Gehienbat gaztetxoei baina hainbat guraso eta irakasleri ere barra-barra entzun ohi diet urlia laugarren LHn (4. LHn), sandia hirugarren DBHn (3. DBHn) edota berendia bigarren batxi(llerrea)n (2. BATXI(LLERrea)n) dabiltzala. Eta, halakoetan, berehala zuzentzeko gogoa ematen badit ere, normalean ez dut ezer esaten, lankide lagun batek dioenez, nahikoa baitute euskaraz behintzat esatea, eta zuzentzeak erdarara jotzera bultza ditzake. Dena dela, hiru multzo horietako batek zuzen erabiliz gero, agian gainerako biek ere zuzen lerabilkete, ezta?
Kontua da “garrentasuna” euskaraz ondo adieraztea kostatzen zaigula euskaldunoi, antza. Horra hor zer-nolako kaka-nahastea dugun hamarkadekin, eta zenbatetan entzuten dugun “larogeigarren hamarkada (80. hamarkada)”, esaterako, “laurogeiko hamarkada (80ko hamarkada)” behar lukeenean. Dirudienez, irakaskuntzako zikloekin ere beste horrenbeste gertatzen zaigu, eta, erdararen eraginez edo ez, gero eta maizago entzuten dira halako molde desegokiak.
Bada, goiburuan esanda bezala, Lehen Hezkuntza (LH), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) eta Batxilergoa zikloak dira, eta, beraz, ezin zaie garrentasunik aplikatu, haietako bakoitza bat eta bakarra baita, nahiz eta hirurek ere hainbat ikasturte biltzen dituzten beren baitan. Hortaz, nola esan edo idatzi behar ditugu beroriek? Honatx:
TXARTO edo GAIZKI |
ONDO edo ONGI |
||
L E H E N H E Z K U N T Z A |
|||
1. LH |
Lehenengo LH |
LH1 / LH-1 |
LHko 1.a |
2. LH |
Bigarren LH |
LH2 / LH-2 |
LHko 2.a |
3. LH |
Hirugarren LH |
LH3 / LH-3 |
LHko 3.a |
4. LH |
Laugarren LH |
LH4 / LH-4 |
LHko 4.a |
5. LH |
Bosgarren LH |
LH5 / LH-5 |
LHko 5.a |
6. LH |
Seigarren LH |
LH6 / LH-6 |
LHko 6.a |
D E R R I G O R R E Z K O B I G A R R E N H E Z K U N T Z A |
|||
1. DBH |
Lehenengo DBH |
DBH1 / DBH-1 |
DBHko 1.a |
2. DBH |
Bigarren DBH |
DBH2 / DBH-2 |
DBHko 2.a |
3. DBH |
Hirugarren DBH |
DBH3 / DBH-3 |
DBHko 3.a |
4. DBH |
Laugarren DBH |
DBH4 / DBH-4 |
DBHko 4.a |
B A T X I L E R G O A |
|||
1. BATXI |
Lehenengo batxilerra |
BATXI1 / BATXI-1 |
Batxilergoko 1.a |
2. BATXI |
Bigarren batxilerra |
BATXI2 / BATXI-2 |
Batxilergoko 2.a |
Bidenabar, batxilerra eta batxilergoa ez dira guztizko sinonimoak. Izan ere, batxilergoa nolabait batxilerrez osatua dago, beroriek norbanakoak baitira, ikasleak eurak, eta batez ere batxilergoa da zikloa; nolanahi ere, bi-biak L bakar batez idatziak.
Hau da, esate baterako, ez dugu esan behar “Jon bigarren batxilerrean dabil”, “Zaloak hirugarren DBHa amaitu du” edo “June bigarren LHko ikaslea da”, baizik eta “Jon batxilergoko bigarrenean dabil / Jon BATXI-2n dabil”, “Zaloak DBHko hirugarrena amaitu du / Zaloak DBH-3 amaitu du” eta “June LHko bigarren mailako ikaslea da / June LH-2ko ikaslea da”.
Irakaskuntzan maisu-maistrek eta irakasleek zuzen erabiliz gero, ikasleek eurek, baita gurasoek ere, zuzen erabiliko dute, ziur.