Atzoko
erdal egunkari batean #JorgeFerrerAzpitartek
idatzitako “HABE está de rebajas” eskutitza irakurri ondoren, eta, aztertzaile ohia
nahiz euskaltegiko irakaslea naizenez, honako hitzok argitara eman beharra
sentitu dut gaur, lehenago #Twitterren egin dudan bezalaxe.
#Koronabirusaren pandemia dela eta, ezohiko neurri asko hartu behar izan dira gure
eguneroko bizimoduaren arlo guztietan, eta, nola ez, euskararen inguruko
kontuetan ere bere eragina izan du zorioneko birusak. Horrela, euskararen
egiaztagintza prozesuan izan dituen ondorioetako bat izan da B2, C1 eta C2
mailetako azterketak sine die atzeratu
behar izana, harik eta, hilaren aurreko 15ean, #HABEk argitaratu duen ebazpen
baten bidez, beroriek berrabiatu eta aldaketa batzuk ezarri dituen arte;
aldaketen artean, deialdi itxian ahozko probarik egin ez eta mintzamenaren
ebaluazioa euskaltegien esku uztea izan da harrigarriena.
Bada,
Twitterren nioen bezala, esan beharrekoak esan egin behar dira, eta, esaerak
dioena zertxobait moldatuta, ondo esanak gogoan hartu, baina gaizki esanak… salatu.
Eta horrexegatik eskertu nahi izan ditut Jorgeren atzoko hitzak, ikasle baten
ikuspuntutik duten zintzotasunagatik, eta, aldi berean, hitzok neure egiten
ditudala agertu eta HABEren erabakiaren okerra salatu ere bai. Dena dela, HABE
erakundeaz harago, oso deigarria begitantzen zait euskaltegien beren isiltasun
gorgarria ere (nahiz eta bertako
langileon artean bai entzuten diren kritikak eta salaketa hitzak), ezen
euskaltegiei berei, bereziki, interesatu beharko bailitzaieke egiaztagintza
prozesua neutrala, orekatua eta bermeduna bezain gardena izatea.
Izan
ere, bat-batean eta ezelako abisurik eman gabe, euskaltegietako (maila horietako) irakasle guztiok
aztertzaile bilakatu gaitu HABEk.
Bat-batean, gure ikasleen egiaztagintza-prozesuari begira gauzatzen ari ginen
programazio guztia hankaz gora jarri du, azterketa-atalen ordena iraulita. Eta, horrela, ezbairik
gabe, sekulako arrakala sortu du, irakasleon artean ez ezik, euskaltegien euren
artean ere, den-denak, irakasle nahiz euskaltegi, maila ezberdinean kokatuz,
ikasleekin duten (dugun) jokaeraren
arabera.
Azterketa
prozesuan indarrean egon behar duen berdintasun printzipioa, bai eta
anonimotasuna ere, bertan behera utzi ditu HABEk, oraingoan,
ikasleen ohiko irakasleak aitortuko baitie (edo
ez) bere ikasleei mintzamen maila. Neutraltasuna eta objektibotasuna bazter
utzita, tokian tokiko eta egoeraren araberako partzialtasuna eta
subjektibotasuna saritu nahi izan ditu pandemiaren aitzakiatan. Izan ere, irakasleen
eta ikasleen arteko harreman pertsonalak ezin du gutxieneko berdintasun
traturik bermatu ebaluazioan; norberaren filiak eta fobiak, nola edo hala,
nahitaez, islatuko dira emaitzetan, erabat subjektiboak izango diren emaitzetan
(tituluetan, azken finean).
Eta,
egia esanda, ez dakigu erabakiaren jatorrian zer ote dagoen, pandemiarena
aitzakia hutsa ez ote den, ezen nekez uler baitaiteke nolatan egingo diren
proba guztiak deialdi irekian, eta deialdi itxian, ordea, ez; edota nolatan, esaterako, milaka azterketari
batu #BECen
idazmena egiteko, eta ahozko proba bertan behera utzi.
Geroak argitu diezagula
oraina, baina ez dadila euskara, beste behin ere, albo-kalteak ordaindu behar
dituena, nahikoa du-eta itxialdian erakundeen aldetik pairatu behar izan duen
kaskarkeriarekin.