2021(e)ko irailaren 25(a), larunbata

Ume “euskalhiztunak” eta eskola

Interesgarria iruditu zait aspaldion #ArnasDezagun (@ADezagun) guraso taldeak zabaldu duen ezbaia ume euskaldunen eskolaratze-irizpideen inguruan. Areago, azken irakurri dudan #AsierEtxenike (@Etxenike_) soziologoaren iritziarekin, esaterako, bat natorrela esango dut, oro har; baina, aldi berean, kezka-iturri begitantzen zait umeari atxikitako “euskalhiztun” kalifikatibo hori, horrela, hitz bakarrez idatzi eta irakurrita. Izan ere, ez dakit zer irizpide erabilita atxiki dakiekeen adjektibo hori gure umeei, bereziki, gurea bezalako gizarte poliedriko honetan, linguistikoki hitz eginda.

Eskolan ume euskalhiztunak ez sakabanatzea da guraso-talde horren aldarrikapen nagusia, horrela ekidin, edo zaildu behintzat, egingo baita ume euskaldunen erdalduntzea berez hegemonikoki erdalduna den euskal jendartean. Eta ados nago irizpide horrekin, gorago esanda bezala. Baina, eta zera da gakoa, zer edo zein da ume euskalhiztuna?

Aurretiaz, guraso biak euskaldun izan eta familia giroan (beti?) euskaraz egiten dutenak, bederen, badira ume euskalhiztunak, baina kasuistika handia dago halakoen artean ere, eta, dakigunez, txuri guztiak ez dira irin izaten. Neuk, behintzat, oso maiz ikusentzuten ditut euskaldun (eta teorian oso euskaltzale) diren gurasoak erdaraz egiten, baita euren artean ere, eta kontrakoa ere bai: berez erdaldun jatorria izan eta euskaldundutakoan (beti?) euskaraz egiten dutenak, alegia. Zer dira halakoen umeak? Zein dira euskalhiztunagoak zein baino?

Askotan, irudipena dut oso erraz kalifikatzen ditugula batzuk eta besteak geure aurreiritzien arabera, baina errealitateak, ordea, gauzak ez direla horrela esaten digu, setati esanda ere. Guraso euskaldun, zortzi abizen euskaldun, eta inguru “euskaldun” batean hazi eta bizi diren umeak, berez, euskalhiztunak ote diren inork ez du zalantzatan jarriko, baina, adibidez, gurasoetako bat erdaldun, lehenengo bi edo lau abizenak erdaldun eta inguru erdaldun (edo euskaldun) batean hazi eta bizi den umea zer ote da? Erdalhiztuna, derrigorrean? Ezin al da aurreko horiek bezain euskalhiztuna izan?

Ume txikiak eskolaratzeko unean, ezin zaie aurretik jarraipen bat egin normalean euskaraz jarduteko ohitura daukaten edo ez jakiteko, eta ohikoena da gurasoen esana sinetsi beharra portaera hori neurtzeko. Baina gurasook badakigu gezurra esaten, ezta? Guraso gutxik onartuko luke, besterik gabe, erdararako joera duenik, nahiz eta baduela jakin, eta, berezko guraso euskaldunen artean ere, hainbatek nekez onartuko luke euskaldun komunitatera sartu berri den eta batua baino ez dakien bat beraiek bezain euskaldun denik. Nik neuk, behinik behin, irudipen hori dut

Tira, ez dut gaiaz polemika sortzeko asmorik, eta ez nuke inork gaizki interpretatzerik nahi, baina uste dut, ni bezalaxe, asko eta asko kezkatuko liratekeela eskola batek edo bestek (nork?) gure umeak euskalhiztuntzat jo (edo ez) beharko balitu. Eta, hortaz, zilegi bekit kezka aireratzea, behintzat.

2021(e)ko uztailaren 31(a), larunbata

Ongi etorri Euskararen Herrira

Udatiar nabilen kostaldeko herri honetan, bada BM supermerkatu bat atsedenleku dudan etxetik hurbil, nora askotan joaten naizen erosketaren bat edo beste egitera. Kanpoaldean, irristailu-ateen ondoko sarreran, gizonezko bat egoten da, diru eske-edo dabilena, eta, sartzen naizen bakoitzean, “buenos días” esaten dit, niri bezalaxe goiz partean hurbiltzen diren erosle guztiei ere.

Ez dakit nondarra den eskalea, baina, itxura fisikoagatik behintzat, ez dirudi oso urrutikoa, eta, gaztelaniaz “buenos días” ahoskatzen duen moduagatik ere, ez nuke esango espainiar estatutik kanpokoa denik. Batek daki, agian herrikoa bertakoa da (ez dut uste), eta, eskean baldin badabil, horren beharra duelako ibiliko da horrela, ez dut hori zalantzatan jarriko. Badakit, ordea, jakinaren gainean dagoela zein herritan dagoen, eta, beraz, zein hizkuntzatan hitz egiten den gehienbat berton. Izan ere, inguruetako mapa linguistikoak argiki adierazten du Euskal Herrian ari dela eskean, Euskararen Herrian, alegia.

Kartelez gain, inguruan sumatzen den giroa euskalduna dela erraz antzeman daiteke, eta, gainera, nik bezalaxe, askok erantzun behar izan diote “egun on” berak “buenos días” esanda agurtu gaituen bakoitzean; horretaz, ziur naiz. Halere, bera tematu egiten da gaztelaniarekin, euskararen ukazioarekin, eta horrek zerikusia dauka bere jarrera ideologikoarekin; horretaz ere, ziur naiz. Ez dakit laguntza askorik jaso ote duen goizero hainbati “buenos días” esanda. Neuk, behintzat, sekula ez diot ezer eman, eta dagoeneko “egun on” erantzuteari ere utzi diot; sartzean, ikusi eta entzungo ez banu bezala sartzen naiz erosketak egitera.

 Kontua da deigarri egiten zaidala halako jarrera bat eskean dabilen baten aldetik, eta, nolabait, orokorragoa den beste jokabide batetik eratorria den jarrera dela esango nuke; izan eskale, izan turista, izan nornahi. Aspaldion, nabarmenagoa egiten baitzait euskararekiko ukazio hori, bertokoarekiko errespetu falta hori, kanpotar jendearen partetik. Balirudike eraso kultural-politiko batean murgilduta gabiltzala, eta, dagoeneko, horrelako detaile txikietan ere azaltzen hasia dela. Eta, horren aurrean, ez dut uste nahikoa denik ongietorria ematen dieten afixak jartzearekin. Agian, zerbait gehiago egin beharrean gaude herri gisa, baina horixe da kontua, zer egin, eta nola. Edonola ere, ONGI ETORRI EUSKARAREN HERRIRA!



2021(e)ko uztailaren 17(a), larunbata

Euskañoletik Euskalenglishera

Aitor dezadan, ezer idatzi aurretik, 66an jaioa naizen honek ez dudala inoiz ingelesik ikasi. Eskolan frantsesa ikasten genuen garaikoa naiz eta, gerora, ingelesaren booma iritsi zenean, ni euskara ikasten hasia nintzen (eta oraindik ere ari naiz, noski) eta, egia esanda, inoiz ez dut ingelesa oso gogoko edo erakargarri sentitu, hizkuntz inperialismoaren kontu horrengatik edo; frantsesa, nolabait, gertuagokoa eta “gureagoa” sentitu izan dut beti, Ipar Euskal Herriari diodan atxikimenduagatik-edo, bertara joaten naizenetan, oraindik ere, euskaraz moldatzeko aukerarik izan ezean, oso lagungarria izaten baitzait frantsesez dakidantxoa.

Tira, bada, kontua da azken egunotan Euskaltzaindiak 592 hitz berri hiztegiratu dituela, han-hemenka irakurri ahal izan dugunez. Horietatik asko, niretzat, erabat arrotzak eta esanahirik gabeak dira, dudarik gabe, ingelesez naizen ezjakinagatik. Eta hitzok irakurri orduko konturatu naiz gizartean bertan ikusten dugunaren isla izan daitekeela, bai, baina, era berean, ez dakit ez ote den erakundeetatik-eta lar bultzatzen ari ingeleserako joera hori; “denok” ingelesez dakigulakoan, nonbait.

Nik queer, router, show edo remake, besteak beste, irakurtzen ditudanean, neure erara interpretatu behar izaten ditut beti, zer esan nahi duten zehazki jakin gabe, eta inoiz edo behin halakoren bat idatzi behar izan dudanean, berriz, zalantza izugarriak izaten ditut “h” tartekaturik ote duten, bokale bi jarrraian… Zera, WhatsApp hitzarekin gertatu izan zaidan bezalatsu (oraintxe bertan, berriro ere): telefonoan begiratu ezik, ez naiz zuzen idazteko gai, eta, horregatik, “guatxap” idazten dut gehienetan. Eta, horren harira, horixe ez dut ondo konprenitzen: zergatik izan behar diren Hiztegi Batuko hitzak euskal grafiarik ere ez duten erdal hitzak. Euskal grafiaz idatziko bagenitu, behintzat…

Horrelako terminoez gain, bada ingelesa eguneroko bizimoduan sartzen zaiguneko beste zirrikitu bat ere: kaleetako kartelak edo afixak. Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre, Donostiako Basque Culinary Center, Zumaiako Flysch & Karst, Euskal Encounter, eta aspaldion hain gurea den kirolean ere gailentzen ari diren zorioneko Master Cups horiek: Emakume Master Cup (pilota txapelketa), Euskal Pelota Egokitua Master Cup Irekia, Donosti Masters Cup 2021… Batzuetan, sekula zapaldu ez dudan Britainia Handian nabilela ere pentsatu izan dut, amesgaitzetan.

Euskaldunok oso erraz kritikatzen dugu Euskañola delako hori, dela gaztelaniaren eta euskararen arteko nahasketa zentzugabe horrengatik, dela gaztelaniaren egiturazko euskara idatzi edota mintzatuagatik, edo dena delakoagatik, baina, ohartu ere egin gabe, beste erdara bat ari zaigu eguneroko euskaran sartzen: hainbeste miresten dugun ingelesa, munduko ate guztiak zabalduko omen dizkiguna. Eta nik horri Euskalenglisha esaten diot; euskarak oraino oztopo gutxi izan ditu eta, horra hor beste bat, beste erronka bat.

Eskolan ere eredu hirueleduna abian dugu orain urte batzuetatik hona eta, berriki, gure ikastetxeetan euskara gero eta gutxiago eta okerrago egiten dela jakin dugu. Ziur ingelesak ez duela horren errua, noski, baina lepoa egingo nuke zerikusirik baduela. Nik, arestian esanda legez, ez dut inoiz ingelesezko eskola bakar bat ere jaso, eta, oraingoz behintzat, berdin antzera jarraituko dudalakoan nago.

2021(e)ko otsailaren 27(a), larunbata

GARAI BATEKO EUSKALDUN BERRIOK ETA ORAINGO EUSKARADUNAK

Lagun batek aspaldi esaten zidan geu ginela euskaldun berrien azken belaunaldia. Haren ustez, geroztik, euskaldun berri gutxitxo sortu dira, hainbat arrazoi tarteko. Eta, egia esanda, begiratua atzera eman eta lagunak arrazoi zuela pentsatzen hasia nago neu ere.

Sasoi hartan, laurogeiko hamarkadan, baita laurogeita hamarrekoaren lehenengo erdian ere, gizartean bizi izaten genuenak euskaltegira bultzatzen gintuen gazte erdaldunok, euskaltegiak euskaradun bihurtu eta gu geu euskaldundu egiten ginen. Euskara(z) ikasteaz gain, euskal kulturaren zantzuak behintzat, euskaldunen balioak eta bizimodua ere geureganatzen genituen, dena batera eta guk nahita; lau paretaren arteko eskolez gain, euskara bizia ere ezagutzen genuen, herri euskaldunetara, kultur ekitaldietara eta abarretara joanda.

Harrezkeroko belaunaldiek, ordea, modu aseptikoago batean ikasi dute euskara. Euskal munduak eragin litzakeen zirrara eta sentipenetatik at ikasi dute, hizkuntza soil gisa, eta funtzio eta helburu ia bakarra dutela: euskara-egiaztapena eskuratzea, titulazioa. Apurka-apurka, gainera, askozaz ere tresna eta aukera gehiago izan dute euskara eskura izateko; direla euskarazko hainbat eta hainbat hedabide eta ekintza, edo dela, nagusiki, eskola publikoko D eredua. Guk izan ez genituen lanabesak, alegia.

Hala ere, aldeko faktore askoz gehiago izan arren, badirudi inplikazio gutxiago eta atxikimendu eskasagoa dutela euskal munduarekiko; bereziki, euskara eta euskal kulturarekiko. Izan ere, euskara jakitea (ez euskaraz jardutea) Administrazio publikoan lanposturen bat edo beste eskuratzeko erreminta hutsa dute; ez dute ezertarako ere baliagarritzat jotzen, oposizioetan hainbat puntu lortzetik harago; lotsagarri eta barregarri deritzote eguneroko harreman pertsonal eta sozialetarako erabiltzeari; ez dira euskaraz jakiteagatik harro sentitzen, eta are gutxiago euskaraz bizitzera animatzen; EUSKARADUN estatusa erdietsita, bost axola zaie EUSKALDUN izatea edo ez.

Bada, horretan guztian, zeresan handia du jendarteak eta, jakina, agintean ditugun mandatariek. Izan ere, garai bateko gizarteak berak bultzatu bagintuen gu euskaldun izatera, oraingoak ez dirudi berdin jokatzen duenik, eta euskaraDUN izate hutsarekin, hau da, nolabaiteko euskalduntze estatistikoarekin, nahikoa eta sobera dela ematen du. Gazteek (eta inguru nahiz familia erdaldunetako gazte euskaldun berriez ari naiz, noski) motibazioa behar dute euskaraz jarduteko, gizarteak xaxatu ditzala eta kontzientzia harraraz diezaiela behar dute, baina, antza denez, ez dute prestigiodun erreferente euskaldunik topatzen, imitatzera eta euskaldun jokatzera bultzatuko dituenik. Eta, bitartean, nagusituz doaz eta euskara bazter utziko dute behin betiko; beste belaunaldi bat galduta euskararentzat.

Eta, orain, guraso garen garai hartako euskaldun berriok lan nekeza izaten dugu gure ondorengoak euskaldun izan daitezen, euren gizartean nolabait euskaraz bizi dadin. Horregatik diot lagunak arrazoi zuela, euskaltegietan nahiz eskola publikoetan, oro har, euskaldun berriak bainoago euskaradun berriak sortzen ari garela uste dudalako; estatistikak betetzeko balio duten tituludun berriak, alegia, politikoki (batzuentzat) zeinen ondo ari garen zuritzeko balio duten datuak, azken finean. Datuok, baina, ez dute Euskal Herria iraunaraziko.

 

2020(e)ko abenduaren 30(a), asteazkena

Euskal -DUN herritarrak

Bitxia da zeinen erlatiboa den -DUN euskal atzizkia, zeinen ondo adierazten duen erlatibotasuna berez erlatibozko forma duen atzizki honek. “Atzekoz Aurrera” hiztegira joz gero, ehunka hitz azaltzen dira DUN atzizkidun (324, hain zuzen), baina lerrootan euskalDUNtasunarekin zerikusia dutenei baino ez diet erreparatu nahi. Eta, zehazkiago, horietako batzuei baino ez, euskal herritarrok definitu eta multzokatzeko balio duten bakanei:

1)      EUSKALDUN: Euskaltasuna duen euskal herritarra ei da euskalduna; alegia, euskal sena, euskal nortasuna duena eta, hortaz, euskara ere baduena. Harluxet euskal hiztegi entziklopedikoak, esaterako, honakoa dio euskaldun hitzaren harira: “1. Euskaraz dakiena, euskaraz mintzatzen dena. 2. Euskal Herriko biztanlea. II euskaldun berri. Beste ama-hizkuntza bat izanik, euskara ikasi duena. II euskaldun zahar. Euskara ama-hizkuntza duen euskalduna.”

Eta, horren harira, hurrengo orrialdean, euskalDUNtasunarekin parekatzen du euskaltasuna: “euskalduna denaren nolakotasuna, euskalduna izatea.”

Horrela,  “euskaldun” hitzak euskararekin zer-nolako harremana duen ikusita, pentsatzekoa da erdararekin ere beste horrenbeste gertatuko dela; alegia, euskaldunak duen beste adiera ere behar luke erdaldunak, erdarari atxikita baina. Atzera ere Harluxet hiztegi entziklopedikora jo eta honatx zer dioen:

2)      ERDALDUN: “adj. eta iz. Erdaraz mintzatzen dena, euskaraz ez dakiena. Maisu erdaldunak.”

Ez dio ezer, ordea, inongo biztanleez, ez eta erdaldun berriez edota zaharrez. Eta, euskaldun hitzari egin diodan jarraipen bera eginez, erdaltasuna edo erdalduntasuna ere interesatu zaizkit. Baina erdaltasun nahiz erdalduntasun hitzei legokiekeen sarrerarik ez dakar hiztegiak.

Euskaldunok, dena den, oso argi dugu zer den erdalduna izatea. Hain zuzen, euskalduna ez dena da erdalduna, eta, beraz, euskal herritar askotxo dira erdaldun; hau da, Euskal Herriko biztanle asko eta asko.

Hiztegiak hiztegi eta definizioak definizio, -DUN atzizki horrek askotariko interpretazioak ekar ditzake berekin eta, jakina, euskal herritarron artean, nork bere nahierara, bere interesen arabera, interpretatu ohi du bere burua definitzeko terminoa. Horra hor, esaterako, beste pare bat –DUN atzizkidun, aspaldion gero eta maizago entzuten direnak gure artean:

3)    EUSKARADUN: Harluxet hiztegiak ez dakar berba hau, baina, etimologiari erreparatuta, erraz ondoriozta daiteke “euskara duena” adierazi nahi duela. Alabaina, horrek ez du esan nahi euskaldunaren esanahi berekoa denik, adiera ezberdina baitute EUSKALek eta EUSKARAk, ezta? Gainera, jakina da, adibidez, ingelesdunak ez direla ingelesak, ez eta frantsesdunak frantsesak ere; hortaz, euskaradunek ez dute, berez, zertan euskaldun izan, nahiz eta euskaldun guztiak badiren euskaradun.

Eta, definizioak zorroztuz gero, bada azken hilotan (orain dela bi urte bezalatsu) entzun dugun beste –DUN herritar bat ere:

4)      EUSKARALDUN: Berau ez dakigu zehazki zer den, ez baita erraz jakiten zer biltzen duen bere baitan, zer esanahi duen. Izan ere, berriz ere etimologiari beha, EUSKAL nahiz EUSKARA dituena dela esan liteke, alegia, euskaradun euskalduna, baina, agidanez, zenbaitetan ez da ez bata ez eta bestea ere. Badakigu, ordea, bi urterik behin (orain arte, bederen) Euskaraldian parte hartzen duena dena, delarik euskaradun, delarik euskaldun, edo ez delarik ere. OHARRA: Harluxet hiztegiak “Euskaraldi” hitzik ere ez dakar.

Kontuak kontu, hainbeste euskal -DUN herritar gara Euskal Herrian, ezen ezin defini baikenezake geure burua zehatz-mehatz dagokigun terminoarekin; edo nekeza delako irudipena dut nik, behintzat. Eta definizio gaitz horren atzean, betiere, euskara dugu eragile. Ez dut uste munduan dagoenik bertako herritarrei hainbeste ñabardura atxikitzen dien hizkuntzarik. Horretan ere bakarra dugu EUSKARA, ez uste?

Tira, urte birusdun honen amaierako nire azken psikolastoa izan da hau, irakurle. Ondo buka eta hobeto hasi datorrena.

2020(e)ko azaroaren 21(a), larunbata

BAT(ek) IZAN EZIK

Gaztetxoak ditut ikasle, hamasei eta hamazazpi urte bitartekoak. COVID-19a dela eta, gelako edukiera murriztuta, aurten, talde txikiagoa(k) d(ir)a, bederatzi ikaslekoa(k). Batxilergoa ari dira burutzen eta, bitartean, eskolaz kanpoko jarduera gisa edo, C1 titulua prestatzera datoz euskaltegira; gurasoek bultzatuta, bat izan ezik.

#Euskaraldia hasi berri den honetan, azalpen batzuk eman dizkiet eskolan; zer diren #belarriprestak, #ahobiziak eta, maila kolektiboan, oraingo #ariguneak. Eta, euskaltegi batean egonik eta, gainera, ikasgelan taldea garenez, guri geuri arigune gisa jardutea dagokigula. Hori guztia material zozketa baten harira, gelakideen artean. Ikasleek, ordea, ezer gutxi zekiten Euskaraldiaz, rol ezberdinez eta abarrez; batek izan ezik.

Orduan, berriketan ibili gara euskararen egoeraz, euskaraz jakin arren jendeak ez duela egiten, bereziki gazte jendeak eta “gurea” bezalako ingurune erdaldunean (Bizkaiko Ibar Ezkerra), eta ez dakit zer eta badakit nor. Eta garbiki azaldu didate euren jarrera: euskara oso zaila da, mundu guztiak esaten du gauza bera, eta, nahiz eta txikitatik euskaraz ikasi (estudiatu) duten, errazagoa zaie erdaraz jardutea. Euskara eskolarako kontua da (baita euskaltegirakoa ere), baina, hortik kanpo, gaztelania dute komunikazio-hizkuntza bakarra, eta, batxilergoa amaituta, gaztelaniaz jarraituko dute ikasten, errazagoa zaielako. Erdaraz bizi nahi dute. Hortaz, ez zaie interesgarri izaten, ezta motibagarri edo erakargarri ere, euskararen aldeko jarrera aktibo bat hartzea; bati izan ezik, nik uste.

Bakar horrek ezer gutxi esan du berriketaldi osoan zehar, taldekoen barreak eta txantxa itxurako iruzkinak entzun eta konplizitate keinuren batzuk egitera mugatu du bere jarduna. Eta zozketa egin dugu. Materiala, #Euskaraldiaren oihalezko zorro bat tarteko, berdin antzera  pentsatzen duten zortzi gaztetxoetako bati egokitu zaio. Erdi txantxetan edo, denok ondorioztatu dugu, zorroa praktikoa denez, erabilgarri ere badela eta, #Euskaraldiaren publizitaterik ez egitekotan, aukera duela iruntzietara eramateko kalean, logoa gorputz aldera ezkutuan edo.

Isilik jardun duen ikasle bakarrak ama du euskaldun, euskaldun zaharra, berak dioenez, eta ohitura dute betitik euskaraz egiteko euren artean. Ikasle horrek atxikia du euskara bere bizimoduan. Berak ez dit esan, baina nik badakit amak transmititu diola euskararekiko atxikimendu hori. Berak badaki euskara bere hizkuntza dela eta, erabili ezean, galdu egingo dela beren familian, beren inguru hurbilenean; beren nortasunaren zati behinena galduko dutela, azken finean. Ez du ozenki esango, ordea. Hamasei urte besterik ez du eta, lotsati edo, kikildu egiten da besteren aurrean euskal nortasunaren aldeko jarrera aktiboa agertzerakoan. Eta ez da erraza korapilo hori askatzea.

Abian da #Euskaraldia. Bejondeiola euskarari!

2020(e)ko urriaren 25(a), igandea

ATZERATU ALA AURRERATU?

Bart, inguruko hedabide guztien arabera, atzeratu egin dugu ordua, urtero egin izan dugun legez, energia aurreztuko delakoan (dugulakoan?). Eta datorren martxoan, besterik adosten ez bada, alderantziz egin beharko dugu; aurreratu, alegia. Baina lasai, irakurle. Ez nator lerrootan zorioneko eztabaida horretaz neure iritzia ematera, ea energiarik aurrezten den ala ez, edota merezi ote duen ordutegi naturala hautsi eta naturaren kontra jokatzea. Ez, horretaz ez dut zeresanik. Horrezaz harago, urtean birritan izaten dudan zalantza baten gainean idatzi nahi ditut hitzok. Zer egin ote dugu, ordularia atzeratu ala aurreratu?

Bart, seme gazteari azaltzen ahalegindu nintzen, nolabait, betiko orduan oheratu eta ordubete lehenago esnatuko ginela edo. Ordu aldaketarena zehazten saiatu nintzen, eta, aldaketaren balizko zergatiaz landa, semea ez zegoen ados atzeratze kontuarekin, beraren ustez, atzeratu barik aurreratu egingo baikenuen; egin dugu. Hau da, denbora aurreratu, aurreztu egin dugu, erlojua ordubete lehenagora ekarrita. Atzeratuz gero, ordubete hori galdu egingo genukeen, martxoan egin egingo duguna, nonbait. Eta, semearekiko elkarrizketatxo horretatik abiatuta, ordua aldatuta (atzeratuta edo aurreratuta ez dut esango), gosaldu eta teklatura hurbildu naiz, kezka hori zuekin partekatu nahian, eta, bide batez, ea baten batek askatzen didan korapiloa.

Izan ere, ustez, ezberdin pentsatzen omen dugu denbora euskaraz eta erdaraz (gaztelaniaz, esan nahi dut erdara esatean). Ez da lehenengo aldia horrelako atakan sentitu naizela, eta uste dut, zinez, zertxobait badagoela ezberdin kontzepzio horretan. Azken batean, atzeratze eta aurreratze kontzeptuen atzean, lehenago eta geroago konparazioak daude. Hau da, gauden unetik lehenagoko edo aurreko une batera jauzi egitean, teorian behintzat, aurreragoko une batera igaro gara, eta, beraz, aurreratu egingo genuke denbora hori, semeak arrazoitu bezala. Era berean, gauden unetik geroagoko une batera pasatzean, atzeragoko une batera pasatzen gara, eta, hortaz, atzeratu egingo genuke denbora; galdu, alegia. Nolabait, hasiera eta bukaera kontzeptuak bezalakoxeak lirateke atzeratzea eta aurreratzea. Biziaroan, aurrera ala atzera ari gara? Amaierara ala hasierara ote goaz?

Horren harira, gogoan dut aspaldiko pasadizo bat, non euskaldun bi zerbaiten bila ari ziren liburu baten baitan. Bata, erdaraz jaio eta hazita, gaztetan euskaldundua zen; bestea euskaraz sortu eta bizi ei zen, uneoro edo. Bila zebiltzana non zegoen ez zekitela, liburu hasieratik hurbilago ala bukaeratik hurbilago al zegoen, han ari ziren elkarri esaka: aurrerago, aurrerago! batak, eta atzerago, atzerago! besteak. Batak, baina, liburuaren hasierako partean zegoela esan nahi zuen, eta besteak, gauza bera. Elkar ulertu ezinik, berbera adierazita ere. Hasiera eta bukaera; aurrea eta atzea; lehenago eta geroago. Hau kaka-nahastea!

Tira, irakurle. Igande goizeko psikolastoa baino ez da hau, ez lar kezkatu. Oraina da orain. Gozatu eguna, gauden orduan gaudela ere.

Larrabetzun, 2020ko urriaren 25ean, 9:14an.