Aspaldi honetan, nahikoa zabaldu
da ondoko tesi orokor hau: gero eta euskal herritar gehiagok daki euskaraz,
baina, halaber, gero eta gutxiago erabiltzen da euskara. Hau da, ezagutzak eta
erabilerak ez dute biek ere gora egiten, edo ez, behintzat, hein berean. Eta,
horren harira, halako kezka bat piztu da sare sozialetan, oro har, eta
euskalgintzaren eremu zehatzetan, batik bat. Euskaraldia dugu kezka orokor
horren aurreko erantzunik behinena, nolabait esatearren.
Bada, “zergatik” horri erantzun
nahian jesarri naiz teklatuaren aurrean oporren atariko egun eguzkitsu-euritsu-trumoitsu
honetan, eta, balizko erantzunak ematean, euskaldun guztiak inplikatu nahi
nituzke; horretarako, GU pluraleko pertsona erabiliko dut, nork bere burua
errazago identifika dezan hurbilen sumatzen d(it)uen erantzun zehatz
bat(zu)ekin. Hau da, zergatik ez dugu euskaldunok (guk, baita zuk eta biok ere)
euskaraz egiten? Tira, hiruzpalau (galdera-)erantzun bururatzen zaizkit, atoan.
Arrazoiak asko eta askotarikoak
izan daitezke, noski. Gutako bakoitzari egingo baliote galdera hori, ziur naiz
erantzule adina erantzun emango genituzkeela, baina, orobat, erantzun komun
batzuk ere bai; hau da, erantzun erraz eta erabiliegi horiek ere badira, gutako
edonork sakoneko erantzun hausnartu bat ematea ekiditeko darabiltzanak, beti “balio”
izaten duten erantzunak: inguruan inork ez dakielako edo erabiltzen ez duelako,
kuadrillako baten batek jakin ez eta harenganako errespetuagatik, inon
artatzean lehenengo hitza beti erdaraz zuzentzen didatelako… Betiere, besteren
errua izan ohi da guk euskaraz ezin egitea, ezta? Edo, ia beti, halako
erantzunen bat pentsatu izan dugu geure buruari galdera hori egindakoan:
zergatik ez dut euskaraz egiten?
Euskara gutxi dakigulako?
Euskara(z) gutxi edo eskas
jakitea izango da, ziurrenik, euskaldun askoren arrazoi nagusia euskaraz ez
egiteko. Gu euskaraz sortuak izan nahiz euskara ikasiak izan, ezin ahantzi
euskara hizkuntza gutxitua dela eta, hortaz, normalizatu gabea oraindik ere.
Horrek berekin dakar, gizarte aldakor honen edozein funtzio betetzean,
euskaldunok (zaharrek zein berriok) halako gabeziak edukitzea funtziook
euskaraz gauzatu nahi izatean, eta, erdaraz ere badakigunez, erraz asko
pasatzen gara erdarara ziurgabetasun kutsu bat sumatu orduko. Erdara, jakina,
hizkuntza normalizatua dugu gizarteko funtzio guzti-guztietan; beraz, euskarak
sortzen digun ziurgabetasun hori ziurtasun bihurtzeko, erremintarik erabilerrazen
eta ohikoena izaten zaigu erdara. Gustatu edo ez, onartu beharra dugu euskaldun
gehientsuenok (denok ez esatearren) analfabeto funtzionalak garela. Erdaraz ere
halakoxeak gara, ziurrenik, baina erdarak duen normalizazio-mailak
normaltasunez eta ziurtasunez jardutera garamatza hizkuntza horretan;
gaztelaniaz Hegoaldean, eta frantsesez Iparraldean.
Nik neuk, egia esanda, ez dut
inor ezagutzen, ez eta euskaltzale militanterik militanteena ere, larritasun
egoera batean erdara salbazio gisa baliatzen ez duenik. Ohar gaitezen,
esaterako, gure kutxa edo banketxeko leihatilan egon eta operazio
garrantzitsuren bat egin behar dugunean, zeinen erraz jotzen dugun erdarara, ez
erratzekotan; zenbakiak eta sosak ditugunean eskuartean, akabo militantzia. Edo
“hil ala biziko” dokumenturen bat irakurri edo erredaktatu nahi/behar dugunean,
berdin gertatzen zaigu; gutako zenbatek dauzkagu, adibidez, gure jabetzen
(etxe, lursail, ibilgailu eta abarren) eskriturak, salerosketa-agiriak edo dena
delako dokumentazioa euskaraz? Ez naiz ausartzen balizko portzentaje bat ere
esatera.
Aukerarik ez dugulako?
Beste arrazoietako bat, maiz
entzun ohi duguna, zera da: euskaldunak egin egin nahi du euskaraz, baina,
askotan, ez du eskura egin nahi duen hori euskaraz egiteko aukerarik. Aukera,
esku(r)a eta euskara; bai, eskuara(z)
erranen lukete Pirinioetatik gorako euskaldunek. Eta gure esku dagoela ihardetsiko lukete Auñamendietatik beherako
euskaltzaleenek; alegia, benetan egin nahi duenak egin egin dezakeela. Baina,
tira, badakigu txuri guztiak ez direla irin.
Egia da borondatea dela
baldintzarik lehenen eta ezinbestekoena, ezina ekinez egiten dela, baina badakigu,
jakin, euskaldunok ohiko kontsumo asko ezin ditugula euskaraz egin. Joan
gaitezen edozein egunetan zinema-areto batera eta azter dezagun zer-nolako
eskaintza dugun euskaraz, esaterako. Egia esanda, edozein kontsumo mota egiteko
orduan, gero eta eskaintza zabalagoa dago euskaraz, baina gabeziak ere
handi-handiak dira, tokiaren eta unearen arabera, gehienbat. Maiz, zorigaitzez,
eskaintzen zaigun unean eta tokian ez dugu ahal beste kontsumitzen, eta,
eskaintzarik ez dugun lekuan eta momentuan, ordea, kontsumitu nahi izaten dugu;
nahia eta ahala beti elkarren eskutik ez doazelako seinale, ezta?
Hipokrita hutsak garelako?
Euskaldunak ez omen du bere hitza
jaten. Gaztelaniaz, behintzat, maiz entzuna dugu “palabra de vasco” delako
hori. Esan eta izan, alegia. Baina irudipena dut gizarte gero eta mestizo eta
globalago honetan “euskal(dun) hitzik” askorik ez dagoela jada. Erran nahi
baitut, agian hutsak ez, baina hipokrita samarrak bagarela euskaldun asko eta
asko, sudurpean dugula indarra eta esaten dugun hori, usu, ez dugula gauzatzen.
Euskara maite dugula diogu, baina, aukera izan arren, ez dugu euskaraz egiten; euskara
gure hizkuntza dela diogu, baina besterena erabiltzen dugu maizago “gurea”
baino; “euskaraz bizi nahi dut” aldarrikatzen dugu, paparreko itsaskinak edota
elastikoak jantzita, baina aukerarik txikienean erdaraz bizi dugu bizitza; ahoa
bizi eta belarriak prest agertzen ditugu euskaraz datorren udagoieneko 11
egunerako, baina urtearen gainerakoa erdaraz egiten dugu, hein handi batean
behintzat; nahiak adierazten ditugu euskaraz, baina erdaraz gozatzen ditugu
bizipenak.
Euskaldunak nahasian bizi gara
erdaldunekin batera, erdaldunen artean, euskaratik eta euskaraz baina erdaratik
eta erdaraz ere bai. Bakoitzak jakingo du zer neurritan batean ala bestean
gehiago, baina horretarako zergatiak, gehienetan, pertsonalak izaten dira,
norberaren tokian tokiko eta unean uneko erabakiak. Eta, gehienetan barik
gehiegitan, irudipena dut sozialak balira bezala zuritzen edo justifikatzen
ditugula norberaren hautu pertsonal horiek.
Laburbilduz, zera esan nahi dut: batzuetan, euskaldunok aukera handirik gabeko analfabeto hipokrita
samarrak garela pentsatzen dut. Baina lasai, irakurle, batzuetan baino ez dut
hala pentsatzen; gehienetan, nire euskalduntasun falta bestek egiten didan
jazarpen linguistiko kulturalaren ondorio dela pentsatzen dut neuk ere, zuk
bezala.