2020(e)ko urriaren 25(a), igandea

ATZERATU ALA AURRERATU?

Bart, inguruko hedabide guztien arabera, atzeratu egin dugu ordua, urtero egin izan dugun legez, energia aurreztuko delakoan (dugulakoan?). Eta datorren martxoan, besterik adosten ez bada, alderantziz egin beharko dugu; aurreratu, alegia. Baina lasai, irakurle. Ez nator lerrootan zorioneko eztabaida horretaz neure iritzia ematera, ea energiarik aurrezten den ala ez, edota merezi ote duen ordutegi naturala hautsi eta naturaren kontra jokatzea. Ez, horretaz ez dut zeresanik. Horrezaz harago, urtean birritan izaten dudan zalantza baten gainean idatzi nahi ditut hitzok. Zer egin ote dugu, ordularia atzeratu ala aurreratu?

Bart, seme gazteari azaltzen ahalegindu nintzen, nolabait, betiko orduan oheratu eta ordubete lehenago esnatuko ginela edo. Ordu aldaketarena zehazten saiatu nintzen, eta, aldaketaren balizko zergatiaz landa, semea ez zegoen ados atzeratze kontuarekin, beraren ustez, atzeratu barik aurreratu egingo baikenuen; egin dugu. Hau da, denbora aurreratu, aurreztu egin dugu, erlojua ordubete lehenagora ekarrita. Atzeratuz gero, ordubete hori galdu egingo genukeen, martxoan egin egingo duguna, nonbait. Eta, semearekiko elkarrizketatxo horretatik abiatuta, ordua aldatuta (atzeratuta edo aurreratuta ez dut esango), gosaldu eta teklatura hurbildu naiz, kezka hori zuekin partekatu nahian, eta, bide batez, ea baten batek askatzen didan korapiloa.

Izan ere, ustez, ezberdin pentsatzen omen dugu denbora euskaraz eta erdaraz (gaztelaniaz, esan nahi dut erdara esatean). Ez da lehenengo aldia horrelako atakan sentitu naizela, eta uste dut, zinez, zertxobait badagoela ezberdin kontzepzio horretan. Azken batean, atzeratze eta aurreratze kontzeptuen atzean, lehenago eta geroago konparazioak daude. Hau da, gauden unetik lehenagoko edo aurreko une batera jauzi egitean, teorian behintzat, aurreragoko une batera igaro gara, eta, beraz, aurreratu egingo genuke denbora hori, semeak arrazoitu bezala. Era berean, gauden unetik geroagoko une batera pasatzean, atzeragoko une batera pasatzen gara, eta, hortaz, atzeratu egingo genuke denbora; galdu, alegia. Nolabait, hasiera eta bukaera kontzeptuak bezalakoxeak lirateke atzeratzea eta aurreratzea. Biziaroan, aurrera ala atzera ari gara? Amaierara ala hasierara ote goaz?

Horren harira, gogoan dut aspaldiko pasadizo bat, non euskaldun bi zerbaiten bila ari ziren liburu baten baitan. Bata, erdaraz jaio eta hazita, gaztetan euskaldundua zen; bestea euskaraz sortu eta bizi ei zen, uneoro edo. Bila zebiltzana non zegoen ez zekitela, liburu hasieratik hurbilago ala bukaeratik hurbilago al zegoen, han ari ziren elkarri esaka: aurrerago, aurrerago! batak, eta atzerago, atzerago! besteak. Batak, baina, liburuaren hasierako partean zegoela esan nahi zuen, eta besteak, gauza bera. Elkar ulertu ezinik, berbera adierazita ere. Hasiera eta bukaera; aurrea eta atzea; lehenago eta geroago. Hau kaka-nahastea!

Tira, irakurle. Igande goizeko psikolastoa baino ez da hau, ez lar kezkatu. Oraina da orain. Gozatu eguna, gauden orduan gaudela ere.

Larrabetzun, 2020ko urriaren 25ean, 9:14an.

2020(e)ko maiatzaren 23(a), larunbata

HABEren egiaztagintza eta neutraltasuna


Atzoko erdal egunkari batean #JorgeFerrerAzpitartek idatzitako “HABE está de rebajas” eskutitza irakurri ondoren, eta, aztertzaile ohia nahiz euskaltegiko irakaslea naizenez, honako hitzok argitara eman beharra sentitu dut gaur, lehenago #Twitterren egin dudan bezalaxe.

#Koronabirusaren pandemia dela eta, ezohiko neurri asko hartu behar izan dira gure eguneroko bizimoduaren arlo guztietan, eta, nola ez, euskararen inguruko kontuetan ere bere eragina izan du zorioneko birusak. Horrela, euskararen egiaztagintza prozesuan izan dituen ondorioetako bat izan da B2, C1 eta C2 mailetako azterketak sine die atzeratu behar izana, harik eta, hilaren aurreko 15ean, #HABEk argitaratu duen ebazpen baten bidez, beroriek berrabiatu eta aldaketa batzuk ezarri dituen arte; aldaketen artean, deialdi itxian ahozko probarik egin ez eta mintzamenaren ebaluazioa euskaltegien esku uztea izan da harrigarriena.
Bada, Twitterren nioen bezala, esan beharrekoak esan egin behar dira, eta, esaerak dioena zertxobait moldatuta, ondo esanak gogoan hartu, baina gaizki esanak… salatu. Eta horrexegatik eskertu nahi izan ditut Jorgeren atzoko hitzak, ikasle baten ikuspuntutik duten zintzotasunagatik, eta, aldi berean, hitzok neure egiten ditudala agertu eta HABEren erabakiaren okerra salatu ere bai. Dena dela, HABE erakundeaz harago, oso deigarria begitantzen zait euskaltegien beren isiltasun gorgarria ere (nahiz eta bertako langileon artean bai entzuten diren kritikak eta salaketa hitzak), ezen euskaltegiei berei, bereziki, interesatu beharko bailitzaieke egiaztagintza prozesua neutrala, orekatua eta bermeduna bezain gardena izatea.

Izan ere, bat-batean eta ezelako abisurik eman gabe, euskaltegietako (maila horietako) irakasle guztiok aztertzaile bilakatu gaitu HABEk. Bat-batean, gure ikasleen egiaztagintza-prozesuari begira gauzatzen ari ginen programazio guztia hankaz gora jarri du, azterketa-atalen ordena iraulita. Eta, horrela, ezbairik gabe, sekulako arrakala sortu du, irakasleon artean ez ezik, euskaltegien euren artean ere, den-denak, irakasle nahiz euskaltegi, maila ezberdinean kokatuz, ikasleekin duten (dugun) jokaeraren arabera.

Azterketa prozesuan indarrean egon behar duen berdintasun printzipioa, bai eta anonimotasuna ere, bertan behera utzi ditu HABEk, oraingoan, ikasleen ohiko irakasleak aitortuko baitie (edo ez) bere ikasleei mintzamen maila. Neutraltasuna eta objektibotasuna bazter utzita, tokian tokiko eta egoeraren araberako partzialtasuna eta subjektibotasuna saritu nahi izan ditu pandemiaren aitzakiatan. Izan ere, irakasleen eta ikasleen arteko harreman pertsonalak ezin du gutxieneko berdintasun traturik bermatu ebaluazioan; norberaren filiak eta fobiak, nola edo hala, nahitaez, islatuko dira emaitzetan, erabat subjektiboak izango diren emaitzetan (tituluetan, azken finean).
Eta, egia esanda, ez dakigu erabakiaren jatorrian zer ote dagoen, pandemiarena aitzakia hutsa ez ote den, ezen nekez uler baitaiteke nolatan egingo diren proba guztiak deialdi irekian, eta deialdi itxian, ordea, ez; edota nolatan, esaterako, milaka azterketari batu #BEC​en idazmena egiteko, eta ahozko proba bertan behera utzi.

Geroak argitu diezagula oraina, baina ez dadila euskara, beste behin ere, albo-kalteak ordaindu behar dituena, nahikoa du-eta itxialdian erakundeen aldetik pairatu behar izan duen kaskarkeriarekin.

2020(e)ko urtarrilaren 24(a), ostirala

EUSKALDUN BERRIA NAIZELAKO

Lehengoan (asteon, 2020/01/22an), BERRIA egunkarian Zuriñe Rodríguez Larak eta Ibai Fresnedok idatzitako GU iritzi artikulua irakurrita, pentsakor gelditu eta gogora etorri zitzaidan zenbatetan borrokatu behar izan ote naizen zorioneko euskaldunberritasunarekin, eta horretaz neronek ere zer edo zer idatziko nuela, ziurrenik, iraganean. Gaur, zertxobait astitsuago nabilela, neure testu zaharretan arakatzen ibili naiz, eta hara, orain ia hamar urte idatzi nuen testutxoa topatu dut, non euskaldun berrien eta zaharren arteko bereizkeria maiseatzen nuen. Eta, antza, oraindik ere gaurkotasuna duenez, hona ekarri eta zurekin, irakurle, partekatzea erabaki dut. Honatx:

Euskaldun berria naizelako

Topikoa bezain tipikoa izaten da, euskaldunon artean behintzat, geure buruaz berba egitean, bereizketarik egin nahi ez izatea euskaldunberrien eta euskaldunzaharren artean. Besteren aurrean, zuzenagoa ei da esatea denok garela euskaldun eta, jakina, horrexek batzen gaituela; beraz, zertarako egin bereizkeriarik gure artean?
Ni neu ere horrelakoa izan naiz gehienetan, politikoki zuzena, alegia. Baina susmoa dut, sakon-sakonean, denok oraindik ere egin egiten dugula bereizketa hori, jendaurrean gustatzen ez zaigula esan arren. Batzuek, euskaldunzaharrek, euren harrotasuna agerian uzteko egiten dute, inork ere ez dezan ahaztu “benetako” euskaldunak direla; hau da, ez direla gerora ikasiak, betidanikoak baizik, eta, euren euskalduntasunari dagokionez, jatortasuna dutela hizkuntza kontuetan ere. Besteek, berriz, kasu anitzetan nire ustez, “benetakoen” aldean beren umiltasuna agerian uzteko egiten dute bereizketa hori. Nolabait, beren burua bigarren mailako euskalduntzat joaz, euskara eskasagoa eta artifizialagoa dutela onartzen dute, eta, nonbait, badakite sekula ez direla zaharrak bezain euskaldun izango, horrelakoak jaio egiten direlako eta ez gerora egin. Ahoa euskaraz ireki orduko, lehenengo berbak barkamena eskatzeko izaten dituzte maiz, ezer esan aurretik, euskaldunberriak direla argi eta garbi utzita.

Bi multzo horiez gain, noski, bada besterik ere, bada bestelako euskaldunik. Nik neuk, egia esanda, ez dut neure burua ez talde batean ez eta bestean ere kokatzen. Eta, orduan, zera galdetuko diozue zeuen buruari: “Eta zer dela-eta erroilu hau guztia? Zertarako, Roberto, ukatzen duzun zerbait hainbeste aldarrikatu?”

Bada, kontua da nazkatu samartuta nagoela euskaldunzahar askok euskaldunberrioz duten estimu eskasarekin. Eta, horregatik, albait ozenen, lau haizeetara zabaldu nahi dut euskaldun berria naizela, euskaldunberri, eta ez euskaldunzahar, dena hitz bakarrean, aurretik idatzi dudan bezala, horrela etiketatuta gauzkalako zorioneko gizarte honek.

Izan ere, euskaldunzahar horietako askok pentsatzen dute, antza, euren modura egiten ez badugu euskaraz, ez garela eurak bezain euskaldun. Ez dute euskaraz ikasteko egin dugun ahalegina aintzat hartzen eta, oraindik ere, plastikozko euskaratzat dute gurea, euskaldunberriona. Horrela, ez digute euren euskal komunitatean sartzeko aterik irekitzen, eta erdara darabilte gurekin, gurekin jardutean euskararik ateratzen ez zaielako aitzakian; baina mespretxu osoz egiten dute, nik uste. Gainera, horietako asko alfabetatu bakoak dira eta ez dira gai, esaterako, hau bezalako testu sinple bat gutxieneko erraztasunez irakurri eta ulertzeko; ez dira konturatzen sasi-analfabetoak edo erabateko analfabetoak direla euren jatorrizko hizkuntzan eta euskarak hurkoenekin eta zakurrekin komunikatzeko baino ez diela balio, bestela, erdarara jo behar izaten baitute; areago, euskaldunzahar barik, euskaldunTXar esan beharko litzaieke horietako askori, baina...

Beste askok, ordea, eta hauek dira txarrenak, ez dute onartzen eurak ere, azken finean, euskaldunberriak direla, euskaraz (batuan, alegia) alfabetatu behar izan dutelako erabateko euskaldun sentitu ahal izateko. Jakin badakite batuan egiten, ederto egin ere, baina edozein aukera baliatzen dute euren hizkera “jator” eta “parekaezina” agerian uzteko, nahiz eta, segur aski, testuinguruak euskara batua erabiltzea zuzen eta egokiagotzat joko lukeen. Horrelako euskaldunzaharrek badakite hau bezalako testu errazak eta askoz ere konplexu eta aberatsagoak irakurtzen, ulertzen eta sortzen ere, noski. Baina, nolabait, nabarmen utzi behar izaten dute, ahal bestetan, bereizketa bat (bereizkeria?) egin behar dela euren eta besteon artean. Eta hain dute obsesio handia bereizketa hori egiteko, ezen, sarritan, hizkera hori berori, ahozkotasunari dagokion hori, idazteraino ere ausartzen baitira; lagunarteko e-postak direla, Interneteko eztabaidagune, foro edo blogak direla...

Tira, irakurle, ez pentsa haserre nagoenik inorekin, eta are gutxiago euskaldunokin, berauei nahi duzun adjektiboa jarrita ere. Burura behin baino gehiagotan etorri zaidan gogoeta baino ez da hau, beste psikolasto bat, bat gehiago, eta, oraingoan, idatzi beharra sentitu dut, euskaldun berria naizelako. Horixe da guztia.

Zumaian, 2010eko abuztuaren 15ean, gaueko 11:30ean.

2019(e)ko abuztuaren 9(a), ostirala

HARREMANA(K)

Betitik, euskara ikasten hasi nintzenetik, arreta berezia hartu izan dit euskarazko (zenbait) hitzen sortzeak berak; izan ere, askotan, hitz batek bere baitan beste hainbat hitz gordetzen ditu eta horien arteko harremanak sortzen du hitz hori. Horrexek eman izan dit atentzioa.

Horrelako berba asko daude (lar, aukeran), baina bereziki batek, bere esanahiagatik edo, ematen dio zentzua diodan honi; HARREMAN hitzaz ari naiz, hain zuzen. HARTU eta EMAN eleen arteko konbinazioak sortzen duen HARREMAN hitzak euskaradunon eta euskararen arteko erlazioa azaltzen baitu, hein handi batean.
 
Garbi dago harreman batean ezinbestekoak d(ir)ela hartzea zein ematea, bestela, ez baitago harremanik. Jakina, biak ala biak ez dira proportzio berean izaten ezein harremanetan, batzuetan, hartu bainoago eman egiten delako, eta, bestetzuetan (gehienetan, nire ustez), askoz gehiago hartzen delako eman baino. Nolabait, harreman perfektua liteke proportzio berean hartu eta ematen deneko hori, baina, egia esanda, desorekatuak izan ohi dira harremanak, nik uste. 

Gakoa da zenbaterainokoa den (des)proportzio hori. Hau da, zer ehunekotan finkatzen den hartzearen eta ematearen arteko elkarbizitza hori; elkarbizitza baita, azken finean, harreman oro. Eta ehuneko jakin batetik gorako (des)proportzioa denean, harremana bukatutzat ematen da, eten egiten da, desegin, amaitu (bestek jar ditzala ehuneko matematikoak, nik ez). Normalean, gutxien jasotzen duenak, hots, berak eman baino askoz ere gutxiago jasotzen duenak, eteten du erlazioa, baina gerta daiteke, eta gertatu egiten da, gutxien ematen duenak ere amaitu nahi izatea harreman hori, eta horrexegatik, hain zuzen, gero eta gutxiago ematea. Gizakion arteko harreman orotan gertatzen da hori, eta, horrela, (des)proportzioaren araberako harremanez harreman bizitzen goaz, harremanak sortuz eta eutsiz/amaituz. 

Bada, euskaradunok euskararekin dugun harremanean ere beste horrenbeste gertatzen da, nire ustez. Bizi garen Euskal Herri diglosiko honetan badakigu, jakin, euskara ez dela ezinbestekoa bizitzeko (zentzu praktikoaz ari naiz, ez sentimentalaz), eta, hortaz, geuk erabakitzen dugu zenbateko harremana dugun euskararekin. Batzuk euskaraz sortu (munduratu) eta bizitza guztian harekin harreman estu eta proportziodun batean bizi dira, non euskaratik jasotzen duten beste ematen baitiote euskarari eurek ere (horiek omen dira “benetako” euskaldunak); beste batzuek, euskaraz sortu arren, muzin egiten diote euskarak ematen dien guztiari eta harremana albait arinen bukatzea bilatzen dute; beste zenbaitek, erdaraz jaiota, halako hurbilpen bat egiten dute euskarazko komunitatera, baina, arrazoiak arrazoi, ez diote euskarari ematen euskarak eurei ematen dien adina (edo, akaso, alderantziz, ez dakit) eta porrot egiten du euren arteko harremanak; badira, ordea, erdaraz jaio arren, hurbildu baino gehiago, erabateko murgiltzea egiten dutenak euskarazko komunitatean, harreman orekatua eta iraunkorra lortuz; eta, era berean, badira murgiltze trinkoa egin arren, euskal komunitatean arrotz sentitu, edo onartuak ez, eta arrakastarik gabeko aldi baterako harremana baino izaten ez dutenak. Tira, botikan bezala, nahi beste harreman mota topa litezke euskararen eta euskaradunon artean, ezta? 

Nik neuk, oraingoz, ez dizu(e)t esango, irakurle, zer-nolako harremana dudan euskararekin. Aurretik, baina, zuei galdetu nahi dizuet zuenaz, eta HARTU-EMAN binomioaren arteko proportzioaz hausnarketa egiteko proposatu. Pentsatu serio, birritan edo gehiagotan, ezer erantzun aurretik.

2019(e)ko apirilaren 11(a), osteguna

EUSKA(RA)(L)DUNA, BETI AITZAKIATAN.

Gaur arratsean, telefonoz, Twitterren txiokatu ditudanak bilduko ditut hona, ZUZEU orainkarian "Euskararen gibelatzeaz" irakurritakoan.


Hona hemen zortzi txio laburrok:

1) Arrazoi du Gabi Oyharzabalek dioenean hemen, Hego Euskal Herrian, eta bereziki EAEn, beti aitzakiak ditugula besteri egozteko euskara gibelatzearen erantzukizuna.

2) Eragozpenak eragozpen, euskara legezkoa da hemen, lanpostu publikoetan lan egiteko eskakizunetako bat, eta, Euskararen Legearen (koofizialtasunaren) 40 bat urteren bueltan, asko eta asko gara euskara(z) ikasi eta bizitzeko (benetako) gaitasuna dugunok.

3) Hala ere, edozein aitzakia erabiltzen dugu, egunero, uneoro, gaztelaniaren mundu erakargarri eta txundigarrian murgiltzeko. Eta GU maiestatikoa darabildanean, ez dut esan nahi denok berdin jokatzen dugunik, denok euskarari eta, hortaz, Euskal Herriari traizio egiten diogunik.

4) Badakit, bai, euskaradun huts nahiz euskaldun zintzo askotxo dagoela, zaudetela edo gaudela, baina nabarmenegiak begitantzen zaizkit bestelakoak, erdarara jauzi egiteko ia aitzakiarik ere behar ez dutenak.

5) Izan ere, nik egunero-egunero entzuten ditut euskaldunak euren artean gaztelaniaz berbetan; maiz, niri inoizkotan eta bakarka euskaraz egiten didaten euska(ra)(l)dunak (?).

6) Batzuetan, eta ez gutxitan, pentsatu izan dut hobe litekeela, lehengo garaietan bezala, euskarak (benetako) jazarpena eta debekua jasan beharko balu, horrela behintzat, euskal kontzientzia, akaso, berriro piztuko bailitzateke eta horrek, nonbait, koherentziaz jokatzera animatuko gintuzke.

7) Tira, barkaidazue, euskaldun txiolari zintzook, baina arrats txarra pairatzen ari naiz zentzu horretan, enegarrenez, semeen entrenamendu orduan nahiz osteko ohiko garagardo dastaketan: zenbat eta zenbat 'euskaldun' erdaraz egiten!

8) Eta ni, zer ondo txokotxo honetan, bazter, bakarrik. Umeak hartu eta etxera noa, zazpiak jotzeko dira eta.

2019(e)ko martxoaren 5(a), asteartea

EUSKAL AKULTURAZIOA

Betitik pentsatu izan dut “akulturizazioa” terminoa bazela, eta gaztelaniaz “aculturización” zela, baina oker ibili naiz, antza. Euskal Wikipediara jota, izan ere, erraz topatu dut “akulturazio” kontzeptua; gaztelaniazko “aculturación” delakoa. Eta, labur esanda, zera esan nahi du akulturazioak: “Gizaki bat edo giza talde bat, berezko kultura (gutxitua edo menderatua) galduta, beste kultura (nagusiago edo menderatzaile) batez jabetzea da akulturazioa; hots, kultura menderatua edo gutxitua dutenak kultura menderatzailera edo nagusira egokitzea, horren eragile behinenetako bat kolonizazioa izanik.”

Bada, Wikipediako definizio biak irakurrita, bistakoa da biotako zein den lehenagokoa, zein datorren zeinetatik, zein den sortua eta zein itzulia. Hots, zein den hizkuntza menderatzailea eta zein menderatua; akulturatzailea eta akulturatua, bestela esanda.

Bada, esango nuke euskal akulturazioa abian dela aspalditik, eta berori agerikoa dela gizartearen arlo gehientsuenetan (guztietan ez esatearren). Euskaradunok, esaterako, euskaldun izanda edo gabe, egunerokoan pairatzen dugun kontua da akulturazioa, eta, hein handi batean, aktiboki esku hartzen aritzen gara akulturatze prozesuan, egunean-egunean, eskuzabaltasunez esku hartuta, gainera. Bestela, eman dezagun begiratua gure ingurura egun arrunt batean, eta kontura gaitezen erdarak eta erdal kulturak azpiratuta, xurgatuta, janda bizi garela eguneko ordu askotan zehar, egunero.

Nabarmena da, kasu, zer hedabide hautatzen dugun informatzeko, entretenitzeko edo komunikatzeko. Nonbait irakurria dudanez, telebista-katerik ikusienak ei dira, Hego Euskal Herrian, Espainiako Telecinco edota LaSexta, eta beste horrenbeste gertatuko da, nik uste, Iparraldean Frantziako kateekin; era berean, diotenez, Radio Euskadi entzuten dugu gehien irratietan, edo Onda Vasca; El Correo-Diario Vasco, Deia edota Gara irakurtzen dugu batez ere egunkarien artetik; Interneteko nabigatzailea bera erdaraz daukagu gehienok, eta, zer esanik ez, erdarazko webguneetan sartzen gara gehienetan; Whatsapp erabiltzen dugu gehienbat, nahiz eta euskaraz konfiguratzeko aukerarik eman ez, Telegramek (ez) bezala. Eta abar.

Zirkunstantzia horrek, ohitura horiek guztiek, zalantzarik gabe, eragin ukaezina dute akulturazioa gauzatzean, uneoroko arrastoa uzten baitigute hizkuntz portaeran ere, dela lanean, lagunartean edota familiaren baitan ere bai. Gero eta erdara gehiago entzuten da euskaldu(nen) aho(e)tatik eta, euskaraz aritzean ere, gero eta erdal lexiko gehiago ekartzen dugu euskarara. Kultur erreferentziatzat jotzen ditugu erdal kulturarenak, estatu frantses eta espainiarreko lekuak, ohiturak, aktoreak, ardoak eta abar bertokotzat emanez, geureak bailiran.

Eta euskal akulturazioa gauzatzen ari den honetan, geure buruari galdetu beharko genioke zertan ari garen, zer egiten dugun: aurre egin eta, nolabait esatearren, geure burua defendatu, ala kezka handirik gabe erdal kultura eta hizkuntzetara egokitzen ari gara, eroso, gustura eta geure eginez? Euskaldun bakoitzak erantzun diezaiola galdera horri, nahi duen hizkuntzan erantzun ere.

Kontua da oraintsu irakurri ditudala Harkaitz Canoren honako hitzok: “Iruditzen zait kolonizaturik bizi garela, kulturalki kolonizaturik, eta gainera gustura gaudela kulturalki kolonizaturik, baina ez gaude prest onartzeko gustura gaudela kulturalki kolonizaturik.” Eta, atoan, zera pentsatu dut, erabat ados nagoela Harkaitzekin: euska(ra)(l)dunok akulturatuta gaude, erdaraz bizi gara, gustura asko, eta geuk zokoratzen dugu euskara, baina ez gaude prest onartzeko oso gustura bizi garela erdaraz, akulturatuta. Horixe da nire erantzuna.

2018(e)ko uztailaren 5(a), osteguna

ZERGATIK EZ DUGU EUSKARAZ EGITEN?

Aspaldi honetan, nahikoa zabaldu da ondoko tesi orokor hau: gero eta euskal herritar gehiagok daki euskaraz, baina, halaber, gero eta gutxiago erabiltzen da euskara. Hau da, ezagutzak eta erabilerak ez dute biek ere gora egiten, edo ez, behintzat, hein berean. Eta, horren harira, halako kezka bat piztu da sare sozialetan, oro har, eta euskalgintzaren eremu zehatzetan, batik bat. Euskaraldia dugu kezka orokor horren aurreko erantzunik behinena, nolabait esatearren.

Bada, “zergatik” horri erantzun nahian jesarri naiz teklatuaren aurrean oporren atariko egun eguzkitsu-euritsu-trumoitsu honetan, eta, balizko erantzunak ematean, euskaldun guztiak inplikatu nahi nituzke; horretarako, GU pluraleko pertsona erabiliko dut, nork bere burua errazago identifika dezan hurbilen sumatzen d(it)uen erantzun zehatz bat(zu)ekin. Hau da, zergatik ez dugu euskaldunok (guk, baita zuk eta biok ere) euskaraz egiten? Tira, hiruzpalau (galdera-)erantzun bururatzen zaizkit, atoan.

Arrazoiak asko eta askotarikoak izan daitezke, noski. Gutako bakoitzari egingo baliote galdera hori, ziur naiz erantzule adina erantzun emango genituzkeela, baina, orobat, erantzun komun batzuk ere bai; hau da, erantzun erraz eta erabiliegi horiek ere badira, gutako edonork sakoneko erantzun hausnartu bat ematea ekiditeko darabiltzanak, beti “balio” izaten duten erantzunak: inguruan inork ez dakielako edo erabiltzen ez duelako, kuadrillako baten batek jakin ez eta harenganako errespetuagatik, inon artatzean lehenengo hitza beti erdaraz zuzentzen didatelako… Betiere, besteren errua izan ohi da guk euskaraz ezin egitea, ezta? Edo, ia beti, halako erantzunen bat pentsatu izan dugu geure buruari galdera hori egindakoan: zergatik ez dut euskaraz egiten?

Euskara gutxi dakigulako?

Euskara(z) gutxi edo eskas jakitea izango da, ziurrenik, euskaldun askoren arrazoi nagusia euskaraz ez egiteko. Gu euskaraz sortuak izan nahiz euskara ikasiak izan, ezin ahantzi euskara hizkuntza gutxitua dela eta, hortaz, normalizatu gabea oraindik ere. Horrek berekin dakar, gizarte aldakor honen edozein funtzio betetzean, euskaldunok (zaharrek zein berriok) halako gabeziak edukitzea funtziook euskaraz gauzatu nahi izatean, eta, erdaraz ere badakigunez, erraz asko pasatzen gara erdarara ziurgabetasun kutsu bat sumatu orduko. Erdara, jakina, hizkuntza normalizatua dugu gizarteko funtzio guzti-guztietan; beraz, euskarak sortzen digun ziurgabetasun hori ziurtasun bihurtzeko, erremintarik erabilerrazen eta ohikoena izaten zaigu erdara. Gustatu edo ez, onartu beharra dugu euskaldun gehientsuenok (denok ez esatearren) analfabeto funtzionalak garela. Erdaraz ere halakoxeak gara, ziurrenik, baina erdarak duen normalizazio-mailak normaltasunez eta ziurtasunez jardutera garamatza hizkuntza horretan; gaztelaniaz Hegoaldean, eta frantsesez Iparraldean.

Nik neuk, egia esanda, ez dut inor ezagutzen, ez eta euskaltzale militanterik militanteena ere, larritasun egoera batean erdara salbazio gisa baliatzen ez duenik. Ohar gaitezen, esaterako, gure kutxa edo banketxeko leihatilan egon eta operazio garrantzitsuren bat egin behar dugunean, zeinen erraz jotzen dugun erdarara, ez erratzekotan; zenbakiak eta sosak ditugunean eskuartean, akabo militantzia. Edo “hil ala biziko” dokumenturen bat irakurri edo erredaktatu nahi/behar dugunean, berdin gertatzen zaigu; gutako zenbatek dauzkagu, adibidez, gure jabetzen (etxe, lursail, ibilgailu eta abarren) eskriturak, salerosketa-agiriak edo dena delako dokumentazioa euskaraz? Ez naiz ausartzen balizko portzentaje bat ere esatera.

Aukerarik ez dugulako?

Beste arrazoietako bat, maiz entzun ohi duguna, zera da: euskaldunak egin egin nahi du euskaraz, baina, askotan, ez du eskura egin nahi duen hori euskaraz egiteko aukerarik. Aukera, esku(r)a eta euskara; bai, eskuara(z) erranen lukete Pirinioetatik gorako euskaldunek. Eta gure esku dagoela ihardetsiko lukete Auñamendietatik beherako euskaltzaleenek; alegia, benetan egin nahi duenak egin egin dezakeela. Baina, tira, badakigu txuri guztiak ez direla irin.

Egia da borondatea dela baldintzarik lehenen eta ezinbestekoena, ezina ekinez egiten dela, baina badakigu, jakin, euskaldunok ohiko kontsumo asko ezin ditugula euskaraz egin. Joan gaitezen edozein egunetan zinema-areto batera eta azter dezagun zer-nolako eskaintza dugun euskaraz, esaterako. Egia esanda, edozein kontsumo mota egiteko orduan, gero eta eskaintza zabalagoa dago euskaraz, baina gabeziak ere handi-handiak dira, tokiaren eta unearen arabera, gehienbat. Maiz, zorigaitzez, eskaintzen zaigun unean eta tokian ez dugu ahal beste kontsumitzen, eta, eskaintzarik ez dugun lekuan eta momentuan, ordea, kontsumitu nahi izaten dugu; nahia eta ahala beti elkarren eskutik ez doazelako seinale, ezta?

Hipokrita hutsak garelako?

Euskaldunak ez omen du bere hitza jaten. Gaztelaniaz, behintzat, maiz entzuna dugu “palabra de vasco” delako hori. Esan eta izan, alegia. Baina irudipena dut gizarte gero eta mestizo eta globalago honetan “euskal(dun) hitzik” askorik ez dagoela jada. Erran nahi baitut, agian hutsak ez, baina hipokrita samarrak bagarela euskaldun asko eta asko, sudurpean dugula indarra eta esaten dugun hori, usu, ez dugula gauzatzen. Euskara maite dugula diogu, baina, aukera izan arren, ez dugu euskaraz egiten; euskara gure hizkuntza dela diogu, baina besterena erabiltzen dugu maizago “gurea” baino; “euskaraz bizi nahi dut” aldarrikatzen dugu, paparreko itsaskinak edota elastikoak jantzita, baina aukerarik txikienean erdaraz bizi dugu bizitza; ahoa bizi eta belarriak prest agertzen ditugu euskaraz datorren udagoieneko 11 egunerako, baina urtearen gainerakoa erdaraz egiten dugu, hein handi batean behintzat; nahiak adierazten ditugu euskaraz, baina erdaraz gozatzen ditugu bizipenak.

Euskaldunak nahasian bizi gara erdaldunekin batera, erdaldunen artean, euskaratik eta euskaraz baina erdaratik eta erdaraz ere bai. Bakoitzak jakingo du zer neurritan batean ala bestean gehiago, baina horretarako zergatiak, gehienetan, pertsonalak izaten dira, norberaren tokian tokiko eta unean uneko erabakiak. Eta, gehienetan barik gehiegitan, irudipena dut sozialak balira bezala zuritzen edo justifikatzen ditugula norberaren hautu pertsonal horiek. 

Laburbilduz, zera esan nahi dut: batzuetan, euskaldunok aukera handirik gabeko analfabeto hipokrita samarrak garela pentsatzen dut. Baina lasai, irakurle, batzuetan baino ez dut hala pentsatzen; gehienetan, nire euskalduntasun falta bestek egiten didan jazarpen linguistiko kulturalaren ondorio dela pentsatzen dut neuk ere, zuk bezala.