2026(e)ko urtarrilaren 3(a), larunbata

MAPA LINGUISTIKOAREN GARRANTZIA

Zentzumenez atzematen ez den oro ez omen da ezer, diotenez. Hau da, dastatu, usaindu, ukitu, entzun edota ikusten ez dena ez da existitzen. Eta euskara, Bilbon edo Euskal Herriko beste leku erdaldundu askotan, nekez atzeman daiteke, euskaldunen euren ahalegin handi eta nekaezinari esker ez bada. Horregatik, behar-beharrezkoa izaten da euskara agerraraziko duen hizkuntz politika bat, jendearen zentzumenetara eramango duena. Eta, beraz, euskara halako tokietan (ere) hizkuntza ofiziala bada, nahitaezkoa da bertako esparru publikoan azaltzen den edozein adierazpen euskaraz (ere) izatea, legez izan ere. Bestela, eta euskara ez den erdara baino ez bada ikusarazten, euskararik ez da toki horietan guztietan, euskaldunak zokoratu eta ikusiezin izatera kondenatuz.

Bada, gaur egun halako politika linguistiko ausartik ez egotea kezkagarria da, oso, eta horrek Euskararen Pizkunderako ekarpena egin barik, euskararen itzalaldia bultzatzen duela esango nuke nik. Izan ere, lehengo hilaren 27an Miribillan ikusi genuena oso ondo dago, eta behar-beharrezkoa da, noski, euskaltzaleon kontzientzia amatatu ez eta berpiztu dadin, baina erakunde publikoen inplikazio zintzo eta ausartari ere ezinbesteko deritzot nik, den-dena ezin baita euskaltzaleon borondate hutsa izan; zentzumenetan eragin egin behar da egunerokoan, Euskal Herriko inguru eta txoko orotan.

Horrela, Jose Mari Pastorrek BERRIAko bere zutabean galdetuta bezala, “euskararen arrastorik ez eta erakunde publikoen laguntza jaso?” Ba ote? Gure kaleetako espazio publikoa okupatu al daiteke erdara hutsean? Negozio bat ireki daiteke eta bide publikora jotzen duen negozio horren kartel iragarleak hitz bat bera ere ez euskaraz? Ez al da, ba, euskara (ere) ofiziala, EAEko hiru lurraldeotan behintzat? Ez dut ulertzen, esaterako, nolatan den posible beheko argazki honetako bezalako negozio bat herriko (Zumaiako) kale nagusian (Erribera kalean) ireki eta bertako udalak ezertxo ere ez esatea, ez egitea...

Eta zenbat halako, ez baita kasu bakarra, ez horixe, gero eta gehiago eta gehiagotan ari baikara ikusten (entzuten...) kalean erdara hutsean iragartzen direnak (afixak, menu-kartak, eskaintzak...), eta, euskarari muzin egiteaz gain, euskaldunak baztertu eta umiltzera ere ausartzen direnak, Bilboko Ledesma kaleko Bilbao Berria jatetxea bezala, zeinek “berria” adjektibotik harago ez baitu hitz erdirik ere agertzen euskaraz, baina euskaldunak kaleratzen ditu beltzak izateagatik, Sambou Diaby-ri gertatu bezala.

Eta ez, ez da nahikoa ohartxo bat ateratzea (erdara hutsean berori ere) barkamena-edo eskatzeko. Halakoen aurrean zorrotz jokatu behar lukete erakundeek, eta, oro har, hizkuntz politika ausartagoak, askoz ere ausartagoak, egin behar dituzte euskal erakunde publiko guztiek; bestela, ez da pizkunderik gauzatuko.