Lehengoan (asteon, 2020/01/22an), BERRIA egunkarian
Zuriñe Rodríguez Larak eta Ibai Fresnedok idatzitako GU iritzi artikulua irakurrita, pentsakor gelditu eta gogora
etorri zitzaidan zenbatetan borrokatu behar izan ote naizen zorioneko euskaldunberritasunarekin, eta horretaz
neronek ere zer edo zer idatziko nuela, ziurrenik, iraganean. Gaur, zertxobait
astitsuago nabilela, neure testu zaharretan arakatzen ibili naiz, eta hara,
orain ia hamar urte idatzi nuen testutxoa topatu dut, non euskaldun berrien eta
zaharren arteko bereizkeria maiseatzen nuen. Eta, antza, oraindik ere
gaurkotasuna duenez, hona ekarri eta zurekin, irakurle, partekatzea erabaki
dut. Honatx:
Topikoa bezain tipikoa izaten da, euskaldunon
artean behintzat, geure buruaz berba egitean, bereizketarik egin nahi ez izatea
euskaldunberrien eta euskaldunzaharren artean. Besteren
aurrean, zuzenagoa ei da esatea denok garela euskaldun eta, jakina, horrexek
batzen gaituela; beraz, zertarako egin bereizkeriarik gure artean?
Ni neu ere
horrelakoa izan naiz gehienetan, politikoki zuzena, alegia. Baina susmoa dut,
sakon-sakonean, denok oraindik ere egin egiten dugula bereizketa hori, jendaurrean
gustatzen ez zaigula esan arren. Batzuek, euskaldunzaharrek, euren harrotasuna
agerian uzteko egiten dute, inork ere ez dezan ahaztu “benetako” euskaldunak
direla; hau da, ez direla gerora ikasiak, betidanikoak baizik, eta, euren
euskalduntasunari dagokionez, jatortasuna dutela hizkuntza kontuetan ere.
Besteek, berriz, kasu anitzetan nire ustez, “benetakoen” aldean beren
umiltasuna agerian uzteko egiten dute bereizketa hori. Nolabait, beren burua
bigarren mailako euskalduntzat joaz, euskara eskasagoa eta artifizialagoa
dutela onartzen dute, eta, nonbait, badakite sekula ez direla zaharrak bezain
euskaldun izango, horrelakoak jaio egiten direlako eta ez gerora egin. Ahoa
euskaraz ireki orduko, lehenengo berbak barkamena eskatzeko izaten dituzte
maiz, ezer esan aurretik, euskaldunberriak direla argi eta garbi utzita.
Bi multzo horiez
gain, noski, bada besterik ere, bada bestelako euskaldunik. Nik neuk, egia
esanda, ez dut neure burua ez talde batean ez eta bestean ere kokatzen. Eta,
orduan, zera galdetuko diozue zeuen buruari: “Eta zer dela-eta erroilu hau
guztia? Zertarako, Roberto, ukatzen duzun zerbait hainbeste aldarrikatu?”
Bada, kontua da
nazkatu samartuta nagoela euskaldunzahar askok euskaldunberrioz duten estimu
eskasarekin. Eta, horregatik, albait ozenen, lau haizeetara zabaldu nahi dut
euskaldun berria naizela, euskaldunberri, eta ez euskaldunzahar, dena hitz
bakarrean, aurretik idatzi dudan bezala, horrela etiketatuta gauzkalako
zorioneko gizarte honek.
Izan ere,
euskaldunzahar horietako askok pentsatzen dute, antza, euren modura egiten ez
badugu euskaraz, ez garela eurak bezain euskaldun. Ez dute euskaraz ikasteko
egin dugun ahalegina aintzat hartzen eta, oraindik ere, plastikozko euskaratzat
dute gurea, euskaldunberriona. Horrela, ez digute euren euskal komunitatean
sartzeko aterik irekitzen, eta erdara darabilte gurekin, gurekin jardutean euskararik
ateratzen ez zaielako aitzakian; baina mespretxu osoz egiten dute, nik uste.
Gainera, horietako asko alfabetatu bakoak dira eta ez dira gai, esaterako, hau
bezalako testu sinple bat gutxieneko erraztasunez irakurri eta ulertzeko; ez
dira konturatzen sasi-analfabetoak edo erabateko analfabetoak direla euren
jatorrizko hizkuntzan eta euskarak hurkoenekin eta zakurrekin komunikatzeko
baino ez diela balio, bestela, erdarara jo behar izaten baitute; areago,
euskaldunzahar barik, euskaldunTXar esan beharko litzaieke horietako askori,
baina...
Beste askok, ordea,
eta hauek dira txarrenak, ez dute onartzen eurak ere, azken finean, euskaldunberriak
direla, euskaraz (batuan, alegia) alfabetatu behar izan dutelako erabateko
euskaldun sentitu ahal izateko. Jakin badakite batuan egiten, ederto egin ere,
baina edozein aukera baliatzen dute euren hizkera “jator” eta “parekaezina”
agerian uzteko, nahiz eta, segur aski, testuinguruak euskara batua erabiltzea
zuzen eta egokiagotzat joko lukeen. Horrelako euskaldunzaharrek badakite hau
bezalako testu errazak eta askoz ere konplexu eta aberatsagoak irakurtzen,
ulertzen eta sortzen ere, noski. Baina, nolabait, nabarmen utzi behar izaten
dute, ahal bestetan, bereizketa bat (bereizkeria?)
egin behar dela euren eta besteon artean. Eta hain dute obsesio handia
bereizketa hori egiteko, ezen, sarritan, hizkera hori berori, ahozkotasunari
dagokion hori, idazteraino ere ausartzen baitira; lagunarteko e-postak direla,
Interneteko eztabaidagune, foro edo blogak direla...
Tira, irakurle, ez
pentsa haserre nagoenik inorekin, eta are gutxiago euskaldunokin, berauei nahi duzun
adjektiboa jarrita ere. Burura behin baino gehiagotan etorri zaidan gogoeta
baino ez da hau, beste psikolasto bat, bat gehiago, eta, oraingoan, idatzi
beharra sentitu dut, euskaldun berria naizelako. Horixe da guztia.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina