ERDARAREN ZIRRIKITUAK
Euskaldunon artean,
Hego nahiz Ipar Euskal Herrian, oso ohikoa izaten da, ezinbestekoa ez
esatearren, erdararekin (gaztelania eta
frantsesarekin, alegia) etengabeko harremanean aritzea. Ausartuko
nintzateke esatera, egun, ez dagoela euskaldunik egunero erdararekin, gutxi edo
asko, erlazionatzen ez denik. Are gehiago, harreman hori sortzaile izaten da
gehienetan; hau da, erdara sortu beharrean aurkitzen gara, egunero zertxobait,
euskaldun guztiok.
Gauzak horrela, ondo
zurituta daukagu erdaltzaletasun hori, zaletasuna barik, derrigorrezkotasuna
bailitzateke, nolabait esatearren. Baina, nahiak eta beharrak alde batera
utzirik, bada erdararako joera nabarmen bat euskaraz jardutean, nik ondo sekula
ulertu ez dudana. Eta ez naiz ari, ez erdarakadez, ez eta euskaƱolaz ere, euskarazko ahozko jardunean txertatu eta instalatu
diren erdal terminoez baizik; nik horiei erdararen
zirrikituak esaten diet.
Askotan entzuten
ditugun makulu edo moldeak dira, eta asko ere badira, gero eta gehiago, nik
uste. Gaztelaniazko porke, eske, bueno, porejenplo, yake, lokepasake… eta horrelakoak, neuk behintzat, gero eta gehiagotan
entzuten ditudala esango nuke, eta, are gehiago, testuinguruak bultzatuta, noiz
edo noiz neureganatu eta beroriek erabiltzeko joera ere izan dudala aitortu
beharra dut. Horietako batzuk, erabiliaren erabiliaz, euskara ere badirela esan
liteke (“akaso”, esaterako), baina
ezin ukatu euskarak berezko dituen beste termino batzuk badirela horien
aurretik.
Amorragarriena,
dena den, ez da horien erabiltze hutsa, berorren aurretik dauden edo egon
daitezkeen arrazoiak baizik. Izan ere, euskara ikasten ari den batek erabilita,
pentsa daiteke beharra baino ez dela, ez duelako erraztasunik halako
esapideetan euskaraz eta, ulertzekoa denez, ama-hizkuntza duen gaztelaniarenak
ahoratzen zaizkio. Baina susmoa dut horrelako zirrikitu horiek, gehienbat, euskaldun zaharrek darabiltzatela, eta
ez, espresuki, euskarazkorik ez dakitelako, bestelakoengatik baino.
Eurei galdetuta,
beroriek erabiltzeko agertu ohi duten arrazoi nagusia jatortasuna izaten da.
Diotenez, jatorrago eta komunikatiboagoa da horrelakoak botatzea, horrela
erabiltzen delako euskara euren inguruan eta, bestela, artifizial samar hitz
egingo luketelako euskaraz; hots, den-dena euskaraz esatea, euskararen
jatorrizko moldeak ere erabilita, ez ei da oso polita eta, are okerrago, eskas
komunikatzen omen du euskara horrek.
Nik, ordea, bestela
pentsatzen dut. Nire iritziz, gaztelaniaren termino horiek erabiltzeak (eta uste dut Iparraldean beste horrenbeste
gertatzen dela frantses terminoekin) beste oinarri sendoago eta
kezkagarriago bat du: ordezkapen
linguistikoa, hain zuzen. Hau da, gehienetan hiztuna konturatu gabe gertatu
arren, hiztun horrek hainbesteko erraztasuna eta indarra hartu du bere bigarren
hizkuntza den gaztelania edo frantses horretan, ezen dagoeneko ama-hizkuntza
duen euskararen tokian sartzen ari baita, zirrikitu txiki baina adierazgarri
horien bidez bada ere. Eta, nolabait esatearren, apurka-apurka lehenengo
hizkuntza izateko aldarrikapena egiten du horrela erdara horrek, euskara
bigarren (edo auskalo zenbatgarren)
postura atzeratuz. Prozesu ordezkatzaile hori, adibidez, agerian da hainbat
euskaldun zahar pasiboren kasuan. Sasoi batean, gazteagotan edo, euskara
gehiago egiten zuten eta, orain, berriz, ulertu baino ez dute egiten, eta ez
dira egiteko gai izaten.
Txarrena da, maiz,
termino horien erabiltzaileek ez ezik, euskara ikasten ari(tu) den (garen?) askok ere jatortasun-ikurtzat
jotzen duela (dugula?) erabilera hori
eta, joera “moderno” hori, euskaƱolari
eta beste hainbat faktoreri gehituta, bada, euskara itsusten eta endekatzen ari
dela, neure ustez, behintzat.
Prestigiozko
erabiltzaile eta esparruak behar ditu euskarak, nik horretan ez dut
zalantzarik. Eta, beharbada, egunero euskaraz nahiz erdaraz egiten dugunok
hausnartu egin beharko genuke zer-nolako euskara eta zein testuingurutan egiten
dugun.