Hiztegian bila ibili naiz erdarazko decepción nola esan. Elhuyarrek, esaterako, “desengainu” eta “etsipen” ere badakartza, “dezepzio” horrez gain. Baina, tira, nik bestelako esanahi batekin lotu izan dut beti ETSIPEN euskarazko hitza, eta, erdarazko DESENGAINUren eta DEZEPZIOren artean hautatzekotan, ba, hurbilago ikusi dut DEZEPZIOa DECEPCIÓNetik.
Kontua da horixe sentitzen dudala, maiz sentitu ere, Euskal Herriarekin dudan harremanean. Ez da oraingo bat-bateko sentipena, ez, Euskal Herria lehenengoz ezagutu eta handik gutxira hasitako sentitze hazkor bat izan da beti, jadanik lau bat hamarkadatan luzatuz doana. Balidurike betiereko sentipen hori izan beharko dudala aspaldi apopilo hartu ninduen herri euskaldunarekin; ezen, ezeren aurretik, zilegi bekit esatea Euskal Herria diodanean Euskararen Herriaz ari naizela, noski.
Erabat erdaldun sortu nintzen orain ia sei hamarraldi, eskualde guztiz erdaldun bateko herri, auzo eta familia zeharo erdaldunean. Bizitzaren bigarren hamarteari ekin orduko, ordea, euskaraz bizi zen mundu oso bat bazela deskubritzeko parada izan nuen, eta, garaiko egoera soziopolitikoak bultzatuta edo, bertan murgiltzeko erabakia hartu nuen. Laurogeiko hamarkada zen eta, haren erdirako, garbi nuen zera, Euskal Herrian biziko banintzen, euskaraz egin beharko nuela. Orduantxe hasi nintzen euskarazko bizimoduan murgildu nahian, euskara(z) ikasi eta, aukera nuen bakoitzean, euskara(z) bizitzen, erabiltzen. Eta gaurdaino: oraindik ere ari naiz, bai, ikasi eta ikasi, beraren baitan bizi guran.
Ez da erraza, baina, euskaraz bizitzea, nahiz eta, teorian, euskara bera legezkoa eta ofiziala izan, hemen behintzat, EAEn, egun eta betitik bizi naizen Euskal Herriaren zati honetan. Teorian, inoiz baino gehiagok dakigu euskaraz, eta, teorian betiere, inoiz baino gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin egin dezakegu euskara(z). Euskaldun berriok, erdaraz sortu eta gerora euskara(z) ikasi dugunok alegia, dagoeneko gehiago omen gara berezko euskaldunak baino; beroriek ere, euskaldun zaharrak alegia, inoizkorik formatuenak ei dira gaur egun euskaraz, gehientsuenak alfabetatu eta ikasiak. Beraz, baldintza ezin hobeetan gaude euskaraz egiteko, bizitzeko, ezta?
Bada, badirudi ezetz. Eta hortxe hasten da, hasi da, hasi zen, nire dezepzioa. Itxurakerian, euskaldunon azalkerian. Sudurpean indarra, aho handitik aldarrikatzen dugu geure euskalduntasuna, eta aho txikitik, ostera, eroso eta pozarren bizi gara erdaraz, erdal kulturak eta bizimoduak arras irentsita. Hau da, oro har, hipokrita hutsak gara euskaldunak. Esan esaten dugu, bai, euskarak egiten gaituela euskaldun, baina gero eta onartuago dugu “euskaldun” hitza euskal herritarrak izendatzeko; gero eta ohikoagoa da (zaigu) entzutea berdin-berdin izan daitekeela bat euskaldun euskaraz jakinda edo jakin barik ere; gero eta maizago entzuten da gaztelania eta frantsesa ere badirela euskara bezain bertoko hizkuntzak, geure-geureak; eta, noski, premisa horien karietara, gero eta euskaldun gehiago aritzen gara erdaraz, gehiagotan eta gehiagorekin, baita eta bereziki geure artean ere.
Atzo izan zen, enegarrenez izan ere, El Aberri Eguna. Gure hipokrisiaren alardea egiteko egun egokienetako bat, ziur: aldarrikapenetan, erdara nagusi. Eta nor bere aldetik, noski, gehiegi nahasten baldin bagara, agian, geure izana galdu liteke eta.
Tira, zer egingo zaio, ba? Neure psikolasto bat, beste bat gehiago, izango da akaso. Sinetsita nago, ordea, beste hamaika halako izango ditudala laster, beste hamaika egunez gutxienez, euskaldun, euskaradun, euskarahaldun, euskotar edo dena delako euskal herritarrok itxurakerietan murgilduta, elkar mugitu nahian-edo, denak elkarrekin, elkar hartuta, elkarri eraginez, baina katamaloa kendu ez eta gehiegi nahasi gabe, badaezpada ere, ez ote dugun geure esentzia galduko…
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina