Lehengoan irakurri nion lehenengoz kontzeptu hau Juan Luis Zabalari, Xn egindako txio batean: euskararen lurgabetzea. Eta zeharo interesgarria iruditu zitzaidan, etxegabetzeez hainbeste hitz egiten den garaion, euskara bera ari baita bere bizitokia, bere etxebizitza, bere lurra galtzen. Hau da, kale gorrian uzten ari da (gara) euskara; Euskararen Herriak (Euskal Herriak), lurrik ez.
Kontua da emeki-emeki gauzatzen ari den prozesua dela lurgabetzea, isilpean eta erdi ezkutuan, eta euskaldunok ia konturatu ere ez gara egiten, baina, hein handi batean, geurea (ere) bada horren errua, horrekiko erantzukizuna. Izan ere, gu geu ari gara “gure lurrean” (metaforikoki gure bizimoduan, gure egunerokoan...) okupatzailea eroso sentiarazten, geure bizi-espazioaren zati gero eta handiagoa ari gatzaizkio ematen, oparitzen; hainbesteraino, ezen, maiz, erdaraz egin edota bizitzeko hautua ere egiten baitugu, okupatzailea (erdara, erdalduna) gure lurrean eroso eta bere eskubide guzti-guztiekin bizi dadin, eta bere hizkuntzan, noski. Ez dute gurekiko betebeharrik; guk bai, ordea, eurekikoak.
Bai, jakina, gure arduraz harago bada kanpotik datorkigun oldarraldia ere: epaileek-eta euskararen aurka esandakoak eta emandako xedapenak, eta herritar askotxorengandik isuritako euskarafobia ere bai. Baina ziur nago hori guztia errazagoa litzatekeela borrokatzen baldin eta geure baitan, geure etxe edo lurrean, koherenteago jokatuko bagenu; hau da, euskaldunak betiere edo gehiagotan, behintzat, euskaldun jokatuko balu.
Aspaldion denon ahotan dabiltzan zorioneko etxegabetzeen eta euskararen lurgabetzearen konparazio txikia eginez gero, berehala konturatuko gara aldea dagoela batzuetatik bestera, noski, baina antzekotasunik ere bai. Etxegabetze batez ari bagara, kontuan izaten dugu etxe hori jabeak duen bakarra ala enegarrena ote den, jabea bera nor den eta nola(tan) lortu duen etxe hori, eta okupatzailea ere nor den, zer-nolako bizi-baldintzak dituen eta abar. Izan ere, horiek guztiek legitimatzen edo legezkotzen dute gehiago edo gutxiago okupazioa, eta, norberaren ideologiaren arabera, era batera edo bestera jokatzen dugu okupazio horren aurrean.
Euskararen lurgabetzeaz ari bagara, ordea, aintzat hartu behar dugu euskarak duen etxe, bizitoki edo lur bakarra dela, okupatzaileek berena propio ere badutela aurretiaz. Lurraren jabea (euskalduna, euskara) berez da bertakoa, betidanik eta belaunaldiz belaunaldiko transmisio bidez gaurdainoko Euskal Herrira helduta. Bere etxea galduz gero, agur bere izaerari, bere izanari, agur Euskal Herriari. Eta, behin etxea galduta, nekez iraungo du kale gorrian, noraezean eta ezeri eutsi ezinik. Baina honetan ere norberaren ideologiak badu zeresanik, eta hainbatek uste dute okupatzaileek beren eskubideak dituztela, euren hizkuntza gurean eta gurekin erabiltzekoa, eurena gurea bezainbestekoa delakoa (gurean, ez beraienean, noski) eta abar.
Erraz mobilizatzen gara besteren etxegabetzeen kontra, bitartean geure lurgabetzea bera bultzatzen ari garela. Hortaz, agian kontzientzia hartu eta birpentsatu egin beharko genuke euskaldunok ondo ari ote garen beste euskaldun batekin erdaraz aritzen garenean, edo erdarei, oro har, euskarari baino garrantzi eta erabilera handiagoa ematen diegunean, halabeharrik gabe, erosokeriaz edo utzikeriaz jokatuta. Zer pentsatua eman beharko liguke erdarei ematen diegun babes eta goresmenak zenbaterainoko kaltea ekar diezagukeen, edo ekartzen ari zaigun dagoeneko. Izan ere, izan zirelako omen gara, baina garelako izango ote dira? Gutako bakoitzak du erantzuna.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina