Agidanez, Osakidetzak euskaldunok markatu egin nahi gaitu identifikazio eskumuturretan, baldin eta aurretik euskaraz artatuak izatea aukeratu badugu. Hori izan da bertako hizkuntz politika dagitenen azken burutapena: euskaldunak seinalatzea, fitxatzea (E batez, nonbait).
Aspaldian, euskara (ia) legez kanpokoa zelarik, geuk markatzen genuen geure burua, paparrean EHEren eranskailua edo jarrita, hartara, euskalduna nor zen eta harekin euskaraz egin zitekeela jakiteko. Oraindik ere, nahi duenak, noski, egin egin dezake, norbera librea baita bere eta Euskal Herriaren euskalduntasuna nahi bezala aldarrikatzeko.
Garaiak zertxobait aldatu dira, ordea, eta, egun, berrogeitaka urteren buruan, esan dezagun euskara ere hizkuntza ofiziala dela (gaztelaniarekin batera, gurean) eta, beraz, erakunde publikoek euskaraz artatu behar gaituzte, guk hala nahi izanez gero. Horretarako baliabideak bermatu beharra dute erakundeok (Osakidetzak ez ezik beste edozeinek ere), eta, aldian-aldian, izapideren bat egitera edo zerbitzuren bat jasotzera goazenean, geuk erabakiko dugu zer hizkuntzatan egin edo jaso izapide edo zerbitzu hori. Horrelaxe xedatzen du legeak, baina badakigu ez dela betetzen, euskararen eta euskaldunon kaltetan, noski.
Nik euskaraz arta nazaten nahi baldin dut, ez dut zertan hainbat denboraz aurretiaz esan, unean bertan erabakiko baitut zer hizkuntzatan egingo dudan hau edo bestea, eta Administrazio publikoak gai izan behar du orduantxe artatzeko nik aukeratu dudan hizkuntzan. Eta, are gutxiago, ez dut zertan etiketa edo marka bat eroan behar, ez eskumuturrean ez inon, euskaraz badakidala aurretik jakinarazteko. Zergatik, baina?
Zergatik ez ote zaio marka hori ez dakienari ezartzen? Zergatik bai euskaldunoi, hain zuzen, hizkuntza ofizial biak dakizkigunoi? Arazoa ez baikara bi-bietan moldatzen garenok, ezpada bietako batean huts egiten duena, ala ez? Bada, irudipena dut euskaldunok estigmatizatu nahi gaituztela, non eta gure erakunde publikoetan, arazoa gu geu bagina bezala.
Benetan bereizketa (ez bereizkeria) egin nahi bada hobeto artatze aldera, bikoitz dezatela Administrazioa bera, erdarazko eta euskarazko zerbitzu banatan, bata bestetik bereiz, eta horrela, behintzat, arinago ere artatuko gintuzkete, ilara luzerik eta itxarote-zerrendarik pairatu beharrik gabe.
Eta, amaitzeko, baten batek pentsa dezake laster abiatuko den Euskaraldian ere horrexetara bultzatzen gaituztela, geure burua markatzera, ezta? Bai, ba! Baina bakoitzak erabakiko du zer egin, ezein erakunde publikok ezer ezarri gabe. Nik neuk, esaterako, ez dut paparrean ezelako txaparik eramango, eta euskaraz jardungo dut, nahi dudanean eta nahi dudalako, egunero legez. Hortaz, Osakidetzak (ere) ez dut markatzerik nahi, naturaltasunez euskalduntzat hartzea baizik. Hainbeste eskatzea al da?