2024(e)ko abuztuaren 11(a), igandea

TRISTEA, OSO.

Ez omen dira garairik onenak Euskararen Herriarentzat; Euskal Herriarentzat, alegia. Euskaldun baten begietatik ikusita (ez euskotar huts batenetatik), edonora begiratua emanda igartzen da euskararen gainbehera. Izan ere, balidurike lehenagoko debekua eta bazterkeria lagungarri zirela euskara gehiago(tan) erabiltzeko (euskaldunon paradoxa). Baina ez, iragan sasoi oro ezin da oraina baina hobea izan, ez dut halako topikorik onetsi nahi, eta horrexegatik nahi dut atzematen dudan egoera hitzotan agertu.

Eta ez naiz epai judizialez eta kanpotiko bestelako eragileez ari. Beroriek ere, jakina, badute zerikusirik euskararen gainbeheran, eta ez makala, baina beste horrenbestekoa ere bada barrutiko eragina, euskaldunok geure hizkuntzarekin dugun jarrera axolagabea edo.

Teorian, inoiz baino “euskaldun” gehiago gara munduan; inoiz baino euskararen aldeko lege eta babes gehiago dugu gaur egun; inoiz baino ordezkari euskaltzale gehiago ditugu erakunde publikoetan; inoiz baino esparru gehiagotan erabil daiteke (erabiltzen ote da?) euskara eguneroko jardunean, eremu berriak euskaldunduz edo. Baina, hala ere, lehendik oso euskaldunak ziren haiek erdaldunduz doaz; kuadrilla euskaldun oso bat berehala moldatzen da kuadrillakide berri baten erdarara; kafea betitik hartzen dugun taberna horretako zerbitzari berriak erdaraz artatzen gaitu eta “gracias” esaten digu kobratzean; eta, tristeena, naturaltasun osoz onartzen dugu eraldaketa hori guztia euskaldunok.

Orain hamarkada batzuk euskara baino entzuten ez zen hainbat herri(xka), auzo, txoko, taberna eta abarretan gero eta erdara gehiago entzuten da, baita euskaldun jendearen ahotik ere. Orain urte batzuk erreferente euskalduntzat genituen batzuk erdaraz entzuten ere hasi gara. Orain urte gutxi oso garbi genituen kontzeptu batzuk (euskaldun eta euskalduntasun, kasu), zalantzatan jartzen dira egun, baita mandatariren baten ahotik ere, zeinek uste baitu Eusko Jaurlaritza berrian denak direla euskaldun, batzuk euskal hiztunak izan ez arren. Eta horrelako hainbat eta hainbat kontutxo gehiago bizi ditugu urtetsuak garenok.

Nolabait, badirudi (euskal) mundu alderantzizko batean gaudela baina eroso eta pozik ere bizi garela errealitate berri honetan: Euskal Herri gero eta folklorikoago honetan. Akulturazioa, asimilazioa, hizkuntz ordezkapena, ukazioa… eta horren guztiaren onarpena, geurea. Euskotarrak denok, euskaldunak gero eta gutxiago.

Tira, aski da!”, ahohandi hutsa edo oso-oso ezkorra naizela esango didazue batek baino gehiagok, baina, hori pentsatzean, emaiozue begiratua zuen inguru “euskaldun” horri eta esadazue zer ikusten duzuen. Agian, ez naiz hain ahozabala. Besterik gabe, horrelakoxea begitantzen zait errealitatea, eta tristea zait, oso.