Gogoan dut aspaldi
batean, lagun erdaldun batekin hizketan gaztelaniaz ari nintzela,
elkarrizketaren une batean, nik “mi padre” aipatu nuela. Behin baino gehiagotan
aipatuko nuen “mi padre” eta, orduan, lagunak esan zidan oso arrotza egiten
zitzaiola halakorik entzutea, ez zuela ulertzen zergatik ez nuen “aita” esaten;
“mi aita”, alegia. Nik hala ateratzen zitzaidala ihardetsi nion, azken finean,
gaztelaniaz ari ginela eta, hortaz, normalena zela, nire ustez.
Ez nion aparteko
garrantzirik eman kontuari, baina lagunari ez nion esan benetan zer pentsatzen
nuen. Hain zuzen, berezko euskaldunek, nik orduan ezagutzen nituen (eta orain
ezagutzen ditudan) berezko edo jatorrizko euskaldunek, gaztelaniaz egitean ez
dutela halakorik esaten, ez dutela euskarazko berbarik tartekatzen
gaztelaniazko diskurtsoan, ez behintzat oinarrizko kontzeptuak adierazteko;
akaso, alderantziz bai, gaztelaniazko hitz edota esamolde dezente sartzen
dituzte euskarazko jardunean. Eta ez nion hori guztia esan neure burua jatorrizko
euskalduntzat jotzen nuenik pentsa ez zezan, edo, are okerrago, bera erdaldun
petoa edo sasi-euskalduna zela pentsatzen nuenik ere ez zezan uste. Hala uste
dudan edo ez, azken finean, ez du axola, ez orduan, ez orain.
Gerora, gogoan
dudan lehenengo aldi hartatik hona, askotxotan gertatu izan zait antzekorik,
baina sekula ez dut garrantzitsua denik uste izan. Nolabait, inguru
metropolitar honetan ibiltzearen zuzeneko ondorioa dela pentsatu dut
inoizkotan, azken batean, erdal inguruan “de baskito” agertu nahian dabiltzanek
darabilten estrategia-edo delakoan; mis
aitas, de oporras eta enparauak
diotezenak.
Egunotan, ordea,
Sormenaren Lurraldea bere 52. edizioan delarik, kezkatzen hasia naiz, kaletarren
erdarazko jardun askotan ez eze, zenbait telebista saiotan ere (gaztelaniazkoak,
noski), “la azoka” ahotan darabiltela ikusita. Nolabait, zera sentitu dut,
Euskal Telebista bera eta beste hainbat euskal komunikabide bat-batean baskitoz bete izan balira bezala, hau
da, erdaldun kaleko jende hori euskaldun etxeetara sartzen ahalegindu balitz
bezala, gaztelaniazko euskal hedabideen zirrikitua probestuz, eta estrategia
hori zergatik eta zertarako erabiltzen duten neure buruari galdezka hasi naiz, kezkatuta
ez ote den inbasio edo konkistarako estrategia sotila.
Tira, bada, ez naiz orain paranoiko jarriko. Badakit ez dela atzo
goizeko kontua, aurreko urteotan ere entzun izan baitira horrelakoak; La Azoka de Durango, El Zinemaldi de Donosti, La Aste Nagusia de Bilbo, El Jazzaldi de Gasteiz… Baliteke, besterik gabe, keinu bat egin
nahi izatea euskarari eta Euskal Herri euskaldunari, baina, nire iritziz,
itsusi, kursi eta pedante samarra izateaz gain, mesede baino kalte handiagoa egiten
diote euskarazko munduari. Izan ere, nahasmena sortzen dute euskarazko hitzen
inguruan, berez ez duten generoa ezarriz edo ahoskera zalantzagarria eginez,
besteak beste. Baina garbi dago, bidenabar, azokak eta aste nagusiak ez dutela
genero femeninorik, zinemaldiak eta jazzaldiak maskulinorik ez duten bezalaxe (la edo el artikuluak gaztelaniaz pentsatuak izan direlako seinale dira);
eta Zinemaldi
sekula ez litzateke Cinemaldi ahoskatu behar, gaztelaniazko hitza
bailitzan.