2016(e)ko urriaren 31(a), astelehena
2016(e)ko urriaren 1(a), larunbata
HASTEKO, NOR NAIZEN
Gizaki orok ei du bere nortasuna, denok omen gara norbait. Izan ere, nordun izakiak gara gizakiok eta, nahitaez, harat-honat ibiltzen dugu identitate hori, garen hori.
Izen-deiturak, baina, emanak datozkigu, ezin hautaturik, eta geure nortasuna jendaurrean agertu beharra dugunean, maiz, bestelako izendatzea nahi izaten dugu, zer-nor garen hori hobeto-edo azalduko dugulakoan. Gainera, gure benetako izen-abizenek badute gainkarga bat, arbaso eta senideek utzi digutena, eta, gure identitatea haiekin plazaratzean, nolabait, gainkarga hori itzuli egin ahal diegu ahaide horiei guztiei, onerako zein txarrerako. Agian, horrexek garamatza beste izendapen hori, goitizena edo dena delakoa, hartzera.
Nik neuk Alkarterri hautatu nuen bere garaian, orain urtetxoak direla. Hamarraldi batzuk atzera, eta artean Bizkaiko Las Encartaciones euskaraz izendatzeko egungo Enkarterri oso ezaguna ez zela, nik Alkarterri aldarrikatzen nuen inguruko euskaldunen artean neure sorlekua izendatzeko, etimologikoki eta nolabaiteko hizkuntz garbitasunari begira, behintzat, egokiagoa zelako ustetan. Harrezkero, Alkarterri izaten hasi nintzen hainbatentzat, eta, gerora, jendaurreko nortasuna agertu beharrean izan naizenean, izen hori berori hautatu dut, inorenganago zipriztinik gabeko nortasuna eraiki guran.
Hortaz, Alkarterri ez da leku bat, ez da ezer, baina bada norbait; neu naiz Alkarterri.
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)