2018(e)ko otsailaren 16(a), ostirala

ERABILERARAKO LEXIKOA

Ezagun da, erabilerari dagokionez, euskara ez dabilela oso sasoiko aspaldi honetan. Askoz gehiago ei dira euskaraz dakitenak euskara egunerokoan erabiltzen dutenak baino, balizko erabiltzaileak eguneroko hiztunak baino, euskaraz ongi molda litezkeenak berez moldatzen direnak baino; euskaradunak euskaldunak baino, alegia. Eta errealitate gordin horren azterketak diosku hainbat direla hala gertatzeko arrazoiak: erdarek duten indarra, globalizazioak dakarren euskararekiko atxikimendu falta, euskararen beraren araugintzak ezartzen duen kortsea…

Bada, nire ustez, beste arrazoietako bat zera dugu: lexikoaren egokitzapen falta. Hau da, bizia den hizkuntza batek berez sortu eta behar dituen berba berriak onartu eta hiztegiratzeko gaitasun falta. Ea gai naizen zer esan nahi dudan azaltzeko.
Egun, oso ohikoa izaten da agertzen diren fenomeno edo kontzeptu berriak izendatzeko hitz berriak sortzea. Gehientsuenak erdaretatik datozkigu, azken batean, erdarek sortzen dituztelako lehenen berba horiek, bereziki, ingelesak. Horra hor, esaterako, teknologia berrien haritik iritsi zaizkigunak: e-mail, WhatsApp, hashtag, tweet… Horrelakoak egunero-egunero erabiltzen ditugun terminoak dira eta, erabiliaren erabiliaz, baten batzuk euskaratu ere egin ditugu, baina arrakasta maila ezberdinak lortuaz, hitzaren arabera. Izan ere, mailak gora eta behera ibiltzen gara, e-postak guztiz baztertuta, posta elektronikoa nahiz mezua bera adierazteko; buruhauste galantak izaten ditugu zorioneko whastsapp hitza zuzen idazteko (batez ere ingelesez ez dakigunok), berau ere zerbitzua zein mezuak izendatzeko; ahaleginean ari gara idazten nahiz ahoskatzen hain zaila den hashtag euskarara ekartzen, eta badirudi traol arrantza-tresna bezala izendatzea adostu dugula, gaztelaniazko “almohadilla” zeinuaren antzekotasunagatik; oraindik ere, kostata erabiltzen dugu txio eta txiokatu gaztelaniazko tuit eta tuitear baztertu guran…

Horien gainean, baina, nik dakidala, ez dago erabaki formalik, eta, horrela, erabiltzaileon esku gelditzen da terminologia berria ezartzea. Oztopo handirik jarri ez eta jada hiztegietan agertzen hasiak dira halakoak, nahiz eta, oraindik ere, terminook formaldu eta beraien erabilera erabat orokortzeko dezente falta dela esango nukeen.

Badira, ordea,  bestelako terminoak, euskara errazte aldera edo, gero eta ohikoagoak eta erabiliagoak direnak, baina, nolabait esatearren, errezelo handiagoz begiratzen diegunak, nolabaiteko debekua jarri nahian, euskararen jatortasunaren edo halako zerbaiten izenean. Eta termino horiek, hain zuzen, hainbeste behar ditugun hiztun berrien eskutik heldu zaizkigula aitortu behar. Horregatik, beharbada, hiztegian onartzeko hainbesteko errezeloa, bai berezko euskaldunen aldetik, bai hiztegigintza eta lexikografia arautzen dutenen aldetik.
Halako bi adibide baino ez ditut ekarriko hona: sukaldatu eta txizatu. Ez bata ez bestea ez dira hiztegietan azaltzen, euskarazko hitzak ez direlako seinale, baina barra-barra entzuten dira han-hemenka, hiztun berrien ahotan ez ezik, gero eta jatorrizko hiztun gehiagorenean ere. Entzun orduko alarma guztiak piztu eta zigortu ere egiten dugu haien erabilera, halako jatortasun (jatorrismo?) baten aldarri gisa.

Hiztegiak, batetik, badakar kozinatu, janaria prestatu hobesten duen arren, baina, etimologiari dagokionez, behintzat, logikoagoa begitantzen zaio sukaldatu euskaldun berriari. Bestetik, pixa/txiza egin dakar, baina era bihurkarian aldean txiza egin erabili beharko genuke (nahiz eta gero eta maizago entzuten dugun gainean egin), eta hiztun berriari errazagoa egiten zaio txizatu; azken finean, lo egin eta lokartu esaten dugu, bi-biak onartu eta hiztegiratuta, azken horren ordez lo hartu edo loak hartu hobetsi balitezke ere.

Tira, azken finean, esan nahi dut badirudiela bi neurgailu edo onarpen-maila ezberdin ditugula hitz berriak onartzerakoan, hitzok nondik datozen. Eta nago hori guztia euskararen araugileek, Euskaltzaindiak edo, zertxobait zehaztu beharko luketela, euskaldunon komunitatearen hobe beharrez. Agian, bada garaia guatxapa ere idazten hasteko, ez uste, irakurle?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina