eta euskaraz derrigorrean. Ez lanpostu perfilatuak, non nahi duenak egiten baitu euskaraz bere gogoaren eta beharren arabera, baizik eta dena delako lana euskaraz gauzatzera derrigortzen duten lanpostuak. Nolatan egin halakorik, ordea, ditugun politikariekin? Nolatan, euskaraz ez dakiten politikari naziozaleekin, edo gaztelaniaz funtzionatzen duen legebiltzarrarekin?

9)      Azterketaren emaitza “gai” edo “ez gai” izateaz gain, nota zehatzagoa adierazi beharko litzateke? (ingeleseko azterketako agirietan egiten den bezala).
Berez, azterketek badute emaitza zehatzagoa. Baremo matematikoa behar izaten da emaitza bata ala bestea jarri ahal izateko, eta, hortaz, azterketaren atal bakoitzak badu bere emaitza zehatza, azken emaitzan eragingo duena. Baremo hori azken emaitzara ere ekartzea, ordea, ez dakit beharrezkoa ote den, azken finean, gaitasun hutsa neurtzen baita (GAI / EZ GAI), bere horretan, graduaziorik gabekoa. Gainerako titulazio gehienetan ere gaitasuna aitortzen da, nahiz eta barne sisteman espediente akademikoa egon; horrexetan zehazten da emaitza. Eta, nolabait esatearren, halako espediente akademikoa egon ere badago HABEk ematen dituen emaitzetan, izan ere, azterketaren atal bakoitza puntuatuta azaltzen baita, ikaslearentzat ikusgarri, emaitzak ematen dituen aplikazio informatikoan (Q87). Gauzak horrela, ez dut uste garrantzizkoa denik emaitza matematiko zehatzagorik ematea.

AZKEN OHARRA: Goian eman ditudan iritzi xumeok beren testuingurua behar dute. Zehatzago esanda, euskaltegien mundutxo horrek (ikasle, irakasle, azterketa…) niri neuri erakusten didan errealitatean oinarritu naiz iritziok emateko; hain zuzen, Bilbo aldeko Ibar Ezkerrean den errealitate soziolinguistikoan txertatua, bertako euskaltegi batean ematen baititut eskolak. Egongo da bestelako errealitaterik, jakina, bai eta bestelako iritzirik ere.