Lagun batek aspaldi esaten zidan geu ginela euskaldun berrien azken belaunaldia. Haren ustez, geroztik, euskaldun berri gutxitxo sortu dira, hainbat arrazoi tarteko. Eta, egia esanda, begiratua atzera eman eta lagunak arrazoi zuela pentsatzen hasia nago neu ere.
Sasoi hartan, laurogeiko hamarkadan, baita laurogeita hamarrekoaren lehenengo erdian ere, gizartean bizi izaten genuenak euskaltegira bultzatzen gintuen gazte erdaldunok, euskaltegiak euskaradun bihurtu eta gu geu euskaldundu egiten ginen. Euskara(z) ikasteaz gain, euskal kulturaren zantzuak behintzat, euskaldunen balioak eta bizimodua ere geureganatzen genituen, dena batera eta guk nahita; lau paretaren arteko eskolez gain, euskara bizia ere ezagutzen genuen, herri euskaldunetara, kultur ekitaldietara eta abarretara joanda.
Harrezkeroko belaunaldiek, ordea, modu aseptikoago batean ikasi dute euskara. Euskal munduak eragin litzakeen zirrara eta sentipenetatik at ikasi dute, hizkuntza soil gisa, eta funtzio eta helburu ia bakarra dutela: euskara-egiaztapena eskuratzea, titulazioa. Apurka-apurka, gainera, askozaz ere tresna eta aukera gehiago izan dute euskara eskura izateko; direla euskarazko hainbat eta hainbat hedabide eta ekintza, edo dela, nagusiki, eskola publikoko D eredua. Guk izan ez genituen lanabesak, alegia.
Hala ere, aldeko faktore askoz gehiago izan arren, badirudi inplikazio gutxiago eta atxikimendu eskasagoa dutela euskal munduarekiko; bereziki, euskara eta euskal kulturarekiko. Izan ere, euskara jakitea (ez euskaraz jardutea) Administrazio publikoan lanposturen bat edo beste eskuratzeko erreminta hutsa dute; ez dute ezertarako ere baliagarritzat jotzen, oposizioetan hainbat puntu lortzetik harago; lotsagarri eta barregarri deritzote eguneroko harreman pertsonal eta sozialetarako erabiltzeari; ez dira euskaraz jakiteagatik harro sentitzen, eta are gutxiago euskaraz bizitzera animatzen; EUSKARADUN estatusa erdietsita, bost axola zaie EUSKALDUN izatea edo ez.
Eta, orain, guraso garen garai hartako euskaldun berriok lan nekeza izaten dugu gure ondorengoak euskaldun izan daitezen, euren gizartean nolabait euskaraz bizi dadin. Horregatik diot lagunak arrazoi zuela, euskaltegietan nahiz eskola publikoetan, oro har, euskaldun berriak bainoago euskaradun berriak sortzen ari garela uste dudalako; estatistikak betetzeko balio duten tituludun berriak, alegia, politikoki (batzuentzat) zeinen ondo ari garen zuritzeko balio duten datuak, azken finean. Datuok, baina, ez dute Euskal Herria iraunaraziko.