2025(e)ko abenduaren 27(a), larunbata

EUSKARA PIZTU?

Batzuetan, kuadrillan poteak hartzen ibiltzen garenean, zaila izaten da jakitea zein den azken potea, beti ere beste bat hartzeko tentazioa egoten delako, eta norberak esan behar “ez, ni banoa”, aitzakia bat edo beste jarrita, normalean. Beste bat gehiago, beste behin, berdin jarraitu eta hurrengo batean ostera ere berdin jokatzeko. Bada, halako zerbait gertatzen zait aspaldion euskalgintzarekin ere.

Gaur, abenduak 27, goiz partean jaso dut azken gonbita Euskalgintzaren Pizkundera joateko, Bilboko Miribillara. Ezetz esan diot lagunari, egiatan makal samar nabilelako egunotan fisikoki, baina, bestela ere, halakoetarako batere gogorik ez dudala konturatu naiz, eta hitzok idaztera jarri nau sentipen horrek. Bizitza osoan, hamarkada askoan, ekitaldi berdinetan ibili ostean, ekitaldi beretan, edo berean, amaitu ezinik sentitzen naiz batzuetan halakoetan. “Berriro?”, galdetzen diot neure buruari. Noiz arte, baina?

Irudipena dut aldarrikapen oro dagoeneko folklore bilakatu dela euskal lurrotan. Edozer bihurtzen dugu jai-gai eta, jaizale garenez, errepikatu nahi izaten dugu jai hori, eperik epe. Baina, jaia amaitzean, errealitateak irensten gaitu, eta gu eroso-eroso murgiltzen gara bertan. Jaiak (elkarretaratzeak, festibalak, manifestazioak edo dena delakoak) dirauen bitartean, ozen eta indartsu aldarrikatzen dugu aldarrikatu beharrekoa, euskaraz aldarrikatu ere, eta, jaia amaitzean, otzandu eta isildu egiten gara, erdararen besoetara berriro ere eroriaz, eta hurrengora arte. Koherenteak izan ohi gara tarteka-marteka, baina inkoherenteak ere besteka.

Euskara piztu? Benetan piztu nahi ote dugu ezer? Ez dakit nik, ba! Gero eta zalantza handiagoak ditut, eta denbora agortuz doa ezer argitzekotan, ezer piztekotan. Ea betetzen duzuen Miribilla, euskaltzale horiek, arrakastarik handiena opa dizuet eta, zinez.

2025eko abenduaren 27an, etxean, goizeko 10:28an.