Euskararekiko azterketitisaren karietara, bada
apurka-apurka ezartzen ari den beste handicap
bat, beste erronka bat, datozen urteotan zeresan handia emango duena: titulua
non/nork emana den. Izan ere, oraintsu arte, HABEren egiaztatze-azterketak era
zentralizatu batean eta anonimotasuna nahiz objektibotasuna zainduz egin badira
ere, gaur egun, ordea, euskaltegietara beretara eramaten hasiak dira horrelako
probak, aurretiaz esaniko bi tasun garrantzitsu horiek zeharo neutralizatuz.
Dagoeneko A1 eta A2
atariko mailak ez ezik B1 maila ere euskaltegien esku daude, eta, datozen
urteotan, urte gutxiren buruan, antza, gainerako B2, C1 eta C2 ere bai. Hau da,
euskaltegiek berek burutuko dute maila guztiei dagokien proba, bere osotasunean,
eta euskaltegiek berek emango dute titulazioa ere. Beraz, bakoitzak bere
kontrol mailak, aztertokiaren baldintzak eta, zalantzagarriagoa dena,
aztertzaileak ere ezarriko ditu ebaluatze ez eze egiaztatze prozesuan ere;
denok, aztertzaile.
Oraintsu arte, dakigunez,
egiaztatze ofiziala duten maila guztiek azterketa bat eta bakarra izan dute,
eta berori, egun berean, unean uneko azterketariaren anonimotasuna gordeaz, eta
aztertoki bat eta bakarrean ere egin izan da. Hartara, azterketari guztiek izan
dute nolabaiteko bermea baldintza-berdintasunari dagokionez. Gainera, azterketa
horren zuzentzaileak horretarakoxe beren-beregi prestatutako aztertzaileak izan
dira, eta ez ikasle-azterketari horien irakasle-ebaluatzaile izandako berak.
Hots, gorago esanda bezala, anonimotasuna zein objektibotasuna zaindu nahi izan
dira, baina hori orain arte izan da; orain, itxuraz, anonimotasuna galdu eta
ateak zabalduko zaizkio subjektibotasunari, alderik alde zabaldu ere.
Garbi asko dago,
ebaluatze hutsaz haratago, irakasleak bere ikasleen egiaztatzea ere bere esku
izateak gorabehera galantak ekar ditzakeela titulazioetan, eta, euskara
pairatzen ari den titulitisa kontuan
hartuta, zirkunstantzia horrek gure hizkuntzari ezer onik ekarriko ez diolakoan
nago ni. Hau da, euskarak ez du edozein preziotan sortutako tituludunik behar,
baizik eta benetako hiztun erabiltzaileak, nahiz eta beroriek
egiaztatze-titulurik izan ez.
Egia esanda, euskara
egiaztatze-maila batek edo bestek hainbesterainoko garrantzia hartu du, Euskal
Autonomia Erkidegoko gizartean behintzat, ezen prezioa ere jar dakiokeen
titulazioa eskuratzeari, eta ez dirutan soilik, prezioa, gaur egun, hainbat
espeziatan ere neurtu baitaiteke. Eta espezia edo ongailu horiek neurtzea
irakasleon esku uzten baldin bada, aztertzaileen eta euskaltegien araberako
mailak, titulazioak, azalduko dira han-hemenka. Horregatik diot, titulua nork
eta non ematen duen, subjektibotasuna gailendu egingo dela.
Pentsatu nahi dut, ordea, nolabaiteko neurriak hartuko direla, HABEk hartuko dituela, euskararekiko egiaztatze-sistema deskredituan jausi ez dadin, akreditatzea helburu. Europako ALTEk, nolanahi ere, zeresana izango du honetaz guztiaz.
Pentsatu nahi dut, ordea, nolabaiteko neurriak hartuko direla, HABEk hartuko dituela, euskararekiko egiaztatze-sistema deskredituan jausi ez dadin, akreditatzea helburu. Europako ALTEk, nolanahi ere, zeresana izango du honetaz guztiaz.