Betitik, euskara
ikasten hasi nintzenetik, arreta berezia hartu izan dit euskarazko (zenbait) hitzen
sortzeak berak; izan ere, askotan, hitz batek bere baitan beste hainbat hitz
gordetzen ditu eta horien arteko harremanak sortzen du hitz hori. Horrexek eman
izan dit atentzioa.
Horrelako berba asko daude (lar,
aukeran), baina bereziki batek, bere esanahiagatik edo, ematen dio zentzua
diodan honi; HARREMAN hitzaz ari naiz, hain zuzen. HARTU eta EMAN eleen arteko
konbinazioak sortzen duen HARREMAN hitzak euskaradunon eta euskararen arteko
erlazioa azaltzen baitu, hein handi batean.
Garbi dago harreman
batean ezinbestekoak d(ir)ela hartzea zein ematea, bestela, ez baitago
harremanik. Jakina, biak ala biak ez dira proportzio berean izaten ezein
harremanetan, batzuetan, hartu bainoago eman egiten delako, eta, bestetzuetan (gehienetan, nire ustez), askoz gehiago
hartzen delako eman baino. Nolabait, harreman perfektua liteke proportzio
berean hartu eta ematen deneko hori, baina, egia esanda, desorekatuak izan ohi
dira harremanak, nik uste.
Gakoa da zenbaterainokoa
den (des)proportzio hori. Hau da, zer ehunekotan finkatzen den hartzearen eta
ematearen arteko elkarbizitza hori; elkarbizitza baita, azken finean, harreman
oro. Eta ehuneko jakin batetik gorako (des)proportzioa denean, harremana
bukatutzat ematen da, eten egiten da, desegin, amaitu (bestek jar ditzala ehuneko matematikoak, nik ez). Normalean,
gutxien jasotzen duenak, hots, berak eman baino askoz ere gutxiago jasotzen
duenak, eteten du erlazioa, baina gerta daiteke, eta gertatu egiten da, gutxien
ematen duenak ere amaitu nahi izatea harreman hori, eta horrexegatik, hain
zuzen, gero eta gutxiago ematea. Gizakion arteko harreman orotan gertatzen da
hori, eta, horrela, (des)proportzioaren araberako harremanez harreman bizitzen
goaz, harremanak sortuz eta eutsiz/amaituz.
Bada, euskaradunok
euskararekin dugun harremanean ere beste horrenbeste gertatzen da, nire ustez.
Bizi garen Euskal Herri diglosiko honetan badakigu, jakin, euskara ez dela ezinbestekoa
bizitzeko (zentzu praktikoaz ari naiz, ez
sentimentalaz), eta, hortaz, geuk erabakitzen dugu zenbateko harremana
dugun euskararekin. Batzuk euskaraz sortu (munduratu) eta bizitza guztian
harekin harreman estu eta proportziodun batean bizi dira, non euskaratik
jasotzen duten beste ematen baitiote euskarari eurek ere (horiek omen dira “benetako” euskaldunak); beste batzuek, euskaraz
sortu arren, muzin egiten diote euskarak ematen dien guztiari eta harremana
albait arinen bukatzea bilatzen dute; beste zenbaitek, erdaraz jaiota, halako
hurbilpen bat egiten dute euskarazko komunitatera, baina, arrazoiak arrazoi, ez
diote euskarari ematen euskarak eurei ematen dien adina (edo, akaso, alderantziz, ez dakit) eta porrot egiten du euren
arteko harremanak; badira, ordea, erdaraz jaio arren, hurbildu baino gehiago,
erabateko murgiltzea egiten dutenak euskarazko komunitatean, harreman orekatua
eta iraunkorra lortuz; eta, era berean, badira murgiltze trinkoa egin arren, euskal
komunitatean arrotz sentitu, edo onartuak ez, eta arrakastarik gabeko aldi
baterako harremana baino izaten ez dutenak. Tira, botikan bezala, nahi beste
harreman mota topa litezke euskararen eta euskaradunon artean, ezta?
Nik neuk, oraingoz, ez dizu(e)t esango, irakurle, zer-nolako harremana
dudan euskararekin. Aurretik, baina, zuei galdetu nahi dizuet zuenaz, eta
HARTU-EMAN binomioaren arteko proportzioaz hausnarketa egiteko proposatu.
Pentsatu serio, birritan edo gehiagotan, ezer erantzun aurretik.