Bada Galdakaon Bizkai izena duen kalea, bere horretan, mugagabean. Beste hainbat herritan ere euskal mendebaldeko lurralde hau gogoan duten hainbeste kale dira, baina, horietatik nik ezagutu ditudanak behintzat, Bizkaia dira, era enuntziatibo mugatuan, hain zuzen.
Aspaldion, ordea, eta bereziki zorioneko koronabirusaren eguneroko kutsatzeen datuak ematean, hitzetik hortzera entzun izan ditut, EiTB Komunikazio Taldeko irrati-telebista publikoetan entzun ere, «Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan», «Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako...» eta antzeko erabilera okerrak, hau da, artikulua A- itsatsitzat joaz. Baina Bizkai osoan ondo asko dakigu Bizkaikoak garela bizkaitarrak, ez Bizkaiakoak; Bizkaitik Bizkaira eta Bizkaian.
EiTB Komunikazio Taldeak gehixeago zaindu beharko lituzke esan/idatzi egiten dituenak. Dena dela, ez dakit zergatik tematzen diren une oro hiru lurraldeok aipatzen, horretarako EAE hizkiak edukita; Euskal Autonomi(a) Erkidegoa, alegia. Badakigu euskal lurralde historikoek errealitate politiko administratibo ezberdinak osatzen dituztela, hainbat ñabardura dituzten izendapenak (EAE, Foru Komunitatea, Euskal (Hirigune) Elkargoa, Iparralde, Euskadi, Euskal Herria…), baina gehiago bereizten gaituzten izendapen “pribintzialistak” baino egokiago litzateke, nazio ikuspegi batetik abiatuta, batzen gaituen izendapen bakarra erabiliko balitz, nik uste.